
Onartezina da presoen eskubideen urraketen aurrean espaniar eta frantziar estatuek duten inpunitatea.
Presoen kontrako eskubide urraketak eta salbuespen politikak eguneroko ogia dira tamalez. Euskal preso politikoek kartzeletan pairatzen dituzten muturreko egoerak, legeak horrela dioelako aske egon behar luketen preso gaixoak espetxea mantentzea eta senideen kontrako neurri bidegabeak mendekuan oinarritzen den politikaren adibide garbiak dira. Presoen eskubideak bapezten dituzte, beraien bizia bera arriskuan jartzeraino.
Eskubide urraketa hauen aurrean ezinbestekoa da indarrak batzea. Ezker abertzalea ez da aldarrikapen honekin bat egiten duen bakarra, euskal jendartearen gehiengoak bere egiten du presoen eskubideen defentsa. Gu gehiengo horrekin batera egongo gara presoen eskubieen defentsan. Guretzako lehentasuna delako preso gaixoak kaleratzea, dispersioarekin behin betikoz amaitzea, presoen kontrako salbuespen neurriak etetea eta preso politiko baten senide edo lagun izatearren jasaten dituzten salbuespeneko baldintzekin amaitzea.
2013ko maiatzean egindako herri harresian herri bat azaldu zen konponbidearen alde eta atxiloketekin bukatzeko garaia dela adierazten. Kolore ezberdinetako herritarrek osatutako herri bat. Eusko Jaurlaritzan agintean dagoen PNV-K madrileko aginduak betetzen ari zirela argudiatu zuen beraien jarrera zuritu nahian. Ertzaintzak egindako akusazio larriak dira zubi harresian parte hartu zuten 5 lagunek izan zuten epaiketaren oinarria. Ertzaintza eta bere arduradun politikoak ez dira Madriletik heldutako agindu “injustu” baina “bete beharrekoak” betetzera mugatu. Epaiketa hori euren ekinbide eta borondate propioaren ondorio da.
Argi adierazi nahi dugu eskubideen alde indarra egiteaz gain, era bateko edo besteko militantzia politikoagatik kartzelan eta ihesean dauden lagun guztiak etxeratu arte borrokan jarraituko dugula. Konponbiderako oztopo bat direlako epaiketarik ez! errezeta zaharrak laga eta gatazkari irtenbide integral bat eman arte guk geure bidea egiten jarraituko dugu eta estatuen harresiak aurrean topatuko ditugula jakin arren, merezi duelako borrokan jarraitu behar dugu.
Mendekua eta gatazkaren behinbetikotzea helburu duten jarrerak alde batera laga eta behingoz urte luzetako sufrimendua eragin digun gatazka politikoari irtenbide bat ematen hasteko garaia da.