Gaur gaxoik dazen presuk etxea ekarteko eskatu dabe Zurriolan Ibonen familixakuk eta lagunak.
Aurretik Bulebarrin be egon diz.
Manu Chaon kontzertun be Ibonen eta gaxoik dazen presun aldeko pankartak ikusi ahal ixan diz, eta Ferminek be aipamen bat einddau. (Bideu ezta oso ondo entzuten!)
Ibonen azkanengoko barrixak be jaso douz gaur. Hamen duz:
Hasiera batean, kartzelako arduradunek isolamenduak 45 egun iraungo zuela adierazi bazuten ere, 14 eguneko isolamenduaren ostean Ibon berriro Erizaintza moduluko gainontzeko presoekin batera dago uztailaren 1.a ezkeroztik. Joan zen asteburuan -uztailak 4 eta 6an- senideek egin dizkioten bisitetan askoz hobeto aurkitu zuten, animikoki batez ere.
Uztailaren 8an, ordea, Ibonek gaua sukarrarekin eta hotzikarekin igaro zuela aipatu zuen dei telefonikoan. Azken egunotan eskuratutako analisiek egiaztatzen dutenez, apirilaren 29an egin zizkioten analisiek medikuek bere defentsak 117ra jaitsita zeuden; beraz, kezka nagusia une honetan, Ibon infekzio oportunista baten menpe erortzea da. Gogoratu behar denez, 2011ko urrian Ibon neumoniak jota konorterik gabe erori zenean Basauriko espetxeko kartzelako jantokian, 51 defentsa zituen. Lehen 50 egunetan 450 defentsatik 117ra jaitsi bazaizkio, azken 70 egunotan bere defentsak ez dira 51 haietatik oso urruti ibiliko. Berdina esan dezakegu karga biralari buruz. Honekin esan nahi duguna zera da: une honetan ez dagoela inolako kontrolik bere benetako egoera medikuari buruz, eta edozein gauza gertatu ahal zaiola edozein momentutan.
Ibonek bizi duen muturreko egoera ulertzeko, adibide xume bat jarriko dugu. Uztailaren 8an, sukarrak jota eta buruko minarekin kartzelako medikuaren bulegora hurbildu eta atea jo ostean ez zuen erantzunik aurkitu -medikua ez zegoen bulegoan-. Bigarrenez jo zuen atea, ozenago, eta orduan kartzelari bat hurbildu zitzaion parte bat sartuko ziola esatera. Pentsa dezagun zer-nolako eragina eduki dezaken gaixotasun neurologiko bat pairatzen duen preso batengan, ondoeza sentitzerakoan eskura daukan mediku bakarrarengana hurbildu eta partea sartzen badiote, jakinda hain zuzen ere, parte baten ondorioz eduki dutela 14 egun isolamenduan.
Ospitaleko zerbitzuek adirazitakoaren arabera Iboni erresonantzia magnetikoa egitea falta zaio txosten medikua osatzeko, eta Espetxe Zaintzako epailearen bitartez jakin dugunez, froga hori uztailaren 22rako dago programatuta. Emaitzak jaso eta txosten medikua egin ostean Gregorio Marañon ospitaletik, Navalcarneroko kartzelako zerbitzu medikuei bidaliko diote, eta hauek txostena osatu eta espetxe zaintzako epaileari, honek forentsearen iritzia entzun ostean, erabakia hartzeko. Tramite hauetan hilabeteak pasatu daitezke, eta Ibonek ez dauka horretarako astirik, are gutxiago 14 eguneko isolamenduaren ostean berriz gainontzeko presoekin kontaktuan jartzeak, kutsadura arriskua areagotzen duela kontuan hartuta.
Aste honetan zehar Kongresuko hainbat talde parlamentariorekin batu gara eta guztiek ere Ibonen egoera oso larria dela onartu dute. Une honetan, eta diskrezioaren mesedetan, talde horiekin egindako gestioen berri ematea ezinezkoa bada ere, guztiek ere egoerari buelta emateko borondatea adierazi dute eta Espainiako gobernuko arduradunen aurrean zenbait urrats emateko konpromezua adierazi dute. Era berean, estatu mailan giza eskubideen arloan lan egiten duten taldeen artean atxekimendu bilketa bat jarri dugu martxan. Hauen kasuan, atxekimendu hauek Espetxe Zaintzako epaileari bidaltzea eskatzen dugu. Izan ere, pasan astean bertaraino joan ostean jakin genuen Interneten agertzen den helbidea -eta komunikaturen batean zabaldu duguna- okerra dela. Helbide zuzena honako hau da:
JUZGADO CENTRAL DE VIGILANCIA PENITENCIARIA
c) Luis Cabrera, 9 28002 Madrid
Hau jakinda, orain arte bidali diren atxekimenduak ez direla behar den lekura ailegatu ondorioztatu dezakegu. Beraz, bidalita eduki arren, hurrengo orrialdean dagoen atxekimendu orria berriro bete eta helbide berri honetara bidaltzea eskatzen dizuegu.
Laburbiltzen: Ibon isolamendutik atera badute ere, ezerk ez digu bermatzen ez dutenik berriro ere sartuko; eta defentsak hain baxu edukita edozein momentutan infekzio oportunista baten menpe erori ahal da. Bi kasu hauetarikoren bat gertatzen bada, beharrezkoa izango da mobilizazio kanpaina erradikalizatzea eta azken asteotan gorpuzten ari diren proposamenei bidea ematea.
Datorren ostiralean -uztailak 11- bisita daukagu Ibonekin, eta berarekin hitz egin ostean, informatzen jarraituko dugu.



