Elene Etxaniz Uribe ondarrutarrak Berrian argitaratu daben iritzi artikulu nahi dou ekarri gaur. Aurrekun esan gendun modun, larrialdi egoera honek gauza askon ingurun hausnartzeko balixo ixango dabelakun…
Fibrosi kistikoa COVID-19 garaian
2020ko apirilak 28
Egoera hau badakit inorentzat ez dela erraza. Oso zaila da haurrak eta ez hain haurrak hilabete eta erdiz, ia bi hilabetez, etxean sartuta egotea. Guretzat ere ez da erraza; fibrosi kistikoa dugun haur eta helduentzat. Gainera, gaixotasun honekin, zoritxarrez, arrisku handiagoa daukagu, gure birikiak ahulago baitaude fibrosi kistikoaren ondorioz. Baina, guk esan dezakegu ez dela guretzat zerbait berria egoera hau. Egoeraren zergatia bai, noski, zeren inor orain arte ez baita egon etxean sartuta COVID-19arengatik. Guretzat berrogeialdian etxean sartuta egotea, toki jendetsu batera joaten garenean maskararekin joatea, gaixotasun berdina daukagun haur eta nagusiekin bi metrora egotea, eskuak hainbat aldiz garbitzea… gure egunerokotasuna da, bizitzaren zati handi bat. Guk eta gure familiek bizi duguna. Horrela bizi gara.
Baina nik, 14 urterekin fibrosi kistikoa duen nerabe baten ikuspuntutik, uste dut ahalik eta hoberen eramatea dela erantzukizuna. Denok lasaiago hartu eta dakitenek esaten digutena egiten badugu, laster aterako gara krisi honetatik. Hala ere, guk, zoritxarrez, zaintza honekin berdin jarraitu beharko dugu bizitza guztian, eta ez pandemia batengatik, fibrosi kistikoarengatik baizik.
Berria egunkaria
Besarkada bat Elene Turrunetik!

Zainddu gatxin geu, zainddu daigun alkar!