Idatzi eta argazki hau jaso dou AITZOL ETXABURUk bixaldutaku, IBON IPARRAi zuzendute:
Hiru egun iragan dira espainiako salbuespeneko epaitegian ikusi eta elkarrekin hitz egiteko aukera izan genuenetik. Modu prekarioan izan bazen ere, elkarren berri zuzenean jasotzeko aukera izan genuen.
Ez dizut gezurrik esango, zu ikustean asko poztu nintzen arren, zure lekukotasunak barrua astindu zidan, are gehiago epaileari bataurrekoen laguntzarekin ere ezin duzula irakurri erantzun zenionean. Amorrua sentitu nuen. Amorrua eta ez gorrotoa, zuregatik sentitzen dudan maitasunak ez baitio lekurik uzten gorrotoari.
Lerro hauek ere ezingo dituzu irakurri baina espero dut norbaitek irakurri edo kontatzea, horregatik idatzi dut besteak beste hemen.
Gaur egun Euskal Herrian eta bereziki Ondarrun bizi den egoera izan genuen hizketa gai nagusi. Herritarrok gure artean banatzen gaituzten arrazoiak aipatu genituen baina baita batzen gaituzten arrazoiak ere. Eta zu Ibon, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste euskal preso politikoekin batera, batzen gaituzten arrazoietako bat zara. Herritarren gehiengoa zuen etxeratzearen alde dago. Etxean, bizirik nahi zaituztegulako. Zentzu horretan ondarrutarron lehentasuna zure kaleratzea izan behar da, egoerak aspalditik hori eskatzen duelako. Lasai Ibon, zuen etxeratzearen atzetik besteon Euskal Herriratzea eta etxeratzea etorriko da, begiradan euskal preso eta iheslari politiko guztion amnistia eta Euskal Herriaren askatasuna tatuaturik dugulako.
Soto del Real sarraski espetxeko isolamenduan aurkitu dudan burkide maitagarri batek aipatu bezala, askotan iruditzen zait Bilboko urtarrileko itsasoaren olatu baten zain gaudela eta ez gara konturatzen olatua gu geu, herritarrok, garela.
Besterik gabe Ibon, aipatu nizun baina ez ahaztu arrazoi askorengatik maite zaitudala eta zaitugula. Maite zaitut, zure irribarre kutsakorragatik, zure izaera errebeldeagatik, Gernikako sua begietan argi duzulako, bihotz aske bat zarelako… Eta bihotz askeen begietan gaua beti argi delako!
Matxe matxe!
Aitzol Etxaburu Artetxe
2014ko urriaren 16an Fleury-Mérogir sarraski espetxean
