Mankomunidadik kaleratu dotxuzen bi biharginan ingurun, informazinoi gexa

Eskualdeko EH Bilduk hauxe idatzixe bixaldu dau, zamarran kontratuaz pasa dana azaltzen.

Lea Artibai Mankomunitatean gehiengoa duen EAJ-PNVk inori ezer esan barik zaborren kontratu berria aldatzea erabaki du, eta horren ondorioz bi lanpostu galduko dira.

Honen aurrean Lea Artibai eskualdeko Bilduk gauza pare bat argitu nahi ditu. Alde batetik azpimarratu nahi dugu Lea Artibai Amankomunazgoko Batzar Nagusian EAJ alderdiak gehiengoa duela eta mankomunitate horretako lehendakaria EAJ-PNVkoa dela ere.

Beste alde batetik, hondakin zerbitzuan izandako azken gora beheren berri, Lea Artibai eskualdeko Bilduk kaletik edo prentsatik jaso duela. Mankomunitateko lehendakariak, eta horren ondorioz, EAJk hartu ditu hondakin zerbitzuaren inguruan azken egunetako erabakiak. Egun batetik bestera enpresa batek zerbitzua emateari utzi eta beste bat horretan hastearen (eta bi lanpostu galtzearen) erabakia Lea Artibai Amankomunazgoko lehendakariaren erabakia izan da. Beraz, EAJren erabakia.

Kontuan izanik Lea Artibai Amankomunazgoko funtziorik garrantzitsuenetako bat hondakin zerbitzuaren kudeaketa dela, nola da posible horrelako aldebakarreko erabakia hartzea? Zelan hartu du EAJ-PNVk erabaki hori beste alderdiak kontuan hartu barik?

Amaitzeko, El Correo egunkariak gai honetan eduki duen jarrera lotsagarria ere salatu nahi dugu.

Joan den abenduaren 3an El Correo egunkarian Lea Artibai Amankomunazgoko notizi bat argitaratu zen. Bertan, LAB sindikatuak hondakin bilketa zerbitzuan 2 kaleratze egon direla salatzen duela adierazten zen.

Eskualdeko herri desberdinak osatzen dute Lea Artibai Amankomunazgoa baina notizian horietako hiru baino ez dira aipatzen, hain zuzen ere Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemein. Gainera ondo azpimarratuta geratzen da herri horien udalak kudeatzen dituzten udal-taldeak Bildukoak direla. Mankomunitateko lehendakaria EAJ-PNVkoa dela ez da inon aipatzen.

Bi kaleratzen egon direla egia da. Hori ezin ukatu. Baina era berean egoera horretan erantzukizuna nork duen adieraztea izan beharko zen hedabide baten lana. Herritarrei egia esatea eta ez manipulatutako kontakizuna, hori da komunikabideek egin behar dutena.

Non dago Lea Artibai Amankomunazgoko lehendakaria eta zer esan behar du honen aurrean?

manko