Erun eben

Aurreko baten esan gentsuaun Joxe Austin Arrietan hurrengoko liburun Ondarru aipatzen zala. Baine ezta liburu, artikulu de. Hainki sartu gendun, eta parke eskatzen dotsau egiliai. Ongun artikulo osu argitaratu dou, nahi dozuenok irakurteko.

041-Arrieta

Erun eben (I)
“Erun dabe” –berak niri, ondarrutarrez. “Eraman deuela zein?” – neuk berari, mutrikuarrez. Eta berak atzera, begiak diz-diz malkoen atari, begitartea atezu, okotsa irtentxe, ezpainak horzka, burua tente: “Neure alabi, Urtza”… Orduantxe esnatu naiz. Handia da, gero, ametsen ahala: denborarik ez. Gazte-gaztea ikusi dut. Ia ito nintzeneko arratsalde urrun hartako neskatxa huraxe bera zen, izenik ere galdetu ez niona, baina tarteka buia distiratsu baten gisa oroimen enkriptatuaren itsas hondoetatik bisitan etorri ohi zaidana. Urruna, bai horixe. Hamabost urte-edo, zenbat ote nituen nik ba, orduan. Eta berak ere berdintsu. “Etorri geugaz” –esan zidaten, bai berak, bai potinean zeuden beste neskak eta bi mutilek, baina berak batez ere – “Etorri geugaz, erungo zatxugu ostera be Saturrarana”. Baina ez. Zelan ibiliko nintzen, ba, bainujantzi hutsean Ondarruko moila inguruko tabernetan-eta. Ezetz, eskerrik asko, arropa hondartzan neukala-eta. Hurrera nintzatela, arren, ertz aldera, eta hurrengo batean ikusiko genuela elkar, azalduko nintzela Ondarrura. Bai zera. Izenik galdetu ere ez nien egin-eta, babo arraio halako honek, bizia salbatu berria zidaten lau neska-mutil haiei. Nire “lagundu” deiari erantzuna ez baliote, beren txalupa arraunketa arinean neureganaino hurbildu ez balute, karranpak jota hantxe Saturrarandik Ondarrurako bide erditsuan igeri ezinean ur gainean txaplaka gero eta urduriago nengoela –“bolia igo zat” esan nien -, auskalo zer gertatuko ote zatekeen. “Auskalo” ez, garbi dago: ez nintztekeen hemen egongo, neskatxa ondarrutar haren lantzean behingo bisitari abegi eginez neure ametsen erresuma beti-nerabe beti-ainubean: hortxe azaltzen gara biok beti, bera potinetik eta ni hondartzatik elkarri agurka –eskua irrits itoaren ikur itsu, begirada tristeziaren estandarte umel gero eta urrunago-. Eta bart arratsean horra: Urtzaren ama dela esan ez dit, ba! Se non é vero… diozu, irribarre barkaberaz, irakurle adi-hizkide horrek? Kasualitate horiek ametsetan bakarrik gertatu ohi direla? Bai, hala da. Baina nork esan diezaguke, zuri eta neuri, ustez errealitatezkoa delakoan ohi darabilgun beste gure hizkuntza hau, talkakoa normalean, ametsetakoa baino egiatiagoa denik?…


Hizkuntza politikoa, adibidez. Hizkuntza politiko konbentzionala. Nirea behintzat agorturik dago. Eta nire hainbat lagun estimaturena ere, ez dakit nik ba. Ahalegin etengabe horiek-eta, esate baterako, txalogarri bezain antzuak, EAJren eta “gure” artean abenikoa, akordio minimoa, oinarrizko adostasuna-edo, erdietsi nahirik. (Eta, “gure” diot, sic, kakotx eta guzti, honezkero ez baitakit nola demontre deitzen garen ere bildu, amaiurtu sortuberri hatxebetarrok). Alferrik gabiltza. Binilozko disko zahar arraiatua, eta arraiotua, gure arteko auzi-autu, errepikaren errepikaz errepikatua. Maiorazko-kontua, aizu, azken finean: hi ala ni premu, hori jokoan beti, biok ere etxejabe beharrean maizter huts besterik ez garelakoa haiei maizago ahazten guri baino, horixe aldea. ”Ahazten”-edo, ez dakit hori ote den hitz egokia. Guk maiztertzan etsi nahi ez, eta haiek, berriz, beren maizter-lehentasunezko statusari eustekotan Estatuaren hegalen pean irauteko aparteko eragozpenik ez, holako zerbait. Baina zer nabil? Hau guzti hau milioi bat bider esana da, kontraesan kirrinkarian ari naiz neure buruarekin borrokan edo “hauskan”, Mutrikun esaten den bezala. Ez al dut esan berri hizkuntza hau agortua dagoela, niretzat behintzat? Behin eta berriro erortzen, ordea, segada berean. Ezin ihes egin diskurtsoak egiteko, pultsioari, hau marka. Diskurtsoak. Denok dakigu, apur bat entrenatuz gero, diskurtso ustez koherenteak egiten. Baina diskurtsoen azpian dagoenak du munta, ez diskurtsoak berak. Usterik gutxien dugunean, orduantxe jalgitzen zaizkigu denoi ere, txiste nahiz purruskada modura, sarritan, barruan benetan daukaguna. Niri hamaika mila bider gertatu zait, baina ez naiz bakarra noski. “Con tal que aquellos dejen de echar tiros, yo me apunto a Udalbiltza, y a lo que sea” esan zuen, txantxetan –edo, Zazpikaleetako doinurik txireneenaz, Azkunak, Udalbiltzaren lehen biltzarraren atarian, 1999 urte jadanik ia-prehistoriko hartan. Adibide bat da, besterik ez (adibide “diskurtsiboa” bai: harrapatu nauzu, adi-hizkide). Nekez aurki liteke, dena den, hura baino erretratu fidelagorik, pixel gehiagoko definiziodun argazkirik, EAJren eta “gure” artekoa azaltzeko, nik uste. “Con-tal-que”ismoa. Elkar aditzearen –benetakoaren- ezinezkotasunaren seinale. Lizarra-Garazi garaiko espejismo hura aparte utzita, ondorengoa, eta batez ere gaur egungoa, hiruko erregela sinplea baita. Dagoeneko ez dago tirorik. Beraz, hor konpon. Ez Aieterik, ez Loiolarik, ez Genevarik, ez Oslorik, ez Kofi Annanik, ez Brian Currinik, ez Mahatma Gandhirik, ez Kristorik… (kontuz: karranpa, “bolia igo zat”, segi dezadan igerian, baina xuabe, bestela akabo)… Hara, Zaldieroren koinata imajinatu ohi dut askotan guri demandan, demanda zitalean edo petralean, ez dakit zein mota ote den okerragoa: “in dituzte las etxeko lanas?” Bai, egin ditugu, horixe egin ditugula, etxeko lanak eta debereak, denak. Bikain beharbada ez, baina oso ongi bai behintzat. Jakin nahi nuke munduan beste inon gertatu ote den halakorik. Halako erraietarainoko auto-ebakuntza ia-ia harakiririk, hauxe ondorioztatzerainokoa, hots: boomerang bat zela estrategia politiko-militarra, Estatua kordokarazi baino areago gure gizartea bera inarrosten eta kaltetzen zuena. (Con)Placencia de las Armasetik Soraluzera behar genuela aspaldi belar-epaile, sasiak izerdiz ezen ez odolez alortze aldera. Ondorio latza, ikaragarria, eta behin betikoa. Aski ez, halere, bistan da. Orain eta sekulorun sekulotan nonbait, faktura amaiezina ordaindu behar. Guk, noski. Gure presoek eta iheslariek, zehazki. Gure preso eta iheslari “politikoek”, jakina. Izan ere “politikoek” esan ez badezakegu –eta hau ez da diskurtsoa- “torturatuek” esan dezagun: ez da balorazioa, deskribapena baizik, hain luzaroko eta hainbatengan bizi osorako kondenak, sakabanaketak eta erbestealdiak horixe besterik ez baitira, tortura hutsa, espainolek atxilotutakoek bederen bost egunez –lehen hamarrez- izuen gordelekuetan pairatu behar izan ohi dutenaz gain… EAJ-k ez. EAJ beti hortxe, in medio virtus, eroso. Gerra osteko gerran gutxien sufritu dutenak ere eurak izaki, zorionak. Bi partidu espainol nagusietako hautetsiek eta, zenbaitetan, baita hautetsi ohiek edo militante hutsek ere- eta, zer esanik ez, inondik ere beligerante ez ziren hainbat herritar xumek ere bai, istripu barkagaitzez -, galanki sufritu dute gerra hau. Gureek adina. Bukatu da, baina. Haientzat. Gureentzat ez… (“lagundu!”, txaplaka ari naiz, ozta-ozta igerian) (“zer zabiz baine, urari, zaplastekuk emonez?, igon zaitez behingoz potinera!”) (“ene, eskerrak etorri zeraten, bolia igo zat”)
Erun eben (II)
Eta hortxe dago bera, gazte-gaztea, aurrez aurre, niri irribarrez, kresal usaina dariola beraren gorputz bustiari, beraren gorputz sakratuari, ainintz ur-tanta bat zure bularretan behera linburtzen ari zure urtzan urtzeraino, ahal banitza laztandu begietan jauzika dabilkizun bi izurde amultsu horiek arratsalde argitsuaren irrits-orritsean, baina zer nabil? Berriro ametsetan, hau ez da erreala… ai, baina min hau bai: “hi, motel, kontuz… eskerrik asko bolia berriro bere tokixan jartzeagatik baina… zer?… zer diok?…” ez da erraza izanen, baina izanen da, ziur ”…hi ez haiz ondarrutarra baina… nik ezagutze haut nondik edo handik… begirada pikaro hori… ahots bero hori… ene!… baina ze eittek hik hemen, nire ametsetako txalupa honetan, Arnaldo? Nola egin dek eskapo Logroñoko kartzelatik, Ocalan?… Esnatu buharro. Hementxe haukat, lan-mahaiko atrilean San Pankrazio baten modura, hire postaletik niri begira, eta heu ere, jakina, irribarrez, hau ametsa ote… Ez, hire hitzak dituk hauek, eskuz idatziak grafología irmoz: ”Eta non da gure irabazteko sekretua? Antolakuntzan, Borrokan eta Herria konbentzitzeko ahalmenean. Hori da bidea! Ez da erraza izanen, baina izanen da! Ziur!”. Hala diok, postalean labur. Eta liburuan luze, luze eta sakon. Ez da erraza, ez. Guk ere akats handiak egin baititugu. Eta aukera eder askoak alferrik galdu. Arrazoi duk, coach, jostun ausart bezain alai horrek, ondo baino hobeto jarri genian gaitzizena, Positegi. Aurrera begiratu behar dela beti. Badugula indarra. Bestek egiten dutenari beha egon beharrean, geuk geurea egin, eta aurrera. Inolako agresiorik gabe, ezta berbalik ere. Barne-iraultza. Politikoki akzio-errepresio-akzio formularen prezipitatu biokimikoaren pean hazi eta hezi ginenontzat behinik behin zaila oso. Gazteek, ordea, primeran ulertu haute, Arnaldo. Harako hura, adibidez, ezker abertzalearen eledun gisa inoren oinazea areagotzeko moduko hitzik inoiz esan bahuen barkazioa eskatu huenekoa, hura antzerki hutsa ez zela garbi ikusi ziaten gazte guztiek (baita hain gazte ez direnek ere, baita izena aipatu nahi nukeen baina aipatu behar ez dudan EAJko burukide hark ere, hau futbola balitz txartel gorri zuzena mereziko zukeenak, hiri hain ostikada zatarrez erantzuteagatik, baina bale, kitto: aurrera). Ikastaro trinko batera apuntatuko nauk. Badiagu zer ikasia Askeguneko umemoko horiengandik txupa beltz xaretuzko motorzale hooligan ileurdinduok. Nik batallita bakarra kontatuko zieat: ezin ederragoa izan zela, urtarril hartako Bilboko manifan, hi eta Arzallus pankartakide ikustea, egundoko euri-jasaren pean denok ere mela-mela eginda, baina pozik. Eta chascarrillo bat ere bai: EAJko ordena-zerbitzuko militanteek “Antolakuntza” beharrean “Erakundea” zioen pegatina zeramatela paparraren inguruan itsatsita. Ikergaitzak baitira hizkuntzaren ageriko ezjakintasunak baino areago subkontzientearen ezkutuko jakinduriak denoi etengabe eragiten dizkigun eta goitik beheraino biluzarazten gaituzten lapsus argigarriak. Baina orain, hire baimenarekin, lotara niak. Agian, bisita izango diat-eta gaur ere. First things first, hi… Nolanahi ere, ahaztu baino lehen, “gure” artekoak ez baitira diskurtsoak, hobe beharrezko zirikada zoliak baino: hurrengo liburua euskaraz idatzi ezak, faborez, Ocalan, ez utzi besteri itzultzen -txukun eginda ere-, hik heuk egin ezak, mesedez, euskaldun osoa haiz-eta…

“Nungu zaz?” “Donostiarra, baina mutrikuarra jatorriz, aittaren partetik” “Etorri geugaz, ba, politto moldetan gaz mutrikuarrekaz, eta donostiarrekaz be bai, geure Zubixe zeuen Bulebarra baixen ederra da-eta” “Zu bai zagozela ederra, Urtzaren ama, orain dela ia mende-erdi bate bezain ederra, ilea urdinduta eduki arren” “Urdindute? Zuri-zurixe daukot-eta!” “Beno, berdin da, aizu: min haundixa egin al zizun guda-gotzon baltz harek, uletik teink egin eta tatarrez erun zintxuenean?” “Hara, erdi ondarrutarrez zeu be? Ez dakixu-eta!” “Ene bada, ondarrutarrok… fenomenuak zarie, baina…” “Aupa Ondarru: erun dabe neure alabi, baina ez dabe erun, geugaz da”, “Bai, dana dala, hauxe ere gogoan hartu, gero: Saturraran geuria da, kontixu: geuri re!”… Eta abar. Eta abar, adaxka birloratua. Aske Gunea. Arnasa. Ez dabe erungo. Ez dute eramanen. Geure bizi-indarra. Ez horixe.

Joxe Austin Arrieta Ugartetxea