Agur eta ohore Angelin!

IMG-20160404-WA0015

Barri txar bat jazo dou Euskal Herrixan. Anjel Aldana deportau hil de eukan gaixotasunan ondorixoz. Karta honetan beran ibilbidi esplikaten da…

Venezuelako Euskal Errefuxiatu eta Deportatuen Politikoen Kolektiboaren komunikatua

Agur eta ohore Angel,

Gaurko egunez, Venezuelako Errepublika Bolibartarreko errefuxiatu eta deportatu politiko euskaldunok zure galeraren berri latzarekin esnatu gara; kide eredugarria galdu izanaren min jasanezinarekin. Zure bidea gure argi izango da independentziaren eta sozialismoaren bidean, Angel.

Gazte gaztetatik zure herriaren borrokari lotu zinen eta, fusila eskuan, gure herriaren askatasun gogoak belaunikatu nahi zituen diktadura frankistari aurre egitea erabaki zenuen. Ez ziren zalantzatan ibiltzeko garaiak, borroka eta konpromiso garaiak ziren eta zure bizitza eskaintzeko zalantzarik ez zenuen izan.

Aukeratutako bideak, zinez maite zenituenak atzean uztera behartu zintuen, zure emazte Ana, zure seme-alaba Ihintza, Garazi eta Haitz, zure anaiak, ilobak eta, nola ez, hainbeste maite zenuen herria. Beti izan dituzu gogoan, hamarkada hauetan Euskal Herriko soroak erein dituzten gainerako kide guztiekin elkartu zarenerarte.

Aurre aurrean borrokatu zenuen, kartzela ezagutu zenuen, erbestea, deportazioa, tortura, bahiketa, baina inoiz ez zuten lortu zure askatasun egarria makurtzerik. Ukabila zutik eta zure betiko duintasunarekin utzi gaituzu.

Frankismoak bere ziegetan sartu zintuen, bai eta Francok utzitako demokrazia faltsuak ere. Iparraldean erbestea ezagutu zenuen eta han jaio ziren zure seme-alaba maiteak ere. Frantses gobernuak, Espainiaren errepresio-politikaren lagun, Ekuadorrera bidali zintuen. Han, poliziak bahitu eta beste kide batekin batera tortura latza jasan zenuen. Handik Dominikar errepublikara eta Panamara. Bertan bizi izan zenuen amerikar gringoen inbasio bortitz eta odoltsua. Azkenik, euskal jatorriko nuntzio apostolikoari esker, Panamatik Venezuelara heldu zinen, Bolivarren herri honetara.

Hainbeste maite zenuen Chavez handiaren eskutik herri honetan abiatutako prozesu bolivartarrarekin bat egin zenuen eta munduko herri guztien subiranotasun-borrokarekin zure konpromisoa berritu zenuen. Mundu justuago baten aldeko borrokan, Iraultza hau zure azken arnasara arte defendatu zenuen sozialismoaren bidean.

Zure borroka- eta konpromiso-bidean beti izan zenuen garaipenaren uste sendoa, bai Latinoamerikan, bai gure Euskal Herrian. Zure moduko pertsona eredugarriek pertsonen onena utzi diguzue eta, Pakito Arriaran gogoratuz, maitatzeko herriak.

Beno Angel, gurekin utzi dituzu zure maitasuna, apaltasuna, indarra eta eredua. Zuk utzitako hutsunea betetzea ezinezkoa izango da, baina ziur egon, beti bezala, gure esku dugun guztia egingo dugula gure herriek bere helburuak erdietsi ditzaten eta independentzia- eta sozialismo-ametsak lehenbailehen egia bilakatu daitezen.

Gure iraganarekin harro eta etorkizunarekin konprometituak,

Angelin, zure izarra gure argia.

Kartzela barrun badakiau presuk euran osasun eskubidi urratute dakarrena, eta “kalin” egon arren eskubide hori be zapaldute dakarre iheslai eta deportauk bixi daben egoeriatxik. Jazarpen poliziala eguneroko ogixe da. Nahiku de!

Herrixan iheslai bat dakau egun, kartzelan egon ez arren barrote ikustezinez preso dakauen lagune. Ezin dotsauena idatzi, ezin dotsauena bixitxaik ein, ezin douena imajina zelan egongo dan nun dan be ez dakiauelako, ezin dotsauelako lagundu… o bai… baaaiiiiii, laguntzeko bidi danak Euskal Herrire buelta eitteko borrokatzi douelako. Ta momentuoro jakin aratxi berai, eurakin gazela… ez dazela bakarrik, eta hamentxe nahi eta bihir douzela.

Iheslai,deportau eta presuk etxea!

Angelin… agur eta ohore!

AngelinOmenaldi3