Zorionez, Ertzaintza ez gara denok

Azken egunak ez dira batere samurrak izaten ari euskal jendartearentzat. Ez dugu buru-bihotzetatik kentzen, ez dugu kendu nahi ertzain amorratuen armen bidez eraildako Iñigo Cabacas gaztea.
Herritarron begietan argi dago zein den honen guztiaren erruduna, milaka garelako polizien oldarraldiak sufritu ditugun pertsonak, asko garelako euskal labelarekin saldu nahi izan ziguten polizia horren benetako helburua jasan behar izan dugunak.
Bai, urte luzeetako saiakera egin dute PNVk eta PSEk Ertzaintza disidentzia politikoaren eta herri mugimenduen kontrako errepresioan trebaturiko «polizia integral» bihurtzeko. Urte luzez, gizarteko sektore jakin baten aurka «denak balio duen» lemapean aritu dira.
Eta aspaldi da ez dakiguna nork babestu gaitzakeen poliziaren jazarraldietatik; zigilu legala daramate haien erasoek, onespen legala aitortu zaie herritarrak jipoitu eta, hala suertatzen bada, erailtzeko. Inpunitatea polizien alde dagoen lege araua da. Eta haiek dioskue orain «Ertzaintza denok garela», elkartasuna eskatzen digute… eta hau dena lotsa apurrena ere sentitu barik. Polizia jaun-andreak, ez ezazue zeuen burua engainatu, zorionez denok ez gara Ertzaintza. Ondo dakizue zuek hori.
Hau guztia ez dator bat gure herriak bizi duen une politiko itxaropentsuarekin. Ezker abertzalea eta beste hainbat erakunde zein eragile, herri aske eta burujabearen aldeko indar bilketan sartuta gaude buru-belarri. Herri honetan bizi eta lan egiten dugunok badakigulako zer garen, eta batez ere, zer nahi dugun izan: Euskal Herria, letra larriekin, hori dugu helburu, ez besterik. Argi daukagu ere zer ez dugun nahi, ondo asko dakigu egungo Ertzaintza eta bestelako polizien azken helburua gaur egungo zapalkuntza egoera dagoenean mantentzea dela, etorri badatozen sakoneko aldaketak geldiarazi nahi eta behar dituztelako. Horretarako trebatu dituzte, gure herriaren kateak babesteko diseinatuak daude, eta guk, ordea, kate horiek apurtu eta etorkizuna aske erabakitzearekin egiten dugu amets.
Horrela, polizia eredua oinarritik aldatu behar dela deritzogu. Horretarako, besteak beste, Euskal Herrian jarduten duten indar polizial ezberdinek gomazko piloten moduko material arriskutsuak erabiltzeari utzi behar diote eta, era berean, Ertzaintzaren Brigada Mugikorraren moduan jardun errepresibora bideratuko Foruzaingo, Polizia Nazional eta Guardia Zibilaren talde bereziek disolbatuak izan behar dute. Ez dago beste modurik.
Bestalde, nazka-nazka eginda gaude poliziaren «turnoko» arduradun politikoen gezur, faltsukeria eta inpunitatearekin.
Zer gertatu behar da herri honetan arduradun politiko batek bere dimisioa aurkezteko? Zenbat hildako eragin behar dituzte Ertzaintzaren gerrarako armek Rodolfo Ares Barne sailburua dagoen lekutik kentzeko? Noiz arte itxaron beharko dugu Poliziaren buru gorenak Iñigo Cabacasen erailketan bere ardura onartu eta herritar guztiok jakin badakiguna onartzeko?
Nahikoa da, Ares jauna, ken zaitez herri honen bidetik, jar zaitez bazterrean, zu bezalako beste hainbaten moduan, eta gure oroimenaren azken txokoan gordeko zaitugu: herritarrak jipoitu eta erail dituen poliziaren arduradun moduan, hori baino ez baitzara.
Herri honen etorkizuna zapuztu nahi duzuenok jakin ezazue behingoz, bidean gaudela, gero eta gehiago garela. Herri honetan ibili badabilen askatasun haizea ez da gomazko pilotekin geldiarazten. Eta zuri, hau irakurtzen ari zaren horri: bil gaitezen, egin dezagun aurrera; zabal ditzagun oihalak eta konpromisoak.
Etorkizuna gurea da.

MARCELO BIELSA

Marcelo Bielsa Rosariokoa da, Che Guevararen sorterri berekoa. Ez du iraultzarik egin nahiz eta Athletic zale askorentzat, honek Bilbon egindakoa miragarriagoa izan hark Kuban egindakoa baino. Urtebete ez da pasa Bilbora heldu zenetik eta taldean iraultza ez bada ere iraulketa nabarmena eragin ez duenik ezin da ukatu. Futbola heltzen den munduko edozein txokoetan du Rosarioko maisuak sona. Futbolaz gaindi ere pertsona jantzia dirudi. Futbolari zein futbol munduan dabiltzanek sortzen duten zentzu bereko milaka eta milaka adierazpen aspergarrietatik, zerbait berria entzuteko parada izan genion orain gutxi. Berria, liga profesionaleko entrenatzaile batek esan zuelako eta berria momentuan gaiari zegozkien adierazpenetatik aldentzen zelako. Adierazpen uholdearen alde batean El Mundo Deportivo adibide bat jartzearren; “Tengamos el futbol en paz”. Uholde horren kontrako norabidean Athleticeko entrenatzailea; “El futbol a veces es un segmento que repite situaciones a las que se producen en el resto de las escenas sociales”. Talka egiten dute adierazpen bien zentzuek.

Futbola ez, herri hau da bakea behar duena. Bielsak esan bezala futbola herriak bizi dituen gertakarien isla da eta ez irla.

Ez da izan ez behar bat. Ez da izan gomazko piloten erabilera txarra. Turruneko editorial hauetan behin baino gehiagotan adierazi dugun bezala, ETAren erabakiak, ondorio asko utzi ditu, eta horietako bat, automatikoki Estatua eta bere segurtasun indarrak indarkeriaren erabiltzaile bakar egitea izan da. Gerrarako prestatua den polizia da Ertzantzaren Brigada Mugikorra. Polizia politiko baten lehen lerroa. Gerra materialarekin eta okerrena dena, gerrarako jarrerarekin. Gau hartan botatako pilota guztiek norabide bat zuten, Indautxuko Herriko Taberna eta bitartean ziren ehundaka buruak automatikoki sektore politiko zehatz batekoak Ertzantzaren buruen burmuinetan. Ezker Abertzalearen kontra ekiteak ematen dieten inpunitateaz jokatu dute urteetan eta oraingoan ez die ondo irten.

Ez omen dute gomazko pilotarik gehiago erabiliko, baina ez da nahikoa, gorago esan bezala jarrera kontua da, erabaki politikoak dira hartu beharrekoak. Zein izan behar da urteetan edozein disidentzia eta batipat herri honen askatasun sozial eta nazionalak defendatu dituen sektore politiko zehatz bat zapaltzeko (eta ez bakarrik gomazko pilotekin) sortua izan den poliziaren funtzioa hemendik aurrera?

Gisako galderak argitu ezean, futbolak herriak pairatzen duenaren islada izaten jarraituko du. Marcelo Bielsa dixit.

JUAN BALENTZIAGA EZINDUAREN GREBA OROKORRA!

Gaur, maiatzak 29, benetan OROKORRA Ondarroako herri osoak egin duen greba! Zorionak ondarrutar denoi. Baina utziko didazue ondarrutar batek egin duen greba berezia aipatzea eta goraltzea.

Ondarroan hain ezaguna dugun Juanito Balentziaga Ondarroako Artibai Egoitzan ingresatuta dago. Egun osoan bere karrotxoan eserita. Egoera berdinean dago bertan Mari nire emaztea.

Gaur eguerdian, Mari nire amazteak bazkaldu duenean, Artibai Egoitzaren alboko Zuhaiztira atera dut Mari bere karrotxoan, eguzkia hartzera.

Eguerdiko 13:30ak aldera Egoitzara itzuli eta Egoitzan ingresatuta daudenen egongelara sartu garanean, hara non ikusten dudan Juanito bera ere egongelan. Harritu nau Juanito han ikusteak, Juanitok eta beste hainbat lagunek 13:00etan bazkaltzen baitute.

Berehala hurbildu naiz Juanitorengana, ea zerbait gertatzen ote zaion galdetzera. Hara non aurkitzen dudan gure Juanito bere lepoan itsatsita duela LABek banatutako pegatina: “Greba Orokorra M29. Demokrazia eta Justizia Soziala. Euskal Herriak erabaki du: INPOSAKETARIK EZ! LAB”. Berak, ezindua denez, ezin omen du langileen moduan grebarik egin gaurko egunean. Baina bera gaurko egunean ez da geldituko grebarik egin gabe. Ez horixe!

Hara zer asmatu duen gure Juanitok berak ere greba egiteko gaurko egunean. Gaur, lagileen greba egunean, bera ez da jeitsiko jantokira, ez bazkaltzera, ez afaltzera:

Esan eta egin. Gure Juanitok ere gaurko greba orkorrean parte hartu EGUN OSOAN EZER JAN GABE GELDITUZ!

Juanito laguna, beti izan zara zu “numero uno” gauzak asmatzen. Zuk asmatu zenuen “ARRANTZALE EGUNA” Ondarroako Andra Mari jaien barruan. Zuk asmatu duzu gaur, langile jubilatuok ere GREBA OROKOR BATEN parte harzeko bidea, hots, EGUN OSOAN EZER JAN GABE EGOTEA! EGUN OSOAN BARAU EGITEA!.

Zu lakorik, Juanito! Eskerrik beroenak langile jubilatu guztion izenean. Jubilatuta egon arren, langile borroketan parte hartzeko bide berri bat erakutsi deuskuzu eta.

Langileek greba orokorra egiten dutenean, guk, langile jubilatuok ere BOIKOTA JANARIARI.

Ondarroan, 2012ko martxoaren 29an.

BLOWING IN THE WIND

“Konponbide haizea dabil” adierazpenarekin azken bi urtetan emandako urrats bakoitzarekin moduan hautsak harrotu ditu ezker abertzaleak. Denek izan dute mintzagai, ohi moduan kritikatzeko izan bada ere. Euskal jendartearen haizeak brankaz jotzen ditu ordea. The wind that shakes … Garagarra?

Indarkeria eta zapalkuntza egoeratik bidezko bake iraunkorrera eramango gaituen trantsizioa egiteke dago oraindik Euskal Herrian”.  “ETAren erabakiak ez du bakea ekarri, ez du indarkeria guztien amaiera ekarri”. Hilabete honetan mugaren bi aldeetan jarraitu dute atxiloketek. Ondorioz torturak. Torturapean ateratako deklarazioetan oinarritutako espetxe eskaerak Asier, Ibon, Xeber, Urtza, Zunbeltz, Olaitz eta Igorrentzat. 117 urte denera. Zenbat urtez bizi daiteke pertsona bat, aske izatea baimentzen zaion aurretik? Zenbat aldiz biratu dezake gizonak burua, ez ikusiarena eginez?

Donostiako adierazpenarekin beste ekarpen bat egin da, trantsizioa oinarri politikoen baitan egin behar delako, ez norbaitek eskatu duelako ezta norbait pozteko ere. Norbere erantzunkizunetatik. Aieteko Adierazpenak markatutako bide orrian beste ekarpen bat da. Atentzioa ETAren biktimekiko izandako jarrerarekiko autokritikan jarri dute askok, adierazpenak dituen beste indarguneak estali nahian edo. PP eta PSOE modu erasokor eta bortitzean oldartu dira adierazpenaren kontra. Ez nahikotasunaren diskurtsoa da nahikoa ez dena. Ezker Abertzaleak beste urrats bat gehiago eman du besteek bat bera ere eman ez dutenean.

PNVk, orain arte bezala, euskal jendartearen sentimenduetatik baino PPeta PSOErengandik hurbilago kokatu du bere burua. Gernikako Akordioan, Bilboko manifestazioan, Donostiako adierazpenean aurkitzen ez duen lekua, Madrilen PP-PSOEren aldamenean aurkitu du.

Igandean ezker abertzaleak euskal herrian arma guztiak behin betirako indargabetzea eskatu du. Estatuak bereak ez dituela erabiliko esatea soilik, ez nahikoa izan arren, aurrerapausoa lizateke. Zergatik ez dute Egiaren Batzorderik nahi? Independientea eta nazioartekoa den batzordea, politikoki neutrala. Beldurra al diote egia osoa ezagutzeari? Zergatik uko egin Elkarrizketari eta denen artean adostutako Akordio Demokratikoari? Horiek dira Ezker Abertzalearen adierazpenaren edukiak. Erantzuna, lagun, haizean putz eginez dabil.

ONDARROAR ARRANTZALEAK MATXITXAKO LURMUTURREKO BORROKALDIAN.

Borrokaldi horren 75. urteurrena handiki ospatzen eta gogoratzen ari da egun hauetan Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herritan.

Ondarroako herriak ere badu zergatik gogoratu 1937ko martxoaren 5eko arratsalde hura.

Arratsalde horretan, hain zuzen, Eusko Itsas Gudarosteko “Nabarra bou” armatua, “txikiak handiari aurre eginaz”, “Canarias” Espainiako guda-ontziaren kanoikaden ondorioz betirako hondoratu zen Kantauri itsasoan.

Bertan galdu ziren gudarien artean baziren bi ondarroar ere.

Bata, Jose Aramaio Markuerkiaga. Segundo Arkotxa Solabarrieta, bestea.

Jose Aramaio Markuerkiagak timonel postua betetzen zuen. EAJ-ELA bere joera pokitikoa. 37 urte zituen hil zenean.

Bere heriotzako orduan, bere alboan aurkitzen zen Jabier Olabeaga “Nabarra”ko 2. ofizialak honela gogoratuko zuen Jose Aramaio Markuerkiagaren heriotza:

“Aproximadamente a las dos horas de iniciado el combate, estábamos el timonel y yo en el puente cuando en uno de los disparos del Canarias, entraron trozos de metralla por la puerta de babor que estaba abierta. Uno de éllos alcanzó de lleno en la espalda al timonel Jose Aramaio, haciéndole un gran boquete. Murió en el acto”  (C. Blasco Olaetxea, “Dialogos de Guerra – Euskadi 1936”, 63. or.)

Geroago, eta Blasco Olaetxearen galderari erantzunez, zera adiearaziko zuen: “… Otra situación que me ha dejado un hondo recuerdo fué ver caer muerto al timonel, Jose Aramayo, con el que estuve durante todo el combate en el puente  (Ibidem, 63. or.)

Segundo Arkotxa Solabarrieta, aldiz, 33 urte zituela hil zen, “Nabarra” guda-ontziaren kubiertan bertan, antza, “Canarias” guda-ontziak jaurtitako obus batek jota. Koipeztatzaile (engrasadore) lanak betetzen zituen. ELA sindikatua bere joera politikoa.

Bi ondarroar hauek Eusko Itsas Gudarosteko itsas-ontzi baten ikustean, batek baino gehiagok muzturra okertu duzue, sinesgogor keinua eginaz.

Egia da Ondarroako herria indar frankisten menpe zegoela 1936ko urriaren laua geroztik. Ondarroa zan Bizkaiko herri bakarra Francoren menpe zegoena.

Baina 1936ko irailaren azken egunetan, indar militar frankistak hurbiltzerakoan, Ondarroako arrantza-ontzien ihesaldi masiboa gertatu zen, dispertsio zabal eta mingarriari hasiera emanaz. Ondarroan zeuden 71 bapore eta motorretatik 12 soilik geratu ziren herrian. Gaineranzko 59 arrantza-ontziek -handienak eta indartsuenak- herritik alde egin zuten. Herritarrrez mukuru, alde egin ere!

Iparraldean babesa aurkitu zuten 12 arrantza-ontziak izan ezik, beste denak Bizkaiko beste portuetara sakabanatu ziren. Gehienak Plentzian eta Santurtzin bildu ziren.

Ihesaldi hura gertatu eta egun gutxira, Eusko Jaurlaritza sortu zen Jose Antonio Agirre lehendakari zela. 1936ko urriaren 15ean, Jose Antonio Agirrek Itsas Saila sortu zuen Defentsa Departamendu edo Sailaren baitan. Eta berehala deia egin zuen Eusko Itsas Gudarosteko itsas-ontzietarako bolondresak eskatuz.

BERROGEI ETA HAMABI ONDARROAR ARRANTZALE BOLONDERS AUKEZTU ZIREN.  Denok 1936ko ihesaldian Ondarroatik alde egin zutenak. Hurrengo hilabeteetan borrokatuko zuten Euskadiko Gudontzidiko gerra-ontzi ezberdinetan.

Jaun Pardo San Gilen “Euzkadiko Gudontzidia. La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-39)” liburuan agertzen dira ondarroar gudari bolondres haien izenak.

Agur eta ohore zuoi, duela 75 urte “Nabarra”n bizia eman zenuten Jose Aramaio Markuerkiaga eta Segundo Arkotxa Solabarrieta ondarroar gudarioi!

Ondarroan, 2012ko martxoaren bostean

(Patxi Etxaburu Ajarristak ere sinatu du artikulu hau)

 

Etorkinak… ondarrutarron eredu

Gaur, bazkal ondoan, irakurri dut GAUR 8, Gararen asteburuetako eranskinean, “Bidaideak” dokumentalari buruzko erreportaia interesgarria. Erreportaiaren bidez Euskal Herrian bizi diren emakume etorkin ezberdinek bizi -sufritzen, hobeto esanda- duten bizimoduaren berri jaso dut. Baita hunkiturik jaso ere.

Bereziki bihotza ukitu didate Hondurasko Norma Figueroa, bi seme-alabaren ama den hitzek: “Nire amak 11 seme-alaba izan ditu eta orain nire seme biak ari da hazten; gustura egiten du, baina batzuetan gaizki sentitzen naiz”.

Hitz hauek gure artean bizi diren hainbat etorkinen portaera txalogarria burura ekarri didate.
Azken urteetan, Posta Etxera joan naizen guztietan aurkitu dut etorkinen bat -sarritan, bat baino behiago- bere dirutxoa bialtzen bere jaioterrian bizi diren etxekoei.

Ziur nago gure artean bizi diren etorkinek ez dutela dirutzarik irabazten. Hala ere bai ondo be ondo betetzen dutela euren kulturan gizonezkoei dagokien eginbeharra. Aipatutako erreportaian emakume etorkin batek dion bezala: “Gure kulturan gizonak betetzen du diru hornitzaile papera”.

Ondarrutar guztion partez zorionik eta eskerrik beroena ematen diguzuen ikasbide eredugarriagatik. Zuok, etorkinok ere, zuon etxekoak eta jaioterria ahaztu gabe, gaur eguneko gure Ondarroa egiten ari zarete. Zuok ere ondarrutar peto-petoak zarete.

Ondarroan, 2012ko otsailaren lauan

Zaindu maite duzun hori

Aurrekoan, Euskadi Irratia entzuten nindoan kotxearen lema Lekeitiorantz neraman bitartean. Halako baten, ez dakit zein irratsaio zen, elkarrizketa egin zion irrati-esatariak mutil euskaldun bati. Mutila oporretan zegoen, kruzero batean. Orain arte, dena normal-normala! Baina, zelako kruzeroa! Kruzero Hevya! Bai bai, benetan!

Oporretako itsasontziak Miami zuen abiapuntu ,eta Kaiman uharteak, helburu. Bien bitartean, ibilbidea egin bitartean, kontzertuz beteriko agenda zeukaten itsasontziko bidaiariek. Redios! Eta ni halakorik entzun barik!

Zelako gauzak asmatzen dituzte batzuek! Kontzertuak entzuteko halakoetara joan beharko al gara?

Halakoetara edo jaialdi handietara? Ez, hala?

BBK Live, Azkena… Ez dakit ze talde ezagunek Euskal Herrian jo behar duen enegarren kontzertua… Horiek dira, begi bistan ipintzen dizkiguten aukerak! Promoa, promoa eta promoa. Saldu, saldu eta saldu. Handia, handia eta handia! Beste formatuak lekuz kanpo daude!

Eta bertoko musika? Non ikusi? Non disfrutatu? Ez, ez du balio, BBK Liven arratsalde hasieran programatutako Zaramaren kontzertuak! Horrek, ez du balio! Bueno, akaso, batzuentzat: bai. Galdera errepikatuko dut; bertokoa, non ikusi?

Bada, Euskal Herriko gaztetxe, antzoki edo eta herrietako jaietan, ezta? Baina horiek ere inguruan suertatzen ez baldin badira… alpergura… Gainera, garesti! Oso! 6 euro, jaietan doan ikusitako taldea? Baina, musiko horiek, zer uste dute!

Hori bai, jaialdiko 90 euroko abonua merkea da. Zelan ez! Barkatu, merkea ez: merke-merkea! Hogei taldetik bi ezagutzen ditut, baina irratian esan dute besteak oso oso oso onak direla! Eta nik sinistu egiten dut hori! Zertarako joan etxetik gertu-gertu, areto batek muntatutako ondoko herriko musika talde baten kontzertura?

Zorionez, Ondarrun halakoetara hurbiltzen diren herritarrak badaude oraindik orain. Bertoko artistek zuzenean eskaini behar dutena apreziatzen duten herritarrak ez dira gutxi gurean eta inguruko herrietan! Baina, pixkanaka-pixkanaka gutxitzen doaz. Erreleborik ez dute hartzen…

Hala eta ere, onartu beharra dago; herriko kultur eskaintza ez da txikia! Gaztetxe, Katetxe, Portuko ranpi edota Kafe Antzokiaren artean egitarau polita antolatzen dute astea joan eta astea etorri.

Hurrun joan barik, aurreko asteburuan Esne Beltza, Porrotx edota Mostoleseko Non Servium taldeak izan dira gurean. Eta asteon, Mikel Urdangarin eta Combat Christ eta Possexus ondarrutarrek hartuko dute lekukoa! Ez dago batere txarto!

Udatik hona, Itziarren Semeak, OST, Pantxoa ta Peio, Ken 7, Vendetta, We are standard, Governors edota Ze Esatek pasatu dira herritik. Herriko NCK, Takuma Sato edo Friskis ahaztu gabe! Astero zer edo zer eduki dugu!

Eta oraindik orain, bateren bat kexatuko da: Ondarrun ez da inoiz ezer antolatzen! Ez?

Sarritan, euskal musika programazioari dagokionez, hiriburuetan antolatzen dutenaren pareko gaude. Eta gu enteratu barik…

Aukera aprobetxatzen jakingo dugu, ezta? Edo beste hainbat lekutan egin antzera, kruzero edo musika mega jaialdietara joaten asetuko dugu gure musika gosea?

Batek jakin! Ruper Ordorikak esaten duen legez, “zaindu maite duzun hori”. Hala ez dugu maite?

Bitartean, hurrengo kontzertua…

Urtarrila, hilabete oparoa


Hilabete oparoa izan da urtarrila berri politikoei dagokionez. Hartara, Blanka Antepara eta Txillardegiren omenez idaztea bidezkoa litzateke. Ezinbesteetako bi. Zentzu berean kontrako arrazoiengatik bada ere, berdin esan genezake Fraga Iribarnetaz, epaitegietatik pasa gabe eta gainera Konstituzio demokratikoaren aitakortasuna irabazita joatea lortu duenaz. Gasteiz eta Jurramendi denboraren gurmapean ahaztu dira nonbait.
Arabako PNVk Miñaoko aferan parte hartze zuzena eta politikoa izan duela adierazi berri du kasua daraman epaitegiak eta Gipuzkoako Aldundian 250 milioi inguruko defizitaz topo egin duela, Bilduk. Kutxabanken sorrerarako funtsezkoak izango diren hilabete hauetarako, kutxen ordezkaritza organoak ez berrizteko PNV, PP eta PSEk hartutako erabakia ere adierazgarria da oso. Gogorra eta egozkorra egiten ari zaie errealitatea. Eta Raxoiren gobernuari ere horrelako zerbait gertatzen ari zaiola dirudi. Euskal Herrian zabaldutako prozesua berarekin ez doanaren irudia eman nahi izateak helburu argia du, prozesua inpasse edo blokeo egoerara eramatea, urratsak eta erritmoak berreskuratzeko. Esan bezala ordea egunerokotasuna burugogorra da, egoera ekonomikoak utziko du bere lekuan Raxoi, baina eremu politikoan ere gero eta zailago zaie errealitate birtualak sortzea. Haatik, estaturik gabeko naziook burujabetza politikoa, ekonomikoki hobeto izateko ezinbestekoa dugula eman du aditzera Jim Mather SNPko enpresa eta energia ministro ohi eskoziarrak egunotan Euskal Herrian. Euskal Herriak eta Kataluniak Eskoziak bezala, independiente izateko osagai guztiak dituztela ere esan du.
Ostrukarena egitea deliberatu du PPk, baina hemendik ez bada handik, hori ezinezkoa egiten dioten gertaeren zaparrada etengabea da. “Ados zaude Eskozia nazio independientea izateaz?”. Erresuma Batuko biztanlegoak edota klase politikoak Alex Salmondek proposatutako galdera naturaltasun osoz hartu duten bitartean, Espainiak, Europar Batasunean aukera hori betatuko duela iragarri du. Eskozian barre algaraka daude oraindik. Badakizue Fragaren ispiritua.

2012: bidean aurrera egiteko urtea

Urte barrixaz batea, turrunin editorialak publikako douz noixipein, Euskal Herrixan eta Ondarrun bertan gertaten dizen gauzai buruz geure ikuspegixe azaltzeko. Gogoratu, zeuek be ahal dozuezela zeuen iritzixak bixaldu berton publikateko: otzara@hotmail.com

2011 ez da nolanahiko urtea izan. Urtarrileko ETAren su etenak, Aieteko Konferentzia eta borroka armatuari amaiera emateko erabakia ekarri du urtean bertan. Ez dira izan gertaera bakan eta isolatuak. Hautu irmo eta sendo baten ondorenak izan dira. Lehenagotik egiten datorren bidean geltoki sahiestezinak.

ETAren erabakiak gobernu espainola eta frantsesa egiten ditu biolentziaren erabiltzaile bakar. Ziklo berria zabalduko da beraz Euskal Herrian. Ziklo berri honen lehen urteak, euskaldunok Nafar Independentzia galdu genueneko 500. urteurrenarekin bat egiten du, 1512an Albako Dukeak armen indarrez Hispaniako Erregeen menpeko bilakatu ginduenetik. Kate berdinean beste katebegia alemaniarren laguntzaz Francok, Albako Dukearen helburu berdinez, Gernika bonbardatu zueneko 75. urteurrenarekin datorkigu 2012an.

500 urtetako dominazio politiko eta militarra ez da nahikoa izan jada 70. hamarkadatik hainbatek sinatu nahi izan duten “domuit vascones” hori sinatzeko. Areago, hautuak zutik jarraitzen du, inoiz baino indartsuago. Belaunaldi berriak gehitu eta besteak berreskuratu. Ilusioak eraberritu. Ezker abertzale berria Sortu!

2012a, urtarrilaren 7an Bilbon hasita, bidean aurrera egiteko urtea izango da. Egin dezagun bidea. Independentziaraino. Urte berri on!

EMAKUMEEN ETA GIZONEZKOEN BERDINTASUNAREN ALDEKO BORROKA ONDARROAN

Duela egun batzuk, Argia astekariak erreportaia interesgarria eskaini digu Ondarroako Zaldupe Ikastetxe Publikoan neskatoak eta mutikoak BERDITASUENAN hezteko egiten ari diren lan ezkergari buruz.

Udal Berdintsun Sailak ere egitarau zabala antolatu digu “Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarrteko Eguna”ren karietara. Hainbat ekintzen artean, Kofradia Zaharrean azaroarenm 19tik abenduaren 2ra irekita dagoen “Patriarkaturik gabe, denok jabe. indarkeria matxisten aurkako Erakusketa globala” ikustera hurreratu naiz.

Bertan ikusgai dauden panel ezberdinei begira ari naizela deigarri egin zait STEE-EILAS sindikatuaren panelean irakurri dutan “LA COEDUCACION ES EL CAMINO” izenburuak.

Erakusketan ikusitakoak eta Argiaren erreportaian irakurritakoak nire historia zaletasunean ukitu naute.

Zorionez joan ziren pikutara nik ezagutu eta bizi izan nituen eskola haiek. Nesken eta mutilen eskolak, ondo bereiztuta eraikin ezberdinetan. Maistrak neskentzat; maisuak mutilentzat.

Ondarroan, egia esan, izan ziren Eskolaurre bi. “Parbuluak” deitzen zieten herritarrek. Biak “Gurutzeko Alabak” lekaimeen ardurapean. Bata, ordaidutakoa, lekaimeen euren Ikastetxean; bestea, ezer ordaintzen ez zena, gaur egun “Bar Guria” dagoen tokian.

Batan zein bestean, lau urtegaz-edo hasten ziren eskolan neskatoak eta mutikoak nahasian. Baina, lekaimeen Parbuluen Eskolako mutikoak, sei-zazpi urtera iristerakoan, Herriko Eskolatara joaten ziren. Parbuluen beste Eskolan, aldiz, herriko esloletara joaten zirenak sei-zazpi urteko neskatoak izaten ziren.

Datu hauek Jose Maria Etxaburu “Kamiñazpi” ondarrutar idazleak idatzitako “Ondarroa’ko Kontuak” liburuan, “Nire ume denporako eskolak” atalean, aurkituko dituzu. Ordaintzen ez zen “Parbuluen Eskolan” egin zutuen bere lehen ikasketak. Bertan bizi eta ikusi zituenak idatzita utzi dizkigu aipatutako liburuan.

Baita hor daukagu Celedonio Arriola Eskolako historia biltzen duen “Celedonio Arriola Eskolak (1929-2004)”, Argia Garrido Beristain nire lagunak idatzitako liburua ere. Bertan agertzen dira 1969-1970 ikasturteko ikasleen zenbait argazki. Neskatoak euron maistrarekin; mutikoak euron maisuarekin.

Ordurako, egia esan, herriko eskoletan gertatzen ari zen neskatoen eta mutikoen bereizketa hura gaindituko zuen hezkuntza eredu berria martxan zegoen Ondarroan. Halaber 1967. urtean Ikastolen mugimendua iritsi zen Ondarroara.

Ondarroako lehen ikastola Haurtzaindegi moduan ireki zen Antzosolon 1967ko azaroan, Berriatuko udalak (Ondarroako garai hartako udal eta eliz agintarien aldetik ez zegoen tokirik ikastolarentzat!) Agurtzane Jaio Galiano irakasleari eman zion baimenari esker. Bertan neskatoak eta mutikoak elkarrekin eskolatu ziren.

Garai hartan baimen ofizialak lortzea zen arazo larriena. Baimena edukita ere, egia esan, ez zen arazorik falta izan.

1968/69 ikasturtean, Antzosoloko Haurtzaindegia Artabide kalera, gaur egun Kresala elkartea dagoen tokira aldatu zen. Baina ez arazorik gabe. Ikastolako arduradunek garai hartan Ondarroako alkatea zen Migel Angel Arrizabalaga Arkotxa “Xaxi”ri ziurtatu behar izan zioten Artabiden ireki nahi zen “hura” ez zela “Escuela de Arte y Declamación para hijos/hijas de socios de la sociedad Kresala” bat baino.

Egoera berezi honi erantzuteko, eta Ondarroako Ikastolaren mugimendua babesteko, Ikastolaren Mugimendua Ondarroan bultzatzen ari ziren eta beste hainbat herritarren artean Egunsentia Irakaskuntz Kooperatiba sortu zuten. 1970ko irailaren 23an onartu zituen bere Estatutuak Madrileko Lan Ministerioak.

1970-1971 ikasturtean haurtzaindegian zebiltzan ume batzuek O.H.O.ko ikasketak hasi behar zituzten. Ikastolako arduradunek gela bat alokatu zioten Santa Klara Kofradiari. Gaur egungo Anaitasuna tabernaren alboan eskaileratik igo eta dagoen gela, hain zuzen.

Zubi Zahar ikastolaren OHOko lehen gela hau baimen ofizialik gabe ireki zen. Izan ere, OHOko ikasketak emateko Madrileko Hezkuntza Ministerioaren baimena behar zen. Baimen hau 1972ko ekainaren 26an iritsi zitzaion Ondarroako Ikastolari. “Colegio Zubi Zahar (Puente Antiguo) C/ Cruceño, s. n. en Ondarroa /Vizcaya”, Madrileko agintariek sinatutako agiriaren arabera.

Zubi Zahar ikastolak baimen ofizialik gabe jardun zuen bi ikasturte haietan gorriak ikusi behar izan zituzten ikastolako arduradunek, sortzen ziztzaizkien arazoei aurre egiteko. Besteak beste, Zubi Zahar ikastolako ikasleen eskolaketa-liburuak eurak ere legalizatuta zegoen beste ikastola bateko irakaslek sinatu behar izan zituzten.

Zorionez, Zubi Zahar ikastolak urrats sendoak ematen ari zen haurren heziketa arloan. Euskara arloan, lehenik. Baita neskato eta mutikoen berdintasunaren arloan ere. Eskolaurrean elkarrekin ikasi eta hezi ziren ikasle haiek OHOko ikasketen mailan ere elkarrekin jarrituko zuten normaltasun osoz.

Horrela ateak ireki zitzaizkion Ondarroan NESKATOEN ETA MUTIKOEN HEZKIDETZARI.

Hau guztia, zoritxarrez, ez da izan urrats bat besterik EMAKUMEEN ETA GIZONEZKOEN BERDITASUNAREN ALDEKO BORROKAN.

Argia aldizkariak Ondarroako Zaldupe Ikastetxe Publikoaz argitaratu berri duen erreportaian bertan islatzen da nolako arazoak dituzten eta nolako lana egiten ari diren neskatoen eta mutikoen berdintasuna lortzeko. Adibide esanguratsua da jolastokian aste bi egunetan futbolean ez jokatzeko akordua hartu behar izana. Antzeko neurriak hartzea aztertzen ari dira Zubi Zahar ikastolan ere.

Aurrera irakasle, guraso eta beste herritarrok! Aurrera guztiok kementsu EMAKUME ETA GIZONEZKOEN BERDINTASUNAREN ALDEKO BORROKA LUZE HONETAN!

Ondarroan, 2011ko azaroan

Imanol Oruemazaga Baseta.

Hamen Imanolek aipatzen daben Argiako artikulu: http://www.argia.com/argia-astekaria/2299/genero-berdintasuna-ikastetxean