Ondarruko EH Bilduk bixaldu doskun idatzixe da hau, Goiko Kaleko etxin ingurun:
http://ondarroa.ehbildu.net/2014/05/14/goiko-kaleko-etxea-legez-kanpokoa/
Telebistan delitu urbanistikoei buruzko albisteak ikusten ditugunean, hori Espainiako arazo bat dela pentsatzen dugu. Baina geure herrietan ere antzeko kasuak baditugu. Adibidez, Ondarroan.
Epaileek erabaki dute Goiko Kaleko etxea (Txomin Agirre 28, erdi eginda dagoena) legez kanpokoa dela. Orain, udalak erabaki gogorrak hartu beharko ditu. Eta herritar guztiok dirua gastatu beharko dugu etxe horrekin aurrera edo atzera egiteko.
Baina goazen ikustera zelan ailegatu garen egoera honetara.
2007ko apirilean PNV-EAJk kudeatzen zuen Ondarroako udalak Pixape plazaren zati bat saldu zion Urresti 2001 s.l. enpresari 90.000 euroren truke. 2007ko maiatzean Ondarroako Udalak Pixapeko plaza bitan zatitu zuen (zati bat ordurako Urresti 2001 s.l.ri salduta zuen). 2007ko azaroan Urresti 2001 s.l enpresak bi orube batu zituen: bata, Txomin Agirre 28a, eta bestea udalak saldu zion Pixape plazaren zatia. 2007ko ekainean Ondarroako Udalak Txomin Agirre 28an eraikina egin ahal izateko lizentzia eman zuen.
Orduan agintzen zuen PNV-EAJk ardurarik barik jokatu zuen. 1997ko hirigintza udal arauek argi esaten dute Alde Zaharrean ezin dela etxe berririk eraiki eta etxea barritzeko PERI edo plan berezi bat derrigorra dela. Gainera, 1997ko udal arauetako memorian ez da aipatzen Txomin Agirre 28an etxe berririk egiterik. Halan da be, PNV-EAJk eraikina egin ahal izateko xehetasun azterlana tramitatu zuen.
Gertaera horiek legez kanpokoak izan zitezkeela eta, herritar batzuk udalean bertan salatu zuten egoera. Orduko udal arduradunek ez zieten kasurik egin, eta auziak epaitegietan amaitu zuen. Gogoratu behar dugu urte horietan ezker abertzalea ilegalizatuta zegoela, eta udalean ez zegoela inongo kontrol politikorik.
Urteak pasa dira eta epaiak etorri dira. EAJ-PNVk udalean emandako pauso guztiak bertan behera geratu dira:
2008an xehetasun azterlana bertan behera laga zuten epaileek. 2011ko otsailean lizentzia ere bertan behera laga zuten epaileek. Eta 2014ean otsailaren 27an bertan behera geratu dira behin-betiko Pixape plazaren segregazioa eta salmenta.
Beraz, Txomin Agirre 28an eraikina egiteko pauso guztiak bertan behera geratu dira epaileen aginduz. Ez legezkoa izan zen prozesua osorik.
Goiko Kalean egindakoak argi erakusten du Espainar Estatuan eta Euskal Herrian zelako hirigintza eredua garatu den azken urteotan. Interes ekonomiko garrantzitsuak egon dira eta interes horiek bultzatzeko astakeria handiak egin dira. Ondarroan bertan adibide bat baino gehiago daukagu (gogoratu bestela Allerin 500 etxe egin nahi zituztela, epaileek ilegalak zirela esan arte).
Orain Ondarroako Udalak egoera kudeatu behar du derrigorrean, Ondarroako herriari ahal denik eta kalterik txikiena eraginez. Txarto egindakoa zuzentzea ez da erraza izango. Agian ezinezkoa. Uste dugu astakeria hau egin zuten politikariek euren ardurak argitu behar dituztela. Eta uste dugu EAJ-PNVk azalpenak eman behar dituela herriaren aurrean.
