Kulturi eta kirolak
2011ko KORRIKA ONDARROATIK zehar
KORRIKA 17 dela eta azalpen batzuk eskeini dizkigute antolatzaileek, hauek dira euretariko batzuk: ONDARROATIK, apirilaren 16tik 17ra bitarteko gauerdian pasatuko da, 12:30ak aldera. LEKEITIO aldetik etorriko da baina ez kostaldetik, BERRITXUKO aldetik baizik. Badakixue beraz ibilbidi, eta ez dakazue atxikirik ez juteko (ordu eta egune ezinhobik).
azken hegaldia, IBILALDI kulturalaren barnean zapatuan ONDARROAn
“Sagarren denbora’, barikuan ONDARROAko gaztetxean
ONDARRUN, KORRIKA denda zabalik
Dagoeneko zabaldu dute KORRIKAren materiala salgai dagoen denda.
Dendi (bulegu), Udal erakusketa aretoan zabalik egongo da Martxun 15etik Apirilan 16re.
Astelehenetik baixakure: 18:00-20:00
Zapatutan goiz eta arratsaldez.
Domekan: goixez.
Dendan jasoko dituzue KORRIKAren berrriak, noiz pasatuko den ONDARROATIK eta ze ibilbide izango duen, adibidez. Prestaketak egiteko ordua heldu da, atera zapatillak eta luzaketak egiten hasi zaitezte zezenak harrapatu aurretik badator eta 17. KORRIKA .
Hauek ez dira aldatzen
entzun BOGA larunbatero RADIXUN IRRATIAN
Mikel Etxaburu, kartzelaz, maitasunaz eta utopiaz
Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) bere lehen liburua kaleratu du: “Zu zara orain txoria”, 2008-2010 bitartean oso egoera berezian ondutako poema-sorta, hiru gai nagusiren inguruan ardaztua: kartzela, maitasuna eta utopia.
Nolakoa izan zen sortze prozesua? Liburu bat izango zela ikusten zenuen?
Abstrakzio ariketa izugarria egin behar da horrelako ez-lekuetan sormenari ateak zabaldu nahi badizkiozu. Eta horretarako, zuk kontzienteki aukeratutako norabideetara behartu behar duzu burua. Nire kasuan, poesia idaztera. Urte asko daramat poesia idatzi eta koaderno galduetan biltzen. Gustura sentitzen naiz holako moldean, eta nahi nuen poema bidez adierazi han barruan sentitutakoa. Halaxe egin nuen. Eta ez, nire helburua, ez zen izan liburu bat argitaratzea. Gauzak joan diren moduan joan dira, ordea, eta asko poztu ninduen argitalpen eskaintzak.
Liburuaren lehen partea oso loturik dago espetxeko geografiari eta bizikizunei; izenburua ere aproposa du: “Ez-lekuak”.
Hori da kartzela niretzat, ez den lekua, han dagoen inork, ezta funtzionarioek beraiek ere, egon nahi ez lukeen gune itogarria. 29 pauso luze patioak eta 31 zabal, Harkaitz Canok hitzaurrean dioen moduan, “zerua posta zigilu baten neurrira urriturik ikustea, dena urrun eta dena zurrun den paraje hondamendizkoa”. Poema liburuaren abiapuntua, halabeharrez, kartzelak behar zuen izan. Bai, seguruenik, errazagoa da kartzelan poeta izatea.
Gero, berriz, “Leku pribatuak” bigarren atalean, maitasunari egiten diozu leku, modu esplizituki erromantikoan gainera. Kontrastea bilatzen zenuen ala nondik nora izan da horrela?
Ez, ez dut kontrasterik edo antzekorik bilatu nahi izan. Liburuaren atalak eta hauen garapena askoz ere modu naturalagoan egin ditut. Poesia, niretzako, zintzotasunetik abiatzen da, “egia” esan beharra dago poemetan –bai, behintzat, nire kasuan–, eta egiek zerikusi oso zuzena daukate sentimenduekin. Nik maitasunaz aritu nahi nuen, ez-lekuan egonda faltan botatzen nituen horien guztienganako sentimenduez, maitasunaz, alegia. Baliteke, atal honetan idatzitako poemetako bat edo bestek irakurlea deseroso-edo sentiaraztea. Ez gaude oso ohituta gure sentimenduak datozen moduan adieraztera, “maite zaitut” bat entzuteak lotsarazi egiten gaitu askotan. Gauzarik ederrenak ere lotsaren iragazgailutik pasatzen dituena ez dabilela ondo iruditzen zait. Nire ustez, bigarren atal honek ere han barruan dituzun sentimenduen sekuentzia logikoari kasu egiten dio: bakardadea, hutsunea… maitasunak baretu egiten ditu.
Azken partea, “Leku posibleak” heterogeneoagoa da; besteetan kabitzen ez ziren gaiak sartu dituzu hor, ala badu hari bat?
Bai, heterogeneoagoa da, baina ez daude hor beste bi ataletan kabitzen ez diren gaiak. Haria utopia da, herri berri baten aldeko utopia, eta utopia horren aldeko konpromisoa, hori da haria. Badira pertsona batzuk amets egin eta ondoren zer amets egin duten gogoratzen ez direnak; badira, ordea, beste batzuk ametsak kontuan hartu eta hauekin konpromisoak hartzen dituztenak. Hauetako asko ezagutzen ditut. Eta arrisku handia daukate horrela aritzen direnek, subertsiboak baitira beti ametsak, eta subertsioarekin konprometitzea deserosoa da dena dagoen moduan utzi nahi duenarentzat. Nire ametsak eta hauekiko nire konpromisoa daude hirugarren atalean, herri berria da utopia, eskura daukaguna.
Musikaltasuna eta beste
Zure poemen ezaugarri bat da oso errezitatzeko edo kantatzeko modukoak direla; baduzu asmorik aurrez aurreko emanaldietarako?
Nire ustez, poema baten ibilbide naturala da kanturako baliatzea. Gauza handia da zuk idatzi duzuna beste norbaiti gustatu eta honek musika jartzea poemari. Borobildu egiten du poema, osotasun bat ematen dio, eta, batez ere, poesiak daukan komunikatzeko gaitasuna biderkatzen du. Musikaren bidez poemak kristoren indarra hartzen du, milaka belarritara iristen da, ehunka sentimendu eta zirrara sortzen ditu, bakoitzari iradokitzen dizkionak. Saiatu naiz idatzi ditudan poemetan hurrengo urrats hori emateko baldintzak ezartzen. Eta bai. Gustuko dut errezitatzea, poesia entzutea. Aurrean esan dudan moduan, poema liburu honen helburuetako bat komunikatzeko beharrari erantzutea izanik, aurrez aurreko emanaldiak oso leku aproposak direla uste dut horretarako. Bai, saiatuko naiz aurrez aurreko zenbait emanaldi egiten; hortik aurrera, ikusiko dugu.
Aurrekoaren ildotik, nabarmenak dira zenbait teknika: paralelismoa, biribiltasuna (hasierak eta itxierak zirkulua osatzea), ahapaldien arteko jokoak… Bilatutako prozedurak dira? Intuizioz topatu dituzun baliabideak…?
Hasiera batean guztiz intuitiboak izan dira idatzi ditudan poema guztiak. Egia da baita ere, behin intuizioari bide egin ondoren, erritmoa eta soinua izan ditudala kontuan. Garrantzi handia eman nahi izan diot ozen irakurtzean poemaren soinuari, letraren kadentziari. Hitzen bidez erraz identifikatzeko moduko irudiak sortzen saiatu naiz paralelismoen eta ahapaldien antolaketen bidez. Nire senak, intuizioak, molde horretan idaztera bultzatzen nau.
Mikel Etxaburu idazlea deskubritu dugu hemen. Idazleen munduan segitzeko asmotan, ala sartu-irten bat izan da hau?
Ezin da jakin. Nik, momentu honetan, “Zu zara orain txoria” daukat esku artean. Hori da dagoena. Honi bide egiten eta bere bidez dibertitzen saiatuko naiz. Bien bitartean idazten jarraitzen dut, ezer argitaratzen ez nuenean bezala, gogoak ematen didalako. Ez dut, ordea, idazleen munduan kokatzen neure burua, nik beste hainbeste mundu ere maite ditut. Idaztea oinarrizko zerbait da niretzat, ez dago beste ezeri lotuta. Eta egunen batean, orain moduan, idatzitakoak eta nire gogoak bat egiten badute, oso posible da hurrengo batean ere nire berri izatea, hala nahi duenak idazten dudana irakurtzen jarrai dezan.
RADIXU IRRATIAk antolaturiko kontzertua martxoak 12rako 20.urteurreneko ospakizunetan
ONDARROAko herriak memoria historikoa berreskuratzen

ONDARROAKO HISTORIAZALEAK bere lanarekin jarraituz, herriko gertakariak azaleratzen dihardu,eta horren ondorioz, KOLDO ARRIOLA herritarrari gertaturikoa liburu baten bidez ezagutaraziko digute. Lan honekin, liburu bildumari (TRETZAK BATZEN) hasiera emango diote, eta hauen bidez, gaur egungo herritarrek bere arbasoen berri edukiko dute. Dagoeneko beste libururen bat ere bidean daukate.
Beraz badakixue. domekan KOLDO ARRIOLAri buruzko liburun aurkezpena ixango da KOFRADI ZAHARRIN 13:00etan. Animatu eta agertu.
“1975eko maiatzaren 23a, barikua, Institutuko batxilergoko ikasleek ikasturte amaierako afaria daukate. Goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera, 34 dantzalekura doaz gazteak. Guardia Zibiletako aurreko losatik pasatu dira. Guardia zibil batek Koldo Arriola Arriola 19 urteko ondarrutarra kuartel barrura deitu du… Tiro bat entzun da…
Koldo Arriola (1959-1975). Ondo lotutako hilketa baten istorio beltza bezain sakona” liburua kalean dago. Imanol Oruemazaga Basetak Ondarroako historia garaikideko atal ilunenetariko bat aztertzen du liburu honetan, sasoi hartako dokumentu ofizialak eta aldizkariak aztertuta, baina batez ere gertakarien protagonista izan zirenei berba emanda. Dudarik gabe, Ondarroako herriaren memoria osatzeko ezinbesteko lana da Oruemazagare-na. Izan dadila, ba, liburu hau, heriotza hark zigortu zituen pertsonei eta, batez ere, Koldo Arriolari berari justizia egiteko modu bat.
Zelestina eta Luis, Koldo Arriola Arriolaren gurasoei eskaini die Oruemazagak liburua, baita bere esker ona adierazi ere euren laguntza eta testigantza emandako guztiei”.

![IMG_8459[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/03/img_84591.jpg?w=636)
![korrika+17[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/03/korrika1711.png?w=636)
![kartdef[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/03/kartdef1.jpg?w=636)
![sagarren_kartela1[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/03/sagarren_kartela11.jpg?w=636)

![IMG_0002[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/03/img_00021.jpg?w=636)
![la_foto[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/03/la_foto1.jpg?w=636)
![radixu[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/03/radixu1.jpg?w=636)

![j.irazoki+bizardunak[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/03/j-irazokibizardunak1.jpg?w=636&h=917)