Iparra galdu baik taldekuk bixaldu doskun idatzixe:
Atzo Ibonek deitu zuen, zeharo aztoratuta. Berriro ere lapurtu egin diote. Ez da lehen aldia, ez. Eta orain arte bere osasun egoerari buruzko informazioa ematea lehenetsiz, kontu hau ez badugu aipatu ere, une honetan informazio hau ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu Ibonek Alcala-Mecon bizi duen testuinguru oldarkorra deskribatzeko . Iceberg baten tontortxoak bailiran, lapurreta hauek Ibonek egunero egunero bizi duen kalbarioaren berri ematen digute.
Alcala-Mecón daramatzan 3 hilabeteetan gutxienez 30 aldiz lapurtu diote, bere esanetan. “Modus operandi”a beti berdina izaten da. Kartzela honetan presoak gosari, bazkari edo afariaren bila joaten diren bitartean –jantokirik ez dago eta- ziegak irekita gelditzen dira. Ibonena da, hain zuzen, irekitzen duten lehenengoa eta zarratzen duten azkena; hau da, irekita denbora gehien egoten den ziega berea da. Dutxatik urrutien dagoen ziega berea da, eta ondorioz azken 15 egunotan behin dutxatu da bakarrik. Batzuetan norbait aurkitzen du ziega zaintzeko bera kanpoan dagoen bitartean, baina hori beti ere ez da posible izaten.
Orain dela hilabete haginetako postizoak lapurtu zizkioten! Ea zertarako! Honek zera adierazten du: sistematikoki lapurtzen diotela, lapurtutako objektuaren premia izan ala ez. Gailetak, galtzerdiak, zumoak, fruta eta fruitu lehorra, bale, baina haginetako postizoak? Orain dela egun batzuk beste bi preso aurkitu zituen bere ziega barruan, lapurtzen noski, eta ezin ezer egin!
Atzokoan berriz lapurtu zioten, eta oraingoan flexoaren bonbila eta telebistaren kablea ere bai! Eta aztoratuta baino gehiago desesperatuta zegoen amari deitu zionean. Irudika dezagun ziegako bonbilaren argipe makalean, ikusi ezinean, kanpoko berriak jasotzeko eta entretenitzeko funtsezkoa duen telebistarik gabe. Bera bakarrik, gaixorik, isolatuta, kiderik gabe eta testuinguru oldarkor batean.
Dominikar gazte talde batek egunero izorratzen du. Espainiako bandera muturren aurrean jartzen diote musukatu dezan. Eguneroko irainak jasaten ditu dominikar talde honen aldetik, auskalo nork zirikatuta eta ze interesen arabera ari diren… Idatzi honetan aipatu ere ezin diren mehatxu eta umilazioak… Eta kartzeleroek ondo baino hobeto ezagutzen dute egoera hau, eta ez dute ezer egiten konpontzeko.
Joan zen igandean bisitan zegoen bitartean ziega zarratzea eskatu zion kartzelero bati. Bisita bukatu ostean jada hotza zegoen janariaren bandeja hartuta ziegara ailegatu zenean kartzeleroari zabaltzeko eskatu zionean, zer erantzungo eta: “Zuk esan didazu zarratzeko”. Bai karo, zarratzeko bisitan zegoen bitartean, gero zabaltzekotan… Zer egongo zan ba, bandejarekin eskuetan moduluko karrajuan berriz ziegako ateak zabaltzeko ordua ailegatu arte? Eta zabaldu zion atea, baina esanez gehiago ez ziola zarratuko.
Beraz, une honetan ziegako atea irekita uztea erabakitzen badu, lapurtu egingo diote gosaltzen, bazkaltzen, afaltzen, dutxatzen edo ziegatik ateratzen den bakoitzean, ekonomatora joateko adibidez. Eta ordea, ziegako atea itxita uztea erabakitzen badu, ziegara itzultzeko eskubidea galtzen du. Eta hori, buruko gaixotasun larri eta sendaezina jasaten duen pertsona bati egiten diote, legearen eta justiziaren izenean? Hauek dira modulo arruntean kiderik gabe egotearen ondorioak.
Ibon okotseko zuloetaraino dago bizi duen inpotentzia eta ezintasun egoeraz eta konponbide bat ez bazaio ematen gose greban jartzeko asmoa adierazi zuen atzokoan. Amak egoteko esan dio, bideratuko dela, gose grebak txikitu egingo lukeela… Jakingo ez balu bezala! Baina zer egingo du ba, bere oinarrizko eskubideak egunero urratzen dizkiotenean, bizitza bera jasanezina bihurtu arte: hortzik gabe, ikusmenik gabe, argirik gabe, telebistarik gabe, ziurtasunik gabe, lagunik gabe, higienerik gabe… Zer gehiago kendu ahal diote bada?
Edozer gertatzen bada errua ez da berea izango, nola dagoen jakinda, etxera bidali beharrean, Navalcarneroko erizaintza modulutik atera eta Alcalá-Mecoko modulo arruntean sartzea agindu eta baimendu duenaren ardura baino, Angel Yuste eta Jose Luis Castro, hurrenez hurren. Batak, espetxe politika mendeku tresna bihurtuz Ibon heriotzaren muturreraino eramateagatik; eta besteak, auzi honen giltza eskuetan edukita Ibonen kalbarioa etengabe luzatzeagatik.
Hau ikusita Ibon etxera bidaltzeko eskatuz gutun eta telegrama kanpaina berri bat martxan jartzea erabaki dugu:
Angel Yuste Castillejo
Dirección General de Instituciones Penitenciarias
c) Alcalá 38-40, 28014, Madrid
Jose Luis Castro Antonio
Juzgado de Menores y Vigilancia Penitenciaria
Luis Cabrera 9, 28002, Madrid
Iboneri idazteko hauxe da helbidea:
Ibon Iparragirre Burgoa
C.P. Madrid II (Meco), Ctra. Alcalá-Meco, km. 4,5, 28805, Alcala de Henares, Madrid.
