Kulturi eta kirolak
Habana txikixe, Astillerun
ONDARROAKO KAFE ANTZOKIxan itxieri dala ta
Idatzi hau bixalduzku KAFE ANZOKIko arduradunek, bere itxieri dala ta:
Ohar honen bidez jakinarazi nahi dugu Ondarroako Kafe Antzokiaren inguruko Zenbat Gara elkartearen erabakia, erabaki latza bezain ezinbestekoa zaiguna: Ondarroako Kafe Antzokia bertan behera uztea. Ez da inoiz izan gure asmoa Kafe Antzokia ixtea, baina orain arteko eran guk bakarka ezin dugu jarraitu. Utzi beharrean gaude, baina ez genuke nahi Kafe Antzokiak ateak betirako ixtea. Gure desioa bertoko talde eragile batek hartzea da, kultura ikuspegi euskaltzale eta zabal batekin. Ez dago gure esku, baina ez du zertan amaiera izan.
Aurten 11 urte bete dira Ondarroan Kafe Antzokia zabaldu zuela Zenbat Gara elkarteak, Bilbokoan oinarrituta eta Ilusio handiz, jakinik Ondarroako errealitatea bestelakoa zela, ikuspegi soziolinguistikotik, politikotik eta beste hainbat kontutan.
Zenbat Gararen ekimen guztiak, hizkuntzaren inguruko irizpideak argi edukita, euskara sustatzeko ekimenak dira, helduen artean ez ezik, gazte eta haurrentzat ere euskaraz jarduteko aukerak sortuz, erabileran eta motibazioan eraginez. Hizkuntza bera helburu, bitarteko eta lehentasun izanik, 1995ean Bilbon, Euskal Herriko hiri handienean, eta ordurarte, zoritxarrez, euskarazko gune erreferente askorik ez zegoenean, Zenbat Gara taldekook -tartean hainbat ondarrutar- erabaki genuen euskarak, herrietan, txokoetan eta elkarteetan egoteaz gain, hiriaren erdigunean eta dagokion kategoria eta eskaintzarekin egon behar zuela. Beti ere, euskaratik abiatu eta mundu osoari irekia. Ideia honekin, eta izugarrizko ahalegina eginda, hiriaren tokirik preziatuenean Bilboko Kafe Antzokia irekitzea lortu genuen.
Ondarroako egitasmoan, irizpideak berak izanik, hasieratik beste helburu batzuek hartu zuten lehentasuna. Herri euskalduna izanik, jarduera guztiak naturaltasunez euskaraz eginez, herrian txertatutako plaza ireki eta parte-hartzailea izatea zen helburu nagusia, eskualdeko elkargune zabala bilakatzea.
Urte hauek ez dira alferrikakoak izan: bertan antolatutako ehunka kultura ekitaldiek arrastoa utzi dute herrian eta sekulako azpiegitura dauka egun Ondarroak Zenbat Gararen ahalegin handiari esker. Bertan izan ditugu antzerki emanaldiak, kontzertuak, aurkezpenak, hitzaldiak, proiekzioak, haurrentzako saioak, kantagintza eta dantza saioak, zinea, bertsolaritza, elkartasun jaiak… Egunez eta gauez bere ekarpena egin du Kafe Antzokiak Lea-Artibaiko giroari bultzada emateko.
Apaltasun osoz aitortu behar dugu, hala ere, ez dugula guztiz asmatu, ahaleginak ahalegin, geuk bakarka tamaina honetako proiektu kultural sendo bat aurrera ateratzen eta ez dugula lortu bertako instituzioen behar besteko laguntzarik. Bihotzarekin eta inplikazio pertsonal zintzoetatik abiatutako proiektua izanik, kostatu zaigu barneratzea ezin genuela horrela jarraitu, ez baitugu lortu herrian eta inguruan ahaleginaren neurriko eragina, proiektua herrian gehiago txertatzea eta urte hauetan Ondarroan izan diren udal gobernuekin harreman egokia erdiestea.
Bitartean, azken urteotan garatu den krisialdi ekonomikoak ere bere eragina izan du: diru gutxiagorekin, lan gehiago egin arren, kontuak ez du ematen, ezin diogu proiektuari eutsi. Beraz, norbaiti pasatzea edo zuzenean ixtea beste biderik ez zaigu geratu.
Ondarrutar askok adierazi digute ez dutela irudikatzen Ondarroa Kafe Antzokirik gabe, ostiral eta larunbatetako kontzerturik gabe, umeentzako espaziorik gabe, bertako sortzaileen (kantari, dantzari…) ezkenaratzerik gabe… Eta guri ere kosta egiten zaigu Ondarroa Kafe Antzokirik gabe ulertzea.
Orain lekukoa nork hartu falta da. Nahi genuke norbaitek oinordekotza estimagarri honi merezi duen atarramendu sozial eta kulturala ateratzea. Gu prest gaude gure bideari, hau da, euskararen eta euskal kulturaren garapenerako proiektu bati jarraipena eman nahi dion edonori gure laguntza eskaintzeko.
Zenbat Garan segituko dugu proiektugintzan , batzuetan asmatuko dugu, gehienetan espero dugu eta beste batzuetan, zoritxarrez, ez. Gurea euskararen sustapenerako eta euskara jendeon biziraupenerako arnasguneak sortu, bultzatu eta bizitzea da eta horretan jarraituko dugu.
Gogoratu: bixar, baixaku, iluntze kubatarra gaztetxin
Uztailak 12 (baixaku), iluntze kubatarra gaztetxin
Asteburun mendire, AURRERA MENDI taldiaz
PORTUKO RANPAN kontzertu ZAPATO AZULIN
JUAN BIDEGAINen agurre, KRESALETAN azkan dokumentalaz
Juan Bidegainek beran azkan dokumentala “Kresaletan” eskeiniko dozku Kofradi Zaharrin baixakun ekainak 28xan bi emanaldittan, 20:30in ta 21:ooxetan. Hemeretzi minuton, azkan hamabi urtitan einddako sormen lanak batu nahi izan dotxu zinemagille ondarrutarrak.
eta girotzeko, hamen dakazue bertan botako dabenan trailer moduko zatitxo bat:
Ekainak 26 (eguaztena), Dina Bilbaori buruzko hitzaldia
Gitxi falta da Dinamartxi Ondarrure sartzen ikusteko. Eta giru berotzen juteko, eguaztenin Dina Bilbaon bixitxiai buruzko hitzaldi bat entzuteko aukeri eukiko dou Kofrai Zaharrin, 19:30in. Hizlarixe Nagore Salaberria ixango da, Udal Kirol Batzordin bekiai esker, Dinan bixitxi ikertu daben tolosarra.
Gora Dina eta gora Dinamartxi!!!
Informazinoi gexa, hamentxe: http://www.ondarroa.eu/eu-ES/Gertakariak/Orrialdeak/DinaBilbaoriburuzkohitzaldi-aurkezpena.aspx
QUEBRANTAHUESOS 2013
ONDARRUN danok dakixue bizikleta zaletasun handixe dala, ta ingurun proba asko dazela kirol honei lotute, hauetako bat da Quebrantahuesos deitzen dan hori. Proba honek Pirineuak zeharkatzen dottu, 200 Km inguru einaz. Sabiñanigo herrixan hasi eta amatxu eitten da, Jaca, Candanchu, Marie Blanc, Portalet, Formigal, Hoz de jaca…diz pasaten daben tokixak. Ba gu bertan egon ga, eta gure latxeik Ondarrutar asko:
Ta astirik ez euki arren, arin juten dizelako, lortu dou herrittar batzuk bizikleta gañin duzela argazkixe atati



















