Gaur bertan MIREN AMURIZAk BERRIA egunkarixan idatzi daben iritzi artikulu de behean irakurriko dozuena.
2017ko abenduak 24
Eurixe, eurixe, katuan begixe, dio ume batek Ondarroako Alamedan. Eurixe, eurixe, katuan begixe; Altsasun «egia» esaten da, Ondarroan «egixe». Egia da, bai, Ibon Iparragirre oso ahul dagoena, hari meheie dakar, murmuratzen dute portuko sareginek. Eurixe, eurixe, katuan begixe; Intxaurrondon «erdia» esaten da, Ondarroan «erdixe». Erdia besterik ez baita Alcala Mecotik Arrasaterainoko bidea eta bi, lau, sei, zortzi urtez gaixorik, lekutako amanin eduki dutenarentzat, erdia ez da nahikoa.
Eurixe, eurixe, katuan begixe; Basaurin «ia-ia» esaten da, Ondarroan «ixe-ixe»; Iboni gorputza defentsarik barik geratu zaiola ixe-ixe. Funtzionaxuk gorrixe atatze, gorria atera diote, errepikatzen zuten arrandegiko ilaran, presoari astindu bat ematen zioten bakoitzean. Eurixe, eurixe, katuan begixe; Lasarten «ezer» esaten da, Ondarroan «ixe». Ezetz esaten dute, ez dagoela ezer Ibon etxeratu artean geldiaraziko dituenik. Eurixe, eurixe, katuan begixe; Oreretan «herria» esaten da, Ondarroan «herrixe». Itziarren eta haren semearen herria, Ondarru, bixitxi marabilli rela gogorarazten diguna lantzean-lantzean-lantzean. Zer gutxiago, egun seinalatuotan, bertakoei famauk direla aitortzea baino? Eurixe, eurixe, katuan begixe; Altsasun, Intxaurrondon, Basaurin, Lasarten, Oreretan… eurixe. Famauk zuek, Euskal Herriaren luze zabalean senide eta lagun presoak zaintzen diharduzuen den-denok.
https://www.berria.eus/paperekoa/1777/022/002/2017-12-24/famauk.htm