
Duela hogeita hamar urte (1984), iritzi artikulu bat idatzi nuen “EGIN” egunkarian, hemen jartzen den izenburu berarekin. (Gaurko honek ez du zer ikusirik harekin) Artikulu haren zergatia, Baionako katedralean, 43 euskal errefuxiatu gose greban ari zenekoa da. Donostiako belodromoan, mitin batean, bozgoragailuen bidez entzun genituen zintan grabatutako beraien ahots aulak, hilzorian zeudela zirudien eta azkeneraino dena emateko prest zeuden, beraien eskubideak lortu arte. Hemezortzi egunez ekin zioten grebari, polizia fratsesak indarrez kalera atera zituenera arte.
Euskal Herriko historian zehar milaka eta milaka herritar hil izan dira borrokan, Espainia eta Frantziako indar okupatzaileen aurka, gure eskubide historikoen defentsan herri bezala bizirik irauteko. Zer esan nahi du eskubide historikoak? Independentzia eskubidea. Besterik ez.
Euskal Herrian bizi garenok independentzia eskubidea daukagu. Herri bat lur eremu batean bizitzen denean, ez dio bere lurra ematen datorren lehenari. Herri baten lurraldea bortxaz konkistatzea krimenik handiena da, eta delitu hori inoiz ez da preskribatuko. Beraz, independentzia geure herriak eta euskarak bizirik irauteko bide bakarra da, eta bitartean, gure zoria, borrokan hil beharra izan da. Nire iritziz, alderdi abertzaleek autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea edo estatutoa eskatzen dutenean, premiarik garrantzitsuena bigarren maila batean ipintzen dute, arazoa luzatuz.
1936ko gerra zibilean eusko gudarien batailoko kapitana izan zenarekin hitz egiteko aukera izan nuen, Ameriketan errefuxiatuta egon ondoren hona itzuli zenean. Oso mutil ausarta izan omen zen, frenteko aurreneko lerroan beti aritzen zena, eta oztopo guztiei aurre egiten zekiena, niri behintzat, etxekoek eta beste askok hala kontatzen zidaten. Etorri zen garaian (1980), izan genuen elkarrizketa hartan, besteak beste, honela esan zidan: “Hemen, ematen dabena hartu behar da bakean bizitzeko eta kito..” Merezi zuen errespetu osoa agertu nion, eta bere iritzia eskertu ere.
Urteak joan urteak etorri, EAJ-PNV, gudari haren sintonian aritu izan da beti. Hemen arazoa ez da ematen dabena hartzea, indarrez lapurtu ziguten independentzia itzultzea baizik. Menpekotasuna beste barik onartzen badugu, ez gara inoiz pozik biziko. Bizi genuen eta bizitzen ari garen egoerak, hala erakusten digu. Gaztetxoek ere uler dezaten, didaktikoki “marraztuko” dut gu zapaltzen gaituen arbola. Zer da bakerik eza? Menpekotasunean bizitzea. Zer da menpekotasuna? Askatasunik eza. Askatasunik eza zer da? Inposizioa. Eta, zer da inposizioa? Indarkeria eta justiziarik eza. Beraz, errepresiozko arbolaz ari natzaizue.
Behin, pankarta batek honela zioen; “Bostehun urte menperatuta baina ez garaituta”, eta bitartean zer gertatu da? Milaka eta milaka hildako, torturatuak, kartzelak, desagertuak, errefuxiatuak…, eta hau dena zertarako? Ematen dabena hartzeko? Abertzaleen artean bi filosofi nabarmen ematen dira. Bata, galtzaile modura jokatzea beti, menpekotasuna onartuz. Bestea, ordea, euskal erresistentzia, hau da; frente guztietako borroka, ezarpenei aurre eginez. Lehen, ETA omen zen oztopoa, eta orain, zer? Gobernari lapur mafiosoek ezarritako “demokraziak” konponduko al du euskal arazoa? Herritarrok, abertzaleok, alderdiek baino haruntzago joan behar dugu. Herri borroka dugu bide bakarra. Mobilizazioak, desobedientzi zibilla…, beraz, gure esku dago.
Historian zehar, Espaniak izan dituen erregeak, gobernariak eta agintari militarrak, beti izan dira lapur oldartsuak (inpulsiboak). Menperatzaile inperialistak. Bortxaz konkistatutako herrialde asko izan zituzten Hego Ameriketan; Peru, Argentina, Txile, Kolonbia, Ekuador, Kuba, Puerto Rico. Eta Fiipina irlak, ordea, Asia aldean. Herritar kolonoak (gaur terroristak) matxinatu ondoren, horren ondorioz, gerra kolonialak eta iraultzak sortu ziren aro ezberdinetan. Gaur egun, denak dira aske, independentzia lortu zuten. Euskal Herriari dagokionean, mentalitate berdina duten inperialisten “demokraziak” askatuko ote gaitu ba? Ez dut uste.
ETAri heriotza asko leporatzen diote, direnak eta izan ez direnak, eta kartzelan jarraitzen dute. 1936ko Espaniako kolpe militarrak eragindako milioi hildako, genozidio hura, eta zigorgabetasunean geratu izana, nori eskatu behar zaizkio azalpenak eta ardurak? Oraindik, milaka eta milaka dira desagertuak. Gaurko agintariek, kolpista haien pentsaera berdina daukate demokraziaz mozorroturik, ustelkerian eta herriari lapurretan jarraitzen dute.
Gure borroka luze joango da, eta, gure herri hau bizirik irauteko defentsan, agian, hil beharra.
Pello Aramaio Etxaburu . Euskal preso ohia.