Lagun bat ezkina bakotxin…

PORTUGALgo Krabelinan iraultzin urteurrena dala eta, herritxar batek idatzi hau bixaldu dosku egun bixi douen egorin inguruko hausnarketako gonbidapena luzatuz:

Liluratua geratu omen zen Jose Afonsok emandako kontzertuaren ondotik herri hartan aurkitutako herri antolaketa eta komunitate senaz. Kontzientzia politikoaz eta iraultzaileaz. Lilura horretatik sortuko du, hamar urte geroago 1974ko apirilaren 25ean Salazar diktadorearen kontra abiatuko zen Krabelinen Iraultzari hasiera emateko abisu sekretu gisa erabilitako Grândola, Vila Morena kantua eta aldi berean iraultzaren ikurretako bat izango zena.

Grândola herrixka beltzarana, lagun bat izkina bakoitzean, berdintasuna aurpegietan, herria da gehien agintzen duena”.

2020ko apirilak 25ean, Covid19 gaitzak etxeratuak gaituenean, globalizazioaren adibiderik argiena bizitzen ari gara, mundu guztia, une berean. Gauza harrigarriak ikusi ditugu, Italia iparraldea kasu, Europa eta munduko zonalde industrializatu eta garatuenetakoa, txikiagoa, pobreagoa eta baliabiderik ezean elkartasuna jardunez ulertzen duen Cuba bezalako herrialdea eskertzen medikuak bidaltzeagatik. Maila txikiagoan, herriz herri, erakundeei aurrea hartuta askotan, antolatu diren herritar andana; gure herrian ere, auzokoei erosketekin, erizain eta medikuentzat maskarillak egiten, balkoi eta sare sozialetan askotariko keinuekin, kultur sortzaileen sormenaz, Radixu Irratiako uhinez… guzti hau eramangarriago izan dadin laguntzen.

Halakoetan indartu ohi da komunitate sentimendua, herri sena, agertu lagun bat izkina bakoitzean, zalantza barik bizi dugun krisi hau gainditzeko tresnarik eraginkorrena ere badena. Halaber, krisi larriek parada eskaintzen omen dute ordura artekoa auzitan jarri eta agertoki berriei, paradigma berriei bide emateko. Guztiona, auzolana, publikoa. Elkar zaindu eta sektore zaurgarrienak zaurgarri izateari utz diezaioten ekarpen kolektiboa. Zaldibarren ikusi dugu zerbait pribatua denean, etekin ekonomikoa lehenetsi eta beste guztia, baita langileen bizitza ere zikoizkeriak estaltzen duela. Politika egiteko eta gobernatzeko ereduak haize berriez astintzeko garaiak dira, hautu demokratizatzailea, herritarrak, komunean duguna, komunitatea indartzekoa… finean Grândolan bezala herria izan dadin gehien agintzen duena.