URRIAREN 12a, “DIA DE LA HISPANIDAD”, ONDARROAN.

Gaur goizean esnatzerakoan, bat-batean burura etorri zait 1967. urteko urriaren 12a. Oroitzapen gazi-gozoz oroitu dut egun hura.

Halaber, Guardia Zibilen jaia ospatzeko, eguerdian, meza berezi bat eman zen Ondarroako parrokian. Meza horretarako, “Virgen del Pilar” irudia jarri zen aldare nagusiaren ondoan, Espainiako bandera bi zituelarik albo bietan. Garai hartan, egun horretan, urtero egin ohi zen bezala.

Arratsaldean, herritar baten hileta meza eman behar zen Ondarroako parrokian. Elizan sartzean, ikusi nuen bandera haiek aldare nagusiaren ondoan jarraitzen zutela. Bandera haiek toki hartan ikusteak hiletetara etorriko ziren herritar batzuengan sortu zezakeen amorrazioaz ohartutik, parroko jauna bera ohartarazi nuen bandera haietaz. Honek ez zuen aintzat hartu nire oharra. Eta hileten ordua gainean zegoenez, neronek agindu nion sakriatauari bandera bi haiek estali zitzala. Baita estali ere sakristauk.

Ondorioz, 25.000 pezetetako isuna jarri zidan Bizkaiko Goibernari Zibilak. Urte haietan abade batzuek egiten genuen bezala, nik ere nahiago izan nuen, isun hura ordaindu barik, hilabete espetxean egitea. 1968ko abuztuan Zamorako Abadeen espetxe berezian hilabete egonaz, ordaindu nuen isun hura.

Urteak iragan dira harrezkero. Hala ere, aurten ere hor darrai gaurko egunak, gorriz markatuta. Gaurko jai ofizialari ondarroarrek nola erantzuten diogun ikusteko garrez atera naiz kalera.

Hiru pankarta ikusi ditut herriko kale ezberdinetan. Hala nola, “U-12a. Euskal Herriaren zapaltzaileen eguna! Utzi bakean! Alde hemendik!” pankarta, Kofradia Zaharreko balkoian. “Hau ez da España! Jai arrotzei intsumisioa!” pankarta, Musika Plazatik zintzilika. Hirugarrena, San Inazio kalean zintzilikatuta: “U-12. Euskal Herriak ez du ezer ospatzeko! Jai arrotsein intsumisioa!”.

Gehigarri, borroka giro hau herritarrei helerazi nahirik, 11:30 megafoniadun kotxea kalerik kale Ibon Iparragirre herriko presoaren egoera larriaren berri ematen.

Dei hauei guztiei nola erantzun diegu ondarroarrok?

Egiten duen eguraldi eguzkitsuaz gozatu nahirik, Mari nire emaztea bere karrotxoan hartu eta Artibai ibaiaren albotik Kamiñazpiko parkeraino joan gara. Lau ikastetxe bidean. Itxita Institutoa, Zaldupeko eskola publikoa eta Txomin Agirre ikastola. Lanean Zubi Zahar ikastola.

Gero, eguerdian, Alde Zaharretik Itsas Aurreraino ibililalditxoa egin dut, zeintzuk denda dauden zabalik ikusteko asmoz. Egia esan Alamedara iritsi naizean, eguerdiko ordu batak eta erdiak jota zeuden (dendan ixteko ohiko ordua).

Nire txekeoaren emaitza: Lau denda irekita: “Zurrumurru”, “Aldatza”, Jose harategia Alde Zaharrean, eta “Surper-euro” txinoen denda Alamedan. Agian, beste dendaren bat irekiko zen.

Nire txekeoa oso partziala izan baita, esan dutanez.

Kale Handian zehar etxerantz nentorrela ezin bihotzetik kendu gaurko goizak utzi didan arantza mingarria. Hau al da gure Ondarru borrokalaria? Hau al da duela hilabete batzuk eginiko hauteskundeetan boto uholdea lortu eta Bildu Udalera eraman genuen Ezker Abertzalea? Gehiengo harrigarria emanaz eraman ere Udalera!

Honaino menperatu gaitu Ezker Abertzaleko kideok ere kontsumo-gizarteak?

Iraganera begiratuz, 1968ko hamarkadaz gogoratu naiz. Honelako “jaietan” egunkari espainolistak Alamedaren erdian erretzen zituzten ondarroar abertzale borrokalariek.

Baina begiratu dezagun aurrera. Hor daukagu gure Zubi Zahar ikastola. Duela 44 urte, Espainiako Gobernua gure umeei inposatzen ari zen hezkuntza espainiarraren aurka jeiki eta euskaran eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntzari ateak ireki zizkion. Nolako baldintzetan borrokatuz, gainera! Eta egun ere, bide berari tinko eutsiz, jai arrotzei ere intsumisioa egiten ari zaiguna.

Gure umeak ditugu gure Euskal Herri aske baten oinarri eta itxaropena. Baina nagusiok ere, ez gaitezen mugatu geure umeak ikastolara bialtzearekin. Geuk ere, bakoitza geure mailan, izan gaitezen intsumiso jai arrotzei.

Eta zer esan Txomin Agirre ikastolaz. Hau ere, Zubi Zahar ikastolaren atzetik, sortu zen Ondarroan. Hau ere euskara eta euskal kulturan umeak hezitzeko asmoz. Baina ikastola honengandik ez dezagun itxaron lanik ez egitea honelako “jaietan”. Azken batean, umeak euskalduntzea, bai, baina ez ote da “estar cómodos en España” baita Ikastola horren arduradunen helburua ere? Zergatik ote gurasoek iritzi ezberdinak izan ditzaketen gaietan -aipatzen ari garan jaiaren kasuan bezala- beti agintean dauden lege eta arauetara makurtzen direla Txomin Agirre ikastolako arduradunak?

Euskal Herri euskalduna eta askea amesten dugun ondarroarrok, aurrera jai arrotzei boikota egiten, harik eta Euskal Herri bat eta bakarrak bere jaiak izendatzeko aukera izan arte.

Ondarroan, 2011ko urriaren 12an.

Tantaka-tantaka… itsasoa

Euskal Estatu Sozialista, inor ezinbesteko ez denean baina denok hala bagina moduan jokatzen dugunean izango da posible. Asko dira gure herri zahar honen etorkizunaren alde egin dutenak, asko gara horretan ari garenak eta gehiago izango dira ariko direnak. Norbere ametsekin zintzo izan eta irmo eutsi diogu horien aldeko konpromisoari. Horrela egin dugu bidea, mendietatik jaisten diren urak bildu eta euri berrien indar eta bultzadarekin. Horrela iritsiko gara helmugara, milaka errekatxo bihurri itsaso bakarrean nasaitzen diren moduan, apal, geldiezin, herri aske batera. Geroz eta gehiago dira errekastoetara biltzen diren tantoak, geroz eta gehiago garelako herri honen askatasunaren aldeko konpromisoan berresten garenak. Ezin ukatu badirela egarri direnean hodeietara begira geratzen direnak, kanpotik bustitzearekin nahiko izan eta hertzetik begiratzen diotenak errekaren emariari. Milaka gara, ordea, herri zahar honen etorkizuna irabazi ahal izateko antolatzeak daukan garrantziaz jabetu garenak. Atzo han, gaur hemen, eta bihar beharra dagoen lekuan antolatuko gara.

Bista independentzia eta sozialismoan izanik, horrako bidean eraginkorrenak diren olatuetara lotzeko beharra ikusi dugunak asko gara. Bakoitzak hausnartu behar du, lehen moduan, orain eta gero, norberari dagokio urratsa egin eta aurrera egitea.

Ezker Abertzaleak, bere ibilbide luzean erein eta jasotakoari esker, baldintza berriak sortu ditu herri honentzat. Izan ere, egindako lana handia izan da. Irribarre, malko, lagun, kide, ilusio, konpromiso, bizitza proiektuak konpartitu ditugu, eta elkar ulertuta egin diogu aurre ekaitza eta enbatei, eguzkiak asmatu ditugun arte. Hori guztia da iraultzaren iturria, herri berri baterako arnasa, hori guztia eta gehiago da gure herriarenganako maitasuna. Eta oraingoan ere, aurreko testuinguruetan bezala, bakoitzak duen hoberena emateko garaiak dira. Tantaz tanta egiten direlako olatuak, eta olatuz olatu itsasoak. Antolatu gaitezen, beraz, olatuetan eta astindu dezagun Kantauri isuria.

Belaunaldi asko daramagu herria egiten, urte asko daramagu euskal nazioa eraikitzen, esku zabal, sormen eta ilusioz. Urratsez urrats, erronka handiek eskatzen duten eran. Gainontzeko herritarrekin elkarlanean, norbere herri eta auzoetako arazo eta eginkizunetan aritu izan gara gogotsu. Gogor ekin diogu euskal herritar egiten gaituzten zutoinen alde, inurrien moduan, bakoitzaren gogo eta gaitasunak besteenarekin batuta, eztabaidaren bidez konbentzimenduak finkatu eta borrokaren ikuspegi iraultzailean sakondu dugu. Horrela egin dugu aurrera. Eta orain, denok urrats bat haratago egiteko unean gaude. Orain arteko determinazio eta gogo berberarekin herri proiektu nazional eta ezkerrekoaren alde egiteko garaiak dira. Geroz eta hurbilago gaude. Txikitasunetik handitasunerako bide honetan geroz eta gehiago gara ametsetan sinetsi eta herri guztietako bazterrak bustiko dituen euri nekaezina izatea erabaki dugunak.

Gutako bakoitza da garrantzitsua; gutako bakoitzak dauka egunerokoa iraultzeko gaitasuna eta indarra, gutako bakoitza delako herri zahar honetako zati txiki eta eraginkorra. Geure buruaren jabe izan nahi dugula erabaki dugu, nor izan eta geurez antolatuko etxea eraikiko dugula hitzeman dugu, inoiz baino indar handiagoz, sekula baino gogo eta ilusio kutsakorragoaz. Horregatik egiten dugu irribarre, badakigulako zertan ari garen, badakigulako, denok batera, zertarako garen gai. Konpromisoa ikur hartuta etorkizunarekin lotu garelako egiten dugu irribarre, konfiantza dugulako geure buruarengan, herria dugulako buru bihotzetan egiten dugu irribarre.

Indarrak biltzeko garaia da, tantaka-tantaka, bata bestearen bultzadara gehituta uholdea eragiteko unea. Sormen, konpromiso eta kidetasun uholdea, denok batera maite dugun itsaso horretara iristeko. Ez dadila inor bazterrean edota atzera begira geratu. Ezinbesteko bagina moduan jokatu dezagun, gutako bakoitzak bere egin dezala herri honen askatasun osoaren aldeko ahalegina, antolatu gaitezen olatuetan eta borrokatu dezagun etorkizuna. Badago zeregina.

Aurrera eta bidean elkar ikusiko dugu.

ARDANZA LEHENDAKARI OIHARI ETA… GARAI BATEKO ONDARRUKO AKOLITO OHIARI ONDARRUTIK


Aspaldiko Jose Antonio. Akordaten za, zu, mutikotxoa ziñanin, zelan egoten ziñan Ondarrun, zure osaba D. Manuel abadin etxin? Akordaten za, zelan zu eta gu, hirurok, akolito izan giñan Ondarruko parrokixan?

Ez zaiela akordaten..? Akorda bez..?

Ixan be… Zelan akordauko zara, ba, hain pertsonaia inportantea egin za-eta harrezkero!”

Hainbeste urte pasa eta gero, zuri kartatxo hau idaztera gatoz. Zer dala-eta? Ba txoritxo batek esan deusku, azken aldi honetan, hor zabizela telebista, irrati eta egunkarietan zure historixak konta eta konta. Ixan be, zuk badaukazu zer konta!, Hainbeste eiñ eta sufritu behar izan dozu gure Ama Euskal Herri zapaldu hau askatzearren

Eskerrak zuk hainbeste sufridu eta borrokatu dozulako gure Aberriagatik. Ze, guk… kaka!

Egia da nik, Andonik, badaukadala “Itziarren semea” izeneko diska bat non kontatzen diren niri egindako tortura basatiak. Baina … zer dira nik sufritutako tortura guztiak zure sufrimenduen ondoan?

Ni be, “Mamarru”, (izen honekin ez za konturatuko, beharbada, ni nor nazen….ba Isidro Garalde naz ni). Ni be, hemen nago kartzelan usteltzen. Bizi guztia kartzelan eta nire herritik urrun. Zertarako? Ba, beharbada eztozu sinistuko, baiñe ni be, Euskal Herri independiente eta sozialista baten alde borrokan!

Zuk bai, ostera, lan eta lan, sufridu eta sufridu gure Aberria askatzearren! Goza orain, beraz, Jose Antonio! Goza eta goza, Ardanza, hor, Urdabai “erreserba naturala”ren bihotz-bihotzean daukazun jauregi eder horretan. Ondo irabazita daukazu eta.

Ixan be, Jose Antonio! Hain ondo bizi za zure jauregi horretan ze, berba eiñ dozunin be, ez za akordau, antza, preso eta iheslari guztiak etxera buelta daitezela eskatzeko… Bapo, lagun!

Andoni bera, hilda, lurpean, eta “Mamarru” bera be Andaluziako kartzela bateko ziegan bizirik hilobiratuta dagoenez, bion izenean, sinatzen eta bialtzen deutsugu gutun hau Ondarrutik, 2011ko urrian.

Ondarruko “Ein daigun bidi” taldearen izenean.

Zerbitzu publikoa negozio bihurtzen denean…

GERTAERAK:

Ondarroa, 2011ko uztaila. Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak itxita dagoen etxebizitza baten ura, zaborra, saneamendu eta estolderia tasak kobratu dizkio Juan Balentziaga Osa, 80 urteko ondarrutar adintsuari. Herritar hau, bere osasun egoera dela-eta, Ondarroako Artibai egoitzan bizi da gaur egun. Karrotxo batetik altza barik bizi ere, gainera.

Legezko den erreklamazioa egiteko, hona hemen pertsona horren ordezkari legalak eman behar izan dituen urratsak:’

* LEHEN DEIA telefonoz Ur Partzuergora, zer gertatu den azaltzeko. Telefonoa hartu duenak baja emateko behar diren datuak eta agiriak jakinarazi dizkio, beste inolako ezalpenik gabe.

* Pertsona berdinak BIGARREN DEIA telefonoz Ur Patzuergora, baja emateko asmoz. Ur Patzuergoaren izenean pertsona desberdina telefonoan. Bere erantzuna: Telefonoz ezin da bajarik eman. Norberak pertsonalki joan behar du Bilboko bulegoetara.

* Pertsona berdinak HIRUGARREN DEIA telefonoz Ur Patzuergora. Galdera: Ea posible den e-mailez bialtzea baja emateko dokumentazioa. Ur Partzuergoko beste pertsona baten erantzuna telefonoz: BAI.

* Azkenik, baja eskaria egiteko dokumentazioa E-MAILEZ igorri Ur Patzuergoari, eta honek bidali dio jada baja agiria Juan Balentziaga Osari.

NIRE GALDERAK:

* Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa ez al da ura, zaborra, saneamendu eta estolderia tasak ordaintzeko herritarroi eskaintzen zaigun zerbitzu munizipal bat?

* Nolako zerbitzua eskaintzen ari zaigu Ur Patzuergo hori, herritarrok arazo bat bideratzeko bere bulegoetara deitzen dugunean, herritarrok ditugun AUKERA GUZTIAK azaldu beharrean, HIRU aldiz deitu behar izan badu herritar batek?

* Nolako zerbitzua eskaintzen ari zaigu Ur Patzuergo hori, gai honetan parte hartu duen HERRITARRAK BERAK galdetu behar izan baitio, ea, Bilbora pertsonalki joan beharrean, postalgo elektroniko bidez arazoa bidera dezakeen? Hau HIRUGARREN DEIAn gertatu da.

* Hau al da gure agintariek, eguna joan eta eguna etorri, hainbeste goraipatzen diguten zerbitzua ADINEKO GAREN ETA EZINTASUNA SUFRITZEN DUGUN HERRITARRONTZAT?

KONKLUSIOA:

Hauxe gertatzen zaigu herritar xumeoi guri zerbitzeko antolatu ditugun erakundeak kapitalismoaren pipiak barrutik jaten dituenean. Zenbaki hutsak bihurtu gara. Ordenagailuko tekla bat besterik ez.

GEHIGARRIA: Heredentzia eder hau utzi digu ondarrutarroi hainbeste diru Ondarroara ekarri omen digun (eh, I. Anasagasti, senatore jauna?) zorioneko Udal Gestorak (PNVk).

Ondarroan, 2011ko irailean.

Leokadi (gutun irekia “Latxanbre Itsuari”)

Abuztuaren 15a. Andra Mari jaia Ondarroan. Herriko plaza eta inguruak jendez gainezka. Umeak eta gaztetxoak nagusi. Ume txikiak ere tarteka, asko aitari zamatik estu-estu helduta, beldurrez. Denak elizako kortxelera begira….

Gauerdiko hamabi kanpai hotsak entzun bezain laster, han agertu da kortxelean gure Leokadi. Gora eta behera, etenik gabeko higiduran, uxuka, herriko jaietan parte hartzeko pozez gainezka. Herritar guztioi bere agurra luzatu digu, jai hauetan herrian ez dauden herritarrak -hauen artean herriko preso eta iheslariak- gogoratuz.

Eta, zer esan, Leokadik herriko umeekin izan duen elkarrizketa biziaz! Entzutekoak ziren umeen BAIIII..! eta EZZZZ..! indartsuak, Leokadiren galderei erantzunez.

Eta gero, Leokadi bera, Kortzelean daukagun Erdi Aroko erret kortejo osoa lagun duela, kalejira alaian, herriko kaleetan barrena Zubi Zaharraren ingururaino, herritararrak saltoka eta builaka inguruan dituela.

Ikuskizun paregabe hori ikustean, zurekin, “Latxanbre itsua”rekin gogoratu naiz. Nola ez, bada, Andra Mari herriko Jaietan ezinbesteko jai herrikoia bilakatu zaigun ikuskizun honen asmatzailea eta bultzatzailea zeu izan zinan eta.

Gaur egun ere ikusten zaitut, egun Alai taberna dugun ate ondoan, itsuaren kupoia saltzen. Beti alai eta umoretsu. Zuregana urreratzen ginen denokin beti kontu-kontari. Nahiz itsututa egon, denok ezagutzen gintuzun geure ahotsetik.

Gogoan daukat nola, urtero, Andra Mari jaiak hurreratzen ziranean, zure kezka nagusia izaten zen Ondarroan ere, herriko jaiei hasiera eta amaiera emateko, ikuskizun bereziren bat antolatu behar genuela. Gasteizko “Celedonen jeitsiera” zenuen buruan. Uda oro zenbat alditan ez zeniguten galdetzen zeure lagunoi: “Zergatik ez dugu zerbait antzeko egiten Ondarroan ere Kortzeleko “Leokadirekin”?

Azkenean, erre eta erre, zure ideia gauzatzea lortu zenuen Kresala kultur elkartearen laguntzarekin.

1978. urtea zen. Uda horretan “Leokadiren jeitsiera” izan zen zure ardura eta hizketa-gai nagusia. Nola ez, bada, “Leokadi” Ondarroako pertsonaia mitikoa pertsonifikatzeko zeu eskaini baitzinen! Are gehiago, “Leodakik” jantziko zituen arropak ere zeuk asma eta prestatu zenituen.

Ikustekoa zen zure poza “Leokadiren jeitsiera” ekimena, -jeitsiera eta ondorengo kalejira alaia, kortzeleko beste mamuak eta erdi aroko erret kortejoko lagun zenituela-, Zubi Zaharraren inguruan bukatu zenean.

Harrezkero, “Leokadiren jeitsiera eta igoera” Andra Mari jaietako egitarauan ezinbesteko ekintza ludikoa bihurtu dira urtez urte.

“Lantxanbre itsua”, ondarrutarrok ez zaitugu ahaztu. Hor daukazu, zuk hainbeste maite zenuen “Astilleru” aldean, zuri eskainitako enparantza. Hortik igarotzen garan herritarrok, askok, ahaztuta daukagu zu nor izan zinen; beste askok ez dakite, ez zu nor izan zinen, ez-eta enparantza hori zergatik zuri eskaini zitzaizun. “Latxanbre itsua” nor izan zen, batzuei bergogoratzeko, eta gazteei jakinarazteko idatzi ditut lerro hauek. Herriko jaien giroan, idatzi ere.

Agur, “Latxanbre Itsua”. Agurrik eta eskerrik beroena ondarrutar denon izenean. Agur lagun!

Ondarroan, 2011ko abuztuaren 15ean.

Gehigarria:

Idazlantxo hau osagabe geldituko litzaidake, “Latxanbre itsuaren” ezizenaz zerbait gehituko ez banu.

“Lantxabre” ezizena, bere familiagandik datorkio. Ondarroan oso ezaguna.

“Itsua” ezizenak, aldiz, badu bere historia garratza bezain hunkigarria.

Gure “Latxanbre” ez zen itsu jaio. Urtez-urte ikusmena galtzen joan zen, guztiz itsutu arte. Ikusmena galtzeko prozesu honen aurrean ez zuen etsipenari lekurik utzi bere barnean. Itsu gelditzeak ez zion bere izaera umoretsua eta ekintzailea aldatu, indartu eta aberastu baizik.

Datu bat besterik ez dut aipatuko hemen.

Itsutu eta gero, artegintza munduan murgildu zen gure “Latxanbre”.

Batetik, zeramikari heldu zion. Ikusi gabe ere, nolako irudi biziak moldatzen zituen bere eskuekin! Honen lekuko, hor daude hainbat etxeetan banatuta berak utzitako hainbat eskulan eta irudi eder.

Idazlan honekin batera, hor doakizu, irakurle, Ondarroako “Klub 34” dantzalekuan erail zuten Anjel Etxanizi bere eskuekin egin zion irudia, eta orain ere dantzaleku horretan gordetzen dena!

“Latxanbre Itsuak” Artelan erakusketak biziki maite zituen. Artelanak “ikusi” eta euren balio artistikoaz jabetzera ere iritsi zen, soilik bere eskuekin ikutuz.

Bestetik, solfeoa ikasten ere jardun zuen, Braille sistemaz baliatuz. Esku soinua ere jotera iritsi zen.

Harrigarri badirudi ere, itsu gelditu arte egunetik egunera itsumena galtzen joateak aberastu egin zuen gure “Latxanbre”ren izaera.

“Latxanbre itsua”, pertsonai erreferentziala izan zen Ondarroan, 1960/1980 hamarkadetan, Zubi Zaharra eta Kofradia Zaharraren inguruan batez ere.

Jainkoen gerratik demokrazien gerrara

Biktima guztiek, denek, errespetu osoa merezi dute. Baina kontuz! Zer gaitzetsi behar den gaiari heltzen badiogu, historiaren zinta birbobinatu dezagun lehenik eta gero hitz egingo dugu

Euskal Herrian, herritar ondradu asko daude, pentsamendu ondradua dutenak eta askatasun ondradua nahi dutenak, baina oraindik eskubide zibil eta politikorik gabe daude.

Gure herriari dagozkion eskubide historikoez baliatuz, bakea oinarritzen da, hain zuzen, erabakitzeko eskubidea juridikoki bermatua izatean.

Euskal arazoari Estatu espainolak betidanik eman izan dio dimentsio polizial-judiziala eta berau konpon ez dadin etengabeko errepresio bortitza erabili izan du herritarren aurka. Zergatik? Razón de estado delakoa dago bitarteko, eta auskalo noiz arte. Aipaturiko estatu arrazoi horrek gu euskaldunok (independentistok) ezberdinak garela esaten digu behin eta berriz, eta hala tratatu ere, nahiz eta Espainiako Konstituzioak besterik esaten duen: «Legearen aurrean denok berdinak gara»… Nortzuk? Gu independentistok, lehen eta orain epailearen aurrera joan aurretik epaitzen gaituzte. Politikaren judizializazioa eta justiziaren politizazioa gertatzen da, boterearen esku dauden hedabideak epaile nagusiak direlarik.

Euskal Herriaren konkista (Nafarroako Erresuma) 1512. urtean hasi zuen Gaztelako erregeak, indarkeria erabiliz, milaka soldaduren bidez, euskal herritarren aurka, eliz hierarkiaren babesaz, bakea hautsiz. Beraz, gure herriaren egungo egoerak edo gatazkak 500 urte beteko ditu.

Hurbilago dagoen iraganera jotzen badugu, II. Errepublikako Gobernuaren aurkako estatu-kolpeak eta ondorengo altxamendu militarrak ere eliz hierarkiaren babesa jaso zuten, herri zibilaren aurka ekiteko eta pertsonak hiltzeko. Nik ez nuke esango gerra horretan bi bando egon zirenik, bat baizik. Jainkoaren izenean genozidioa eragin zutenak izan ziren bando bakarra; besteak, ordea, zetorrenari eutsiz defentsan edo iheska aritu zirenak. Hemen ere espainolen jainkotasuna atera zen garaile eta euskaldun fededunena galtzaile. «Por Dios y por España» zen leloa, gurutzada izenarekin bataiatu zutena, komunismoaren eta separatismoaren aurkakoa, milioi bat hildako eragin zituena.

Franco hil osteko garai konstituzional edo demokraziaren etorrera bezala ezagutzen den hau ere oso txarra izan da guretzat (Euskal Memoriaren datuak). Francoren erregimenak (1975era arte) 86 hildako eragin zituen, baina trantsizioan (1976-79) 88 izan ziren, eta demokrazian (1979-2010) 300. Gerra zikinak edo estatu terrorismoak eragindako hilketak gehienak: Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak, BVEk, Tripe Ak, GALek, faxistek, Ertzaintzak, sakabanaketak, torturak eta kartzelak. Beraiek deituriko terrorismoaren aurka denak balio duenez, estatu arrazoi hori demokraziaren gainetik jartzen da. Ezaugarri nagusia da, egun, talde terrorista horietako inor ez dagoela kartzelan, batzuek kartzela zigor handiak jaso zituzten arren, berehala libre utzi zituztelako.

Mariano Rajoyk behin Meridan hau esan zuen: «La excarcelación de Barrionuevo y Vera fue una medida justa y legal». Justizian sinesteko eta legearen aurrean denok berdinak bagara, itxurakeria demokratikoak albo batera utzi eta euskal presoei ere GALeko denei aplikatu zitzaien doktrina bera aplikatzeko eskatzen dut, amnistia osoa alegia, bakea egin nahi bada. Ez dut uste besteek egindakoengatik damurik inoiz agertu zutenik, libre egoteko. Hau da paradoxa: batzuk zigor handiak izan arren libre kalean, eta besteak, ordea, betiko kartzelan.

Fraga Iribarneren iragana gehienok ezagutzen dugu. Katoliko horrek esana da: «el mejor terrorista es el terrorista muerto», baina bera oraindik bizirik dago. Eta PPk esana da: «los terroristas no merecen ser amparados por la Constitución ni por la libertad de expresión». Historiari begiratzen badiogu, nork nori jarri behar dio terrorista titulua? Katolikotasunarekin jarraituz, hemen Munilla apezpikua dugu modan. Ezker abertzalearen aurkako jarrerak agertzen dituenean, gerra garaiko Isidro Goma kardinala, «Por Dios y por España» liburua idatzi zuena, etortzen zait burura. Munillari esan behar zaio «zuek bekatariok» horren garaiak amaitu zirela eta Eliza Ama Santuak oraindik Euskal Herriari ez diola barkamenik eskatu 1936ko genozidioan egindakoengatik, ezta PPk gaitzetsi ere.

Euskal politikari dagokionez, ziklo berri batera sartuak gara eta Bilduk izandako emaitzek argi uzten dute herri honek bake demokratikoa nahi duela eta ez inposiziozkoa, nahiz eta PSOE eta PP, beraiek ulertzen duten demokraziaren izenean, instituzioetatik kanporatuak eta ilegalizatuak izateko ahaleginetan ari diren, hautatuei eta presoen senideei irainka eta mehatxuka. Gerra zikinaren heriotza mehatxuak ere jaso dituztenak badira.

ETA, behin betiko armak uzteko prozesuan murgilduta dago eta atzera bueltarik izango ez duen bidea egiten ari da. Estatuaren terrorismoak, ordea, oraindik bizirik dirau: torturak, epaiketa politikoak, presoen sakabanaketa, gaixotasun larriak dituztenei arretarik eza, biziarteko kartzela zigorra… mendeku «demokratikoaren» biktimak dira horiek.

ETAk bere 50 urteko ibilbidean 820 heriotza inguru eragin ditu, hori egia da. Beraz, biktima guztiek, denek, errespetu osoa merezi dute. Baina kontuz! Zer gaitzetsi behar den gaiari heltzen badiogu, historiaren zinta birbobinatu dezagun lehenik eta gero hitz egingo dugu. PPk mozio bidez eta betiere Bilduri zuzenduta, ETAk eragin dituen heriotzak gaitzestera behartu nahi du, hori egin ezean, harekiko lotura duela frogatu ahal izateko… Lagunok! Nire gomendiorik ez duzue behar, baina joko horretan ez sartu. Adarra jotzera joan daitezela ustelkeriaz jota dauden alderdiko kideengana. Bilduk indarkeriari buruz esan beharrekoak esan ditu argi eta garbi, Sortuk ere bai, bere aurkezpenean.

Itxura hutsezko demokrazian bizi gara, hutsa bezain ustela, gure aurkako gerra bilakatu dena. Jainkorik ez da aipatzen, baina egungo jainkotasuna boterearen sisteman datza independentiston aurka ekiteko. Historikoki horrela izan da, baina orain beraien demokraziaren izenean.

Euskal Herriaren eskubideak aldarrikatzeko eta urteetako gatazka hau konponbidera eramateko, alderdi abertzaleen batasuna ezinbestekoa da une honetan, batik bat azaroaren 20an Madrileko Kongresurako izango diren hauteskundeetan zerrenda bakarrean aritzeko. Herri honek merezi du eta eskertuko luke. Zatiketak ezer onik ez du, batasunak, ordea, gure garaipena.

HEZKUNTZAN, EUSKAL HISTORIAREN BERRERAIKITZEAREN GARRANTZIA NAZIO ERAIKUNTZAREN BIDEAN

NEURE HAUSNARKETA BATZUK…

Nazio bat ez dago inoiz geldik. Izate dinamikoa du… garaian garaiko bizidunek eragiten dutelako lan horretan. Nazio bat izatea, etengabeko nazio eraikuntza batean bizitzea da. Beraz, prozesu bat da, baina ez lineala. Nazioa egiten joaten da… aldatzen, eraikitzen baina baita deseraikitzen joan daiteke. Oraingo garai hauetan esango nuke euskal nazioa berreraikitzen hasi dela. Garai berria, ziklo berri bat piztu da gurean… argiago ezin da ikusi.

Historialaria naizen edo izan nahiko nukeen aldetik, nazio berreraikuntzan gauden une honetan, euskal historia irakastea, ikastea, ulertzea, egitea, berrirakurtzea ezinbesteko tresna ikusten dut nik. Egungo ikasleek ez dakite Nafarroa su eta gar konkiskatu zutela, Karlistaldietan Bilboko herri xehea karlista izan zela, euskara hizkuntza kultu bihurtzeko ahaleginak jauntxoek zapuztu zituztela klase-interesek eraginda…

Pierre Vilar historialari marxistak zioen moduan “naziotasuna iraupen luzeko fenomenoa da. Oinarri etnokultural iraunkorra duena, behin eta berriro azaleratzeko joera duen antzinako iturburua da“. Historiaren irakaskuntza eta hedapena, euskal nazio kontzientzia kolektiborako tresna eta abertzaletasunaren elikagai da. Josep Fontanak, historia ekonomikoko katedradunak horrela adierazten du “Europa ante el espejo” eta “La historia de los hombres” liburuetan:

Europako historia erreala ezagutzeko, plurala eta mestizoa den europar komunitatea ezagutzeko, baztertu egin behar dugu, betiko baztertu ere, historiaren ibilbideari buruzko ikuspegi lineal hori, fase bakoitza aurrerapen bat gisa mekanikoki interpretatzen duen hori; haren ordez, egin eta irakatsi behar dugun historiak gauza izan behar du …. ibilbide anitzen, bidegurutze askoren artikulazio korapilatsua aztertzen eta agertzen, non, askotan, ez zen ibilbide onena aukeratu gizon eta emakume gehienen ongizaterako, baizik eta konbentzitzeko eta inposatzeko gaitasuna eta indar errepresiboa zituzten taldeei komeni zitzaiena…. Horretarako, … progresoaren mitoari eta zientziaren kontzepzio deterministari mugak ezarri behar zaizkio eta baita eurozentrismoari ere”.

Askotan, bestearen gezurrezko irudia eraikitzen da, norberarena edertzeko eta bestearena gutxiagotzea edo ezabatzea justifikatzeko. Espainiar estatua, etengabe aritu da horretan eta arituko da geroan. Baina geroaldia ezin da aurretik jakin. Horrek esan nahi du, gure geroaldia eraikitzeko gaitasuna dugula, nahiz eta zirkunstantziak ezin ditugun aukeratu, baina bai eragin, sortu. Historia, ez dagoelako determinatua, zeregin askatzailea izan dezake, gure bizitzaren subjektu bilakatzen baikaitu. Historiak performatiboa izan behar du. Teorikoki uler daiteke eta, beraz, errealitateak transforma ditzake. Historia guk egin dezakegu.

Esaera bat dago; “Jakiteko nora goazen, non gauden jakin behar dugu eta, horretarako, nondik gatozen jakin behar da”. Eta adibidez beste Ozeaniako atsotitz bat: “Haien iraganaldia ezagutzen ez duten gizakiek desabantaila bat badute eta honako hau da: haien orainaldia ere ezagutzeko gauza ez direla.” Memoria historikorik gabeko herririk eta naziorik ez dago eta, gainera, memoria kolektibo hori gabe, ez dugu gaitasunik egungo egoera sortu dituzten mekanismoak ulertzeko (Nafarroan, UPNk duen nagusitasuna, edo Ipar Euskal Herrian euskara horren azkar galtzearen arrazoiak) eta, beraz, historiaren akatsak zeintzuk diren ikusteko. Jose Manuel Odriozolak dioen bezala, bere “Hizkuntza, kultura eta gizartea” liburuan: “Euskal kulturarik gabe euskarak ez dauka zer eginik. Ezta Euskal Herriak ere, herri hori euskal den bezainbatean… hori erakutsi du, era nabarmenean, ikastoletan eta eskola publikoetan sartu den sistema, erdararen funtzio hegemonikoak mantentzen dituen eskolagintza… Pentsamendu eta kultura espainola ez da bakarrik erdaraz ekoizten eta kontsumitzen; euskaraz ere… Erdal kultura elebakarraren monopoliopean erdietsi nahi izan dira euskararen ezagutza eta erabilera. Eta hori ezinezkoa da…

Interesgarria litzateke nire ustez, Euskal Herriko Historiari dagokionean, historia konparatiboa egitea. Bertsio desberdinen arabera emaitzak nola aldatzen diren ulertzeko. Adibidez: Gipuzkoa eta Araba, konkiskatu egin zuten ala Gaztelarekiko atxikimendua paktatu zuten? Nafarroa konkistatu eta txikitu al zuten ala “anexionatu” egin zuten? Foruak zer dira: frankizia eta pribilegioa ala euskal legeak? Kaparetasun orokorra zeren adierazlea da: igoalitarismoarena ala arrazismoarena? Karlismoa mugimendu dinastiko eta atzerakoia ala mugimendu askea eta herritarra izan zen? Nafarroak Lizarrako Estatututik kanpo geratzea erabaki al zuen ala ez? Batasunik egon al zen frankismoaren kontra ala batzuek bakarrik borrokatu zuten?

Nire iritziz, beraz, nazio eraikuntzarako, Euskal Herriko historiak ikasgai bezala honako ezaugarri hauek beharko luke sortu hezkuntzatik:

identitarioa (memoria propioa lantzea; amnesia kolektibotik hainbat elementu berreskuratzea; 1936ko gerra, frankismoaren izugarrikeriak eta horiek ahaztu zituen trantsizioa…)

nazionala (beste kolektibitateekiko harremanak aztertzea; frantses eta espainiar ereduen asimilazioaren nondik norakoak ikustea; euskararen eta euskal kulturaren eta Nafarroako euskalduntasunaren gainbeheraren zergatiak ulertzea; Espainiako eta Frantziako inperialismoa ikustea; historiaren faltsutzea Estatuek hegemonía ezartzeko…)

herritarra (igoalitarioa, antipatriarkala, anti-frankista, desberdina baina unibertsala…)

soziala (pertsona eta taldeen arteko harremanak eta gizartearen barruan dagoen ondasunen banaketa; kanpoko eta barneko klase-borrokak…)

askatzailea, eraikitzailea, integratzailea, irekia (ikasleen formazio integralerako pentsatua, egun dagoen irakaskuntzaren merkantilizazioatik at dagoena; euskal nazioaren konplexutasuna ulertzeko balioko duena; eztabaidarako tresna dena…)

Akaso txikiak eta antzinakoak diren nazionalitateen kontzientzia izan daiteke irtenbiderik modernoena horrenbeste gerra eta sufrimendu eragin dituzten estatu-nazio edo nazio-estatu zaharren eredua gainditzeko.

Felix Aranbarriri gutun irekia

Kaixo Felix:

Udal hauteskundeak halaholako normaltasunez burutuko ditugun une honetan, ez natorkizu zuk udalean egin duzun lana epaitzera, nire baitan sentitzen dudan samintasuna zuri jakinaraztera baizik.

Gogoratuko zara, duela lau urte, zuk eta Udal Gestorako kideok Ondarroako Udal Aginpidea eskuratu ondoren, gutuna igorri nizula. Bertan nire nahigabea adierazten nizun, Ondarroako Udal buru legez, hartu zenuen bidea ez zelako, nire ustez, bide zuzena eta onuragarria ez zuretzat eta ez ondarrutarrontzat.

Izan ere, zuk eta Udal Gestorako kideok Ondarroako Udal Aginpidea eskuratu zenuten egunean, han nengoen ni ere presente udal bilera aretoan.Horretarako, nire NAN agiria erakutsi eta gero sartu ahal izan nintzen udaletxe barrura. Izan ere, egun horretan, udaletxeko atean udaltzainak jarri zenituen, udaletxera sartzen ginenok identifikatzeko. Ikustekoa zen udaltzainen aurpegia niri nortasun agiria eskatzean! Izan ere, Ondarroako udaletxean sartzeko, nire bizitzan identifikatu behar izan naizen LEHEN ALDIA ETA BAKARRA zen! Nik udaletxera sartzea lortu banuen ere, hainbat eta hainbat ondarrutarrek geratu behar izan zuten udaletxean sartu ezinik, zuk jarritako filtro hura zela eta!

Geroztik, nire oharra eta kezka gauzatu egin dira, zoritxarrez!

Ondarroa gure herri maite honetan “martiri” izan omen zaitugu azken lau urte hauetan.

Ondo gogoan daukat, Felix, bizkarzain bat zure aurretik eta beste bat atzetik zenituela, udaletxetik Kanttoipera ematen duten eskaileretan behera lehen aldiz jeisten ikusi zitudan eguna. Benetan samingarria izan zen niretzat ere zu bizkarzainek lagunduta lehen aldiz ikusi zintudan eguna.

Harrezkero, sarritan ikusi izan zaitut, Felix, Ondarroako kaleetan, bizkarzainak zure atzean dituzula. Egia esango dizut. Horrela ikusi izan zaitudan bakoitzean, “Honaino ere iritsi zara, Felix” nahigabez beterik pentsatu izan dut nire baitan.

Baina, Felix, ez pentsa zu izan zarela azken lau urte hauetan Ondarroan txarto pasa duzun bakarra. Herritar asko gera biziki sufritzen ditugunok herrian gertatzen ari den “apartheid” politikoa eta herritarron arteko harreman desegokiak. Hauen artean, baita Ezker Abertzalearen munduarekin zerikusirik ez daukaten herritarrak ere.

Zuk ondo ezagutzen duzun Miren Urresti herritarra agertu zaigu egun hauetan, HITZA egunkariaren inkesta bati erantzuten. Agian ez dituzu irakurri. Beraz, osorik transkribatuko dizkizut bere hitzak:

“Kultura arloan esparru ezbardinak suspertzen ahalegintzea eskatuko genioke Ondarroako Udal Gobernu Barriari, eta BIZITZA OROKORREAN GUZTION PARTAIDETZAGAZ ONDARROA GIZAKOIAGOA EGITEN JARDUTEA” (Izki larriak nireak dira), (Ikus HITZA, 2011-05-11, 2. or.).

Bai, Felix! Asko gara beste Ondarroa bat amesten dugun herritarrok. Are, asko gera Ondarroa gizakoiagoa egiteko lanerako prest gauden herritarrok!

Beraz, akabo zure sufrimendua, Felix! Akabo Ondarroa gure herri maitagarri honen “salbuespen egoera”!

Guztion askatasunean eta bakoitzaren iritzien errespetoan oinarritutako Ondarroa egiteko aukera berri baten aurrean gaude.

Ondarroan, 2011ko maiatzaren hamabostean.

PROZESUARI BELDURRA eta BAKEARI EGURRA

 


 

Fikziosko nobela baten izenburua dirudi, baina ez. Bihar bertan eta guk jakin barik ETAko kideak izan gintezke, poliziak, barne ministerioak, fiskaltzak eta epaileek hala nahiko balute. Horrela izan da beti, izaten ari da eta etorkizunean ere auskalo.

 

Ohituta gaude urteetan, beraiek deitzen dioten demokraziaren izenean neurri eta zigor antidemokratikoak jasaten, oraindik ere “dena ETA da” tesiarekin baliatzen baitira. Oztopoak oztopo, atzera bueltarik izango ez duen prozesuan murgilduta gaude, Euskal Herriaren eraikitze prozesu nazionala, alegia. Inolako indarkeriarik gabe, demokratikoki eta bide politikoak soilik erabiliz  izatea nahi duguna, bakean uzten badigute.

 

Gaztetan, eskola maisu batek honako hau errepitazen zigun: “Bi gauza, hirugarren batekin berdinak badira, bi gauza horiek elkarrekin berdinak dira”. Logika hau erabiliz eta beraien tesiaren arabera honako hau esan daiteke: ETA eta Batasuna berdinak omen dira, eta bestetik ordea Sortu eta Batasuna ere bai, hori horrela izanik, Sortu ETA da, beraz, legala izan nahi duen alderdi polítiko terrorista bat, PSOEn, PPren eta hauen kontrolpean dauden eta sistemari eusten dioten hedabideen esanetan. 

 

Beti ere tesi horren logikari jarraituz, Sorturen sustatzaileak (promotoreak), denak, kartzelan behar lukete egon eta Bilbon legalizazioaren alde egin izan diren bi manifestazioetan jaondako milaka pertsonak ere epailearen aurrera eraman ETAri babesa eman izanaren akuzaziopean. Hau egin ezean, logikak berak dio, egun, kartzeletan dauden asko kalean libre egon behar luketela.

 

Sortuk sortu duen lurrikara polítiko mediatikoa oraindik ez da bukatu. Auzitegi Goreneko 61eko aretoa osatzen duten hamasei  epailetik bederatzik (gehiengoak) hartutako ebazpenarekin Sorturen jarduerarako inskripzio eskaria errefusatu egin dute, beraz, askatasuna eta bakea ilegalizatu. Frankismoan gertatzen ohi zen bezalaxe susmoak eta poliziaren zantzu faltsuak izan dira frogak. Erabaki honek argi uzten du PSOEren eta PPren estrategi bateratuan oinarritutako beraien betiko diskurtsoa elikatzeko gerrarako prest daudela, hau da: atxiloketak, torturak, akusazioen asmakizunak, kartzelak…., eta agian gerra zikina ere.

 

Euskal Herriari dagokionean, urteetan, estatuko zenbait poderetik entzun dugun betiko leloa hau izan da: “ Hemen ez dago gatazkarik, ez arazo politikorik, ezta preso politikorik ere. Hemen dagoen gauza bakarra terrorismoa da. Euskal Herria nazionalisten asmakizun bat da. Hau Espainia da”. ETA gorrotatzen badute ere beharrezkoa ziae diskurtsoari eusteko, besterik ez baitakite esaten.

 

Espainako estatuak bere baitan darama indarkeriaren kultura eta estrukturatuta dago. Inork ez dezala pentsa euskal erakunde armatuak behin betirako armak uztea erabakiko balu biharamunean bakea lortuta egongo denik. ETAk inoiz ez du izan indarkeriaren esklusibotasuna ezta bakearena ere. Hemen denok gaude inplikatuta eta gehien bat estatua bera. Hausnarketa honek konponbidea eskatzen du, negoziazioa… ETAk bakea bideratzeko eman du bere pausoa  eta bide horri eutsi nahi dio.

 

Francok inoiz lortu ez zuena eta berau hil ostean, Estatu Espainolaren garaipen handiena  abertzaleon zatiketa lortzea izan da eta estrategi horretan jarraitzen du. Batzuentzako hitz goxoak eta besteentzako madarikazioak eskainiz. Abertzale izatearen funtsa eta definizioa nik ulertzen dudana baldin bada ez dut uste aitzakirik egon litekenik alderdi abertzaleak elkar lanean aritzeko. Euskal Proiekto Nazionala bideratzeko ezin da zatiketarik egon, bestela gureak egin du. Lehen ETA zen aitzakia, orain alderdikeriak ote dira ba?… Interes pertsonalei begira dagoenak ez du herria maite  eta politikan poltronak ekar zezakeen diru iturriak beti dira tentagarriak. Bide hau hartuz gero, eroso bizitzeko apustua egin  dutenek euskal gatazka konpontzeko bideari uko egiten diote, arazoa luzatuz.

 

         Zer nolako eredu sozial eta ekonomíkoa nahi denaren arabera egon daiteke eztabaida. Gobernu espainolak azkanengo hartu izan dituen neurri ekonomikoak ezin dira inola ere onartu, euskal langileriaren eta pentsionisten lorpenak eta eskubideak murriztu kapitalismo espainola salbatzeko. Pentsaera marxistan oinarrituta, Euskal Herria euskal langileriarena izan behar du eta ez espainol kapitalismoarena, eta independentzia geure herriak eta euskerak  bizirik irauteko duen bide bakarra da.

 


  Azken finean, indarrak bildu egin behar dira eta ez elkarri mokoka ari. Estatuak inoiz ETAri ez dio beldurrik izan abertzaleon batasunari baizik. Egun, abian den prozesuari dio benetako ikara, konfrontazio demokratikoari. Hau eman ez dadin errepresiozko makinaria guztia martxan jarriko duela ere zigur gaude besterik ez baitakite egiten. Beraiek inposatu nahi diguten bakearen izenean, gure bakeari egurra. Beraz, ¡ eutsi, ez etsi eta ekin…¡  Ezina ekinez egina.

Politika: Supositorioen kokalekutik miraria…


Euskal Herrian gertatzen ari dena sinestezina eta larria den arren barregura ere sorrarazten du. Hori horrela, kontakizun bat dakart Estatu espainoleko politikagintzari buruz. Ministro, magistratu, epaile, fiskal, polítiko, lehendakari, sailburu, e.a. adarra joten ari zaigu.

Bistan dago ezker abertzaleak azterketarik inoiz ez duela gaindituko. Proiekto polítiko berriarekin ari garan honetan, helburu politikoak lortzeko indarkeriak ez du tokirik izango. Bake atarira eta normalizazio polítikora eramango gaituen eta herriari ilusioa ekarriko dion bideak aurkezten ari gara. Horretarako, Alderdien Legeak jartzen dituen baldintzak ere zehatz-mehatz betetzeko asmoa daukagu, guretzako demokratikoak ez diren arren. Baina gure asmo berri hauek ere ez omen dute balioko. Suspentsoa berriz ere. “Ez da nahikoa” edo “Gutxiegi da”. Zeinek eta PPk, PSOEk, PNVk, Conde Pompidok…, esana.

Abertzale eta ezkertiar bezala agertzen garenoi, bizi osorako etiketa jarri digute. Bizitza normala egiten dugun herritarrak gara, famili, lagun eta gizarte giroan, eta batzuk, garai batean, juztiziarekin izandako zorra kartzelarekin soberan ordaindu genuen. Aginduzko legearen arabera bete beharrei erantzuten diegu, zergak, tasak, e.a., beraz legea bete, nahiz eta eskubiderik izan ez.

Espainiako konstituzioaren arabera herritar guztiok berdinak omen gara legearen aurrean. Esana da bat eta izana bestea, gezurra beraz. Guretariko asko eskubide zibil eta poltikorik gabe daude, proskribatuak gara, non eta jaio ginan herrian bertan. Ez daukagu hitzik egiterik eta ez tokirik. Gure esanak eta egitasmoak oraindik delituak izaten jarraitzen dute, “dena ETA da” tesiarekin. Herri kontzientzia albo batera utzi eta diru kontzientzira aspaldidanik pasatu den Urkulluren alderdi “abertzale” hori da gurí oztoporik gehien ipintzen diguna (ez ditut militante denak zaku berean sartzen) espainol nazionalistekin bat eginda. Baina oztopoak gainditu egin behar izaten direnez, hona hemen ekarpen gisa gure proposamen batzuk, beti ere, gure proiekto hortatik aterako den alderdi politiko berria legalizatua izan dadin:

  1. ETA, Batasuna eta Olentzero gauza bera dela askoren ahotan dago, eta gabonak gainean daukagu. Urtean behin menditik herrira jaisten den pipa hortzetan eta txapela buruan duen gizon bizardun horren presentziak terrorismoaren aldeko apologi giroa sor dezake aurten ere: Presoak, amnistía… Hori gerta ez dadin, Olentzero izenez ezagutzen den hori betirako desterratzea proposatzen dugu eta Papa Noel ekarri. Hori bai, txano gorriaren ordez txapel beltza jarriko genioke euskal ukitutxoa izan dezan. Beste aldetik, Miguel Sanzi eta Patxi Lopezi gure elkartasuna adierazi nahi genieke eta horren lekuko eta froga gisa, gabon kantak beraien elebakarreko hizkuntzan kantatzea nahiko genuke, alegia: “Noche de Dios noche de paz”… eta beste honelakoak ere, “Pastores venid pastores llegad adorar al niño”… eta euskarazko denak galerazi.

  1. Beste proposamen hau ere dakarkizuegu: Ekialde urbiletik etortzen diren Errege Mago horiekin ez gara batere fidatzen. Herrialde haiek gerran daude, eta horien etorrerak arazoak ekar lizkiguke eta hango gatazka honaino zabaldu, terrorismoa eta haserre diplomatikoak alegia. Hau gerta ez dadin, autoktonoa eta label espainola duen gure erregea bultzatzea da gure nahia. Hori horrela, Espainiako erresumari dagozkion hiru ezaugarri jarriko genituzke kabalgatako gameluetan, eta Meltxor izenaren ordez Juan, Gaspar barik Carlos eta Baltasar izenak Borbon ordezkatuko luke. Hau da: Hiru izen ezberdin baina egiazko errege bakarra. Aita, Semea eta Espiritu Santua bezalaxe.

  1. Euskal gazteriari buruz ere badaukagu zerbait esateko. Neska mutil jatorrak diren arren, apurtxo bat inkontrolatu, inkonformista, erreboltari eta geraezinak dira, beraz, geu arduratuko ginateke Ertzaintzaren laguntzaz hauen jarrera antidemokratikoak aldatzeko. Ez diegu utziko terrorismoa goraipatzen duen oihurik aldarrikatzen, “Gora ETA militarra” alegia, eta intsumisioarekin zer ikusia izan zezakeen “Behera korneta militarra” oihua soilik onartuko dugu, doinu, neurri eta onomatopeia berdina izango lukeen arren.

  1. Espainiako apezpikuen arduradun nagusia den Rouco Varela kardinalarekin batzartzekotan gaude. Idatzi bidez eskatu diogu hitzordua. Madrilen izango da. Ezker abertzaleak bere gain hartzen ditu bere ibilbide luzean egindako pekatu guztiak eta parkatzeko eskatuko diogu herriaren eta bakearen izenean. Aitortuko diogu baita ere inoiz ez dugula kantatuko “Eusko gudariak” abestia, eta honen ordez, penitentzia gisa, beste hau izango dela gure manifestazio, konzentrazio eta mitinetan kantatuko duguna; “Damutzen gara bihotz guztitik zeu ofenditu izana, ez, ez, gehiago pekaturikan ene Espainia laztana”.. Horrela, lehen mailako biktimekin daukagun zorra ordainduta geratuko da. Dena den, Josafateko zelaian ikusiko dugu elkar.

  1. Honako beste proposamen hau ere bururatu zaigu. Argi esan nahi dugu, egun, polizia espainiola Espainian dagoenik onena dela. Atxiloketak daudenean profesionaltasun osoz aritzeaz gain %100go eraginkortasuna dutela ere frogatuta dago. Atxilotuek inolako presiorik gabe eta euren borondatez abesti guztiak kantatzen dituzte komisaldegian, “Antero txamarrotia..” ere bai. Inola ere ez dugu onartuko tratu txarrik ematen zaienik. Hori zalantzan jartzen duena gure alderditik kanporatua izango da.

  1. Hezkuntzak oso garrantzia handia du herri honen etorkizunean. Ikastolen egungo filosofia zeharo aldatu behar dela ikusten dugu. Lehenik Espainiako “Formación del Espíritu Nacional” delakoa irakatsi behar zaie. Nork nori nor aditzak eta deklinabide guztiak gaztelaniaz eta ingelesez soilik ikastea proposatzen dugu. Euskara ordea, umetxoei, etxeko maskotei eta baserriko aberei zuzentzeko erabiliko da bakarrik.

Beraz, oso errespetagarriak eta gehienok txit-gorenak zareten, Urkullu (bozeramailea), Conde Pompido, Zapatero, Rajoy, Patxi Lopez, Basagoiti, Rubalcaba, Ares, Rouco Varela…, jaunoi, zer iduritzen zaizkizue gure proposamen hauek?

Positibotzat jotzen dugu zuen ekarpen horiek, bide onetik zoaztela agerian dago, urbiltzen ari zarete guregana, segi horrela…. Baina ez da nahikoa.

Badakizue zer esaten dizueten, supositorioen kokalekutik hartzera joan zaitezela denok.

Aski da! Nahikoa da! Gehiegi da!

Eskerrik asko. Hau da poza, oraingoan gainditu dugu aztereketa. Legalizatuak izango gara. Miraria! Miraria!…… Kontakizun guzti hau atzo gauez egin nuen ametsa izan da. Zati bat egia eta bestea ironia. Nik ez dut kulparik. Aipatuei ere agian gustatuko zaie.

Pello Aramaio Etxaburu (Euskal Preso ohia)