Asteburu bizi-bizia Ondarroan

Asteburu bizi-bizia eduki dugu Ondarroan. Ekintzaz bete dira gure kale eta auzoak. Hemen duzue egon diren ospakizunen errepaso bat:

Galiziarrek jaiegunak ospatu dituzte, euren kultura herrian zehar erakutsita. Duela gutxi Dia das letras galegas  izan dela aprobetxatu dute horretarako.


Kamiñazpiko auzotarrek ere euren auzoko jaiak ospatu dituzte. Programa zabala eskaini dute kamiñazpikoek, eta, ondorioz, gero eta indar handiagoa dute jai hauek. Gazte eta ez hain gazteek parranda ederrak bota dituzte Kamiñazpiko parkean.

Iperkalekoak ere ez ziren atzean geratu, eta sasoi bateko kaleko giroa berreskuratzea lortu zuten. Aipagarria da kaleko gazteek egin zuten esfortsua egun hau antolatzeko. Zaharrenek eskertu zuten ahalegin hori, eta giroa benetan herrikoia eta atsegina izan zen Iper Kalin.

Emakumeek ere Ondarroako kaleak hartu zituzten zapatuan, euren batukadarekin herriko izkina guztietan musika eta aldarrikapena zabaldu zituzten:

Ondarroak alkate eta udal berria dauzka, abertzale eta ezkertiarrak

Ondarroak udal eta alkate berria dauzka. Ekainaren 11n ospatu zen udal plenoan Argia Ituarte aukeratu zuten alkate gehiengo absolutuz. Beraz, hurrengo lau urteetan udal ezkertiar eta abertzalea edukiko dugu herrian. Euren asmoa udal ireki eta parte parte hartzailea martxan ipintzea da, herritarrentzako erabaki guneak zabalduta. Orain, herritar guztiok lan egiteko ordua da, denon artean geure herria aurrera ateratzeko sasoia!

Gazte 1 + EZ gazte ekimenak asteazkenean egindakoa

Egunaren kronika:

Gaur goizean, gazte mugimenduari eskaini diogu eguna.

Euskal Herriko gazte mugimenduaren argazki erakusketa paratu dugu aulario kanpoan. Urte luzeetan antolatuta egindako lana eta borrrokak agerian utzi eta memoria frexkatzeko prest. Selektibitateko azterketen hasiera aprobetxatuta, jaima jarri eta informazioa banatzen ibili gara gazteen artean.

Bestalde, Nafarroako gazte errepresaliatuen gurasoen bisita eta elkartasuna jaso dugu. Jakina da denbora luzean guraso hauek egindako lanaz eta mobilizazioetaz berri dugula. Haiek esan moduan “beharrezkoa den leku eta txoko guztietara joanen gara, gure seme-alabek egin ezin dutena egitera edota haien ondoan egotera”. Iruñatik ekarritako pankarta atzean jarri gara denok jaiman propaganda banatzen segitu dugun bitartean.

Azkenik, Ezker Abertzaleko ordezkarien bisita izan dugu ere. Tasio Erkizia, Txelui Moreno, Miren Legorburu eta Niko Moreno izan dira haien artean. Azken urteetan gazteriaren kontrako “sarraskia” egin dutela eta horri “stop” handi bat jartzeko beharra azpimarratu du Erkiziak. Estatuek prozesu demokratikoa geldiarazi nahi izatea leporatu eta gazteriaren kontra aritzeak salatu ditu besteak beste; gazteria “prozesu honen motore edo giltza dela argi dakitelako ematen dela azalduz.

Arratsaldean, 19:00tan, Prim kalean dagoen PSOEko egoitzaren aurrean kontzentrazioa burutu dugu ehundik gora bildu garelarik, “Gazte1+ez! Euskal Gazteria aurrera” lelopean. Gure asmoa, elkarrateratzea egitearekin batera, PSOEko egoitzan bertan gutun bat ematea zen, bertan, dinamikaren helburuak eta paiaratzen ari garen jazarpen guztiaren aurrean eurek duten erantzunkizuna salatzea zen, eta egun habian den prozesu demokratikoan beren aldetik pausuak ematea exijitzen genuen, atxiloketa guztiekin amaituz, dagoeneko ditugun prozedura judizialak bertan behera utziz, espetxean jarraitzen duten kideak askatuz, inkomunikazioarekin, eta beraz, torturarekin amaitzea, jasandako torturen ondorioz osatutako zerrenda beltzak baliogabetu, finean, eskubide zibil eta politiko oro errespetatu ditzaten exijitzen genien. Honen aurrean, beraien erantzuna esanguratsua izan da: ez gaituzte egoitzan sartzen utzi! Gainera, elkarrateratzea burutzen ari ginela, gutako hainbat gazte identifikatuak izan gara.

Gazte 1+EZ! plataformak ekitaldi nazionala antolatu du ekainaren 11rako

 

Euskal gazteriak pairatzen duen kriminalizazioa salatuko dute. Horrez gain itxialdi nazionala hasi dute  Donostiako unibertsitateetan eta ekainaren 10era arte iraungo du.

Gazte 1+EZ plataformaren oharra:

2007az geroztik,euskal gazteria kolpatu dituen gazteria aktiboaren kontrako sarekadetan Hego Euskal Herrian, 220 gazte baino gehiago atxilotuak izan gara, gehienak torturatuak eta espetxeratuak izan gara. Hori da batzen gaituena. Horregatik sortu dugu “GAZTE 1+ EZ!” plataforma. Guk bizi izan duguna salatuz,etorkizunean horrelako egoerak errepikatu ez daitezen lan egin nahi dugulako.

Onartu ezina da egun, Euskal Herrian murgilduta gauden aldaketan halako eraso gehio ematea. Ez atxiloketak ezta epaiketak ere. Baina, jakin badakigu, estatuen mendeku eta amorruan oinarritutako politika errepresiboak ez duela etenik, ez herritarrok muga jartzen ez diogun bitartean behintzat.

Muga hori eraikitze bidean “gazte 1+ ez!” plataformak, lagin txikia izan nahi du. Herri harresi erraldoia eraikitzen lagunduko duen adreilua. Gazteok lehen pertsonan bizi izan ditugun jazarpenak azalarazi eta emandakoak zabaldu nahi ditugu. Kasu isolatuak ez baitira; Euskal Herriko gazte mugimendua desaktibatu eta txikitzeko xedea baitute eraso guzti hauek.

Gure dinamikaren hastapenak burutzeko, ekainaren 6tik 10era itxialdia burutuko dugu Donostiako unibertsitatean. Bertan hamaika ekimen, jardunaldi eta eztabaida eginen ditugu. Eta dinamika honi behar duen hasiera emateko, Ekainaren 11 EKITALDI NAZIONALA eta kontzertuak eginen ditugu USURBILEN. Laister begi bistan baitauzkagu hainbat epaiketa; Oarsoaldeako gazteena edo Iruñerriko epaiketa zerrenda luzeen hurrengoa kasu.

  • 18’30 EKITALDI NAZIONALA
  • GERO KONTZERTUAK:
    • Vendeta
    • Betagarri
    • Ze esatek
    • Kaotiko
    • Esne Beltza

Euskal gazteriari deia luzatzen diogu ekimenotan parte hartzeko. Bai Donostiako itxialdian bertaratuz zein Usurbilgo Ekitaldira hurbilduz.