Lanean BIZIRIK ETA OSASUNTSU! Kontzentraziñoi. Zapatun (ap28) 13:00etan alamedan!

Hauxe kartela eta idatzixe bixaldu doskue LAB etik, zapatun (ap28) 13:00etan eingo dan elkarretaratzin ingurun:

LANEAN BIZIRIK ETA OSASUNTSU

Apirilaren 28an, zapatuan, Lan Osasuneko Nazioarteko eguna izango da. 2017 urtean 56 izan ziren lanean hildako langileak; aurton, urteko lehen lau hileetan 16 dira jadanik lanean bizia utzi duten langileak. Lehenik eta behin eman nahi diegu gure besarkada beroena beraien senide eta lagunei.

Aurton lan istripuek eragindako osasun galera eta heriotak salatzearekin batera, arreta egin nahi dugu laneko gaixotasunetan. Ikusezinak eta ahaztuak izaten jarraitzen dute. Lan istripuek eragindako laneko heriotz bakoitzeko 10 langile hiltzen dira lan gaixotasunagatik, baina, berehalako ondorioak ez dituztenez, behar baino gutxiago deklaratzen dira eta jatorrian dauden arriskuei aurre egiteko beharra alde batera uzten da.

Gaixotasun profesionalak ezkutatzeak zer ikusi handia du bajei loturiko planteamendu ekonomikoekin. Gaixotasuna laneko gaixotasun gisa aitortu ala ez, mutuak ala osasun sistema publikoak, batak ala besteak,hartzen du bere gain. Mutuek kontingentzia profesional gisa ez aitortzeko irizpidearekin dihardute, gaixotasuna artatzea eta hari dagokion prestazio ekonomikoa osasun sistema publikora bideratzeko.

Mutuak dira egoera larri honen erantzuleak, eta patronala, egoeraren onuraduna, gaixotasunen laneko jatorria ukatzea aitzakia bihurtzen baita prebentziorik ez egiteko.

Lanean jarraitu behar dugu lakra sozial honen aurkako borroka egin eta gaurko lan osasuneko ereduaren alternatibak garatzeko. Osasunaren babeserako sistema alternatiboa aldarrikatzen dugu, pertsonen bizitza eta osasuna erdian jarriko dituena.

Apirilaren 28an, Ondarroan Kontzentrazioa egingo dugu 13:00etan Alamedan. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera, “lanean: bizirik eta osasuntsu” lemapean.

Ondarroan, 2018ko apirilaren 23an

LAB

Iruzkin bat utzi

agenda, Lan mundu atalean

Erantzunak itxita daude.