«Blokeoa ez egonkortzeko», prozesu demokratikoaren barruan, «urrats are ausartagoak» egiteko prest agertu da Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa. «Gatazkaren ondorioak gainditze aldera», Aieteko Adierazpenean agertzen den gisara, estatuekin adostuta edo aldebakartasunetik, pauso berriak eman nahi ditu kolektiboak. Konponbidean eragile izateko beharra eta gogoa plazaratu zuen atzo, Azkainen egin prentsaurrekoan. Emakume eta gizon, gazte eta zaharrago, hirurogei bat iheslari agertu ziren kazetarien aurrera, mezu hori adierazteko.
«Iheslari politikoen kolektiboak konpromiso irmoa erakutsi nahi du Euskal Herrian hasitako aro berriarekin eta horretan bideratu beharreko gatazkaren konponbidearekin», nabarmendu zuten. Bide horretan, bi erronka daudela adierazi zuten: nazio onarpena eta erabakitzeko eskubidea ekarriko dituen prozesu politikoan barrena egitea, eta gatazkaren ondorio gordinenak behin betiko gainditzea. Bi erronka horien gainditzeko giltza «herri protagonismoa» dela nabarmendu zuten, gehituz iheslariek ere haien ekarpena egin nahi dutela. Eztabaida politikoa «zabal-zabalik» dagoela eta, «itxaropenarekin» agertu ziren: «Etxeko bidea hartua dugu». Helburua lortzeko beharrezko den indar metaketa «gauzatzen» ari dela dio kolektiboak.
Ipar Euskal Herriaren erakundetzearen aldarria «inoiz baino indartsuagoa eta partekatuagoa» izana paratu zuten adibidetzat. Horrez gain, anitzek —ezker abertzalea baino harago— Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren bitartez eraikitako egitura juridiko-politikoak «agorturik» daudela ondorioztatzen dutela ere esan zuten. «Inposizioa eta asimilazioa oinarri duen Espainiako Estatuko proiektu politikoak porrot egin du gurean». Euskal askapen prozesua egoera horretaraino ekarri izana «garaipen politiko oso garrantzitsutzat» jo zuten. Nahiz oraindik «mehatxupean» egon, ezker abertzalearen legez kanporatzearen bukaera lortu izana ere azpimarratu zuten. Halere, hauteskunde horiek normalizazio osoko egoera batean ez zirela egin nabarmendu zuten: «Hala balitz, gu ez ginateke gaur hemen».



![marcha-libertad1[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2012/11/marcha-libertad111.jpg?w=636)




