BILLOTXIK Donostiko giza eskubidin zinemaldixan. Gaxoik dazen presuk ETXEA!!!

z

Gaurko ekintza honen bidez, Ibon Iparragirre Burgoa eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko presoek jasaten duten biluztasuna islatu nahi izan dugu. Hau da, mendekuan oinarritutako espetxe politikaren aurrean gaixo larri dauden presoek ez daukatela inolako babesik, indefentsio egoeran aurkitzen direla. Eta indefentsio egoera horrek, euren gaixotasunaren ondorioak areagotu baino besterik ez dituela egiten, eta baita ere gaixotasunaren beraren hedapena erraztu.
Ibon Iparragirrek, esaterako, HIES-a dauka C estadioan. Honek zera esan nahi du: bere gaixotasuna sendaezina dela eta degeneratiboa. Bai Basurton eta bai Madrileko Gregorio Marañon ospitalean egin dizkioten txosten medikuek “leucoencefalopatia multifocal progresiva”, “episodios convulsivos”, “deterioro cognitivo” eta “probable demencia sida” aipatzen dute Ibonen diagnostikoan. Hau da HIESak burmuinari ukitu dio, eta besteak beste, ikusmena galtzen ari da: ezin du irakurri eta ez du ezagutzen aurrean daukana, lau metrotara eduki arren. Egoera hau jada zaila bada askatasunean, irudika dezagun zernolako sufrikarioa ari den pairatzen Ibon egunerokotasun batean.


Ibon gainera, Alcala-Mecoko gainontzeko preso politikoak ez bezala, bakarrik dago preso sozialekin, aparteko modulu batean. Hau da, bere gaixotasunaren ondorioak areagotu egiten dira premia daukanean ez daukalako nori laguntza eskatu, nori eskatu gutuna irakurtzeko, edo instantzia bat betetzen laguntzeko. Bakarrik egotean, hainbat aldiz lapurtu dizkioten gauzak bere ziegatik, horietariko batean ordezko haginetakoak ere; lau aldiz izan da erasotua edota jipoitua, batzuetan kartzeleroek eta bestetan hauek zirikatutako preso sozialek.
Bere arreta medikuaren inguruan, bere tratamendua kartzelan sartzeko urtebete igaro dela aipatu behar da. Ondorioz, bere defentsak 200tik behera daude une honetan (osasun normala duen edonork 1500-2000 inguru ditu), 10 kilo baino gehiago galdu ditu eta geroz eta zurbilago dago, eta defentsen jaitsierak eragin dezakeen edozein infekzio oportunistaren menpe. Etxe kartzelan zegoenean odol analisiak eta erresonantziak hiru hilabetero egiten zizkioten, eta Basauriko kartzelan entregatu behar izaten zituen. Orain, bigarren gradúan preso dagoela, sei hilabeteren ostean odol analisiak egin dizkiote, eta bederatzi hilabete pasatu dira azken erresonantzia egin ziotenetik. Hau da, ez dauka artatze edota jarraipen mediku zorrotzik, eta une honetan ezin da jakin zein punturaino egin duen okerrera bere egoerak.
Honen guztiaren aurrean Ibon biluzik aurkitzen da, estatu inpunitatearen aurrean BILUZIK, eta guk geuk ere era honetako protesta bat bideratzea erabaki dugu giza eskubideen arloan Ibonek eta gaixo larri dauden gainontzeko presoek pairatzen duten egoera salatzeko. Zeregin honetarako aukeratu dugun testuingurua ezin aproposagoa izan: Donostian burutzen ari den giza eskubideen inguruko dokumentalen festibala. Argi dago giza eskubideen urraketak mundu guztian gertatzen dela, eta guztiak direla salatzekoak. Gure kasuan, dokumentalik ezean, performance honen bidez Ibonek jasaten duen giza-eskubideen urraketa salatu nahi dugu, eta bere BILUZTASUNA, INDEFENTSIO EDO BABES GABEZIA mendekuan oinarritutako espetxe politika bultzatzen duten arduradun politikoen aurrean.
IPARRA GALDU BAIK, IBON ETA GAIXO LARRI DAUDEN GAINONTZEKO PRESOAK ETXERA
Donostian, 2015-04