Abenduak 24 (domeki) OLENTZEROn kalejiri

ZUBI-ZAHAR herri ikastolatik jaso dou gutun hau;

Honez gero jakingo zenuten bezala, aurten Zubi Zahar Herri Ikastola ospakizun giroan murgilduta dago, izan ere, 50. urteurrena bete baitu.

Hori aprobetxatuz, memoria apurtxo bat egiteko tartea hartu dugu, eta Olentzero eta Mari Domingi-ren kalejiraren sorrera historia nolakoa izan zen kontatzera gatoz.

1996arte, Olentzeroren Kalejira Amnistiaren aldeko mugimenduak antolatzen zuen, gaur egun egiten duen bezalaxe iluntzeko orduetan. Ekimen hartan garaiko mezu politiko eta sozialak aldarrikatzen ziren orduan ere, Olentzeroren bisita aprobetxatuz.

Orduko Olentzero hura ilunetan joaten zen, barrote artean, eta azkenean erre egiten zen. Horrek ume batzuei beldurra ematen zien, eta beste batzuei ezinegona sortzen zien. Izan ere, ikastolara etortzen zen Olentzero alai eta hurbil hark ez zuen bat egiten kalejiran ikusten zuten Olentzeroren irudiarekin.

ikas 1

Hori guztia ikusirik, ikastolako guraso elkarteak, Pili Kobeaga-ren ideiari jarraituz, Olentzeroren kalejira eguerdian egiteko erabakia hartu zuen, ikastolak berak antolatuta. Aurrez ere umeek urtero jasotzen zuten Olentzeroren bisita ikastola barruan, eta uste zuten, ekimen hura ikastolatik atera eta herriko ume guztientzat egin behar zela, jai giro eta alaitasun artean, magia eta ilusioa zabalduz.

Horrelaxe bada, 1996an izan zen ikastolak Olentzeroren kalejira antolatu zuen lehen aldia. Pertsonaia printzipalaren aktore lana egingo zuena lortzea ez zen lan erraza izan, baina, azkenean Aitor Urkiza, Lapueblan bizi den ondarrutarra, izan zen. Asto batekin atera zen orduan, eta trikitilari, pandero-jole, txistulari eta ume eta gurasoen kantuek alaitu zuten kalejira. Kamiñazpin hasi eta Alamedarainoko ibilaldia egin zuten, eta bukaeran Olentzero Txori Errekaruntz bakarrik joan zen umeek Alamedatik agurtzen zuten bitartean.

ikas 2

Orduz geroztik kalejira eraldatzen joan da 21 urtetan zehar: astoaren ordez kamioian joaten hasi zen, Mari Domingi pertsonaia gehitu zitzaion, batzuetan bertsolarien kantuak alaitu zuten ibilaldia, azkenaldian joaldunek… Eta horrelaxe iritsi gara 2017arte.

Aurten ere jai honetaz gozatzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu guztioi, elkarrekin euskal kultura hedatu eta ohitura zaharrak partekatzen jarraitu nahi dugulako.

Animatu!

Zubi Zahar Herri Ikastola

Iruzkin bat utzi

agenda, Herri mugimenduk, Memoria historikoa atalean

Erantzunak itxita daude.