Zoixonak KEMEN

kemen1

Kemenen urtebetetzi dala-ta, urtebetetzin ingurun testo txiki bat idazteko eskatu dotsau Kemenei. Eta, hamen dakazue jasotaku zeuentzat!

EGUTEGIA

— ¿Quien es Uranga? Yo! ….

 — Felicidades ha tenido usted un hijo.

 Uranga gaztea Carabancheleko liburutegian zegoen pilota partidua ikusten eta funtzionarioaren ateraldiak ezustean harrapatu zuen. 1969ko Maiatza hondarretan zela gertatu zen hau.

Antza, Guardia Zibilak propaganda subertsiboa aurkitu zuen gurean eta Maria Rosa “plaikoaren” senarra espetxera bidali zuten bederatzi hilabetez. Inozentziaren garaia zen inondik ere, zeren gaur egun gauza bera aurkituz gero sei-zortzi bat urte inork ez lioke kenduko gazte idealista hari.

Psikologoen arabera, urtebetetzeek beste edozein urtemugek bezala, eragin sakona dute gure garunean eta hainbat oroipen bistarazten dute.

Txikitan, urtebetetzeak belarritik tenk egiteaz eta ikastolara kilo bat gozoki eramateaz lotzen genituen. Eguna bukatzeko, norbere etxean, ikaskideei eskainitako txokolatada izaten zen unerik gorena: edateko txokolatea, txurroak, eta sandwich “hirukiak”… Horrela, izen horrekin; urtean zehar jaten genituen beste otartekoei “bokadillu” deitzen genien .

Urtebetetze asko ez ditut gogoan, baina bat iltzatuta dut oroimenean. Ikastolako zazpi edo zortzigarren maila izango zen. Juxtu maiatzak 25 hartan, bizikletaz eskualdeari buelta eman genion ikaskideok, pare bat irakasleren laguntzaz. Ondo gogoan dut Santa Eufemin gora, izerdi patsetan nola igo ginen, eta nola jaitsi genuen gero beste aldea ziztu bizian. Beranduago, Lekeitiotik herrirantz gentozela, kostaldeko bidetik, nola nioan bizikletan eskurik gabe, eta, orduan berritasun ziren Ertzaintzaren patruilakoek bota zidatena bozgorailuz: “Agarrate al volante!“.

Bizitzak aurrera egin ahala, hogeita hamabost bat urte eta gero, batzuetan harrigarria egiten zaigu gure adina entzutea. Pentsatzea da bat eta esatea bestea. Askoz gehiago dirudi ezpainetatik irteten denean.

Eta gero, hor daude joandakoen urtebetetzeak… bikotekide ohiena, zendutako lagun edo senideena… Egun horietan, egutegiko zenbakiak kolore berezi bat hartzen du eta begirada galdu egiten zaigu.

Gure urtebetetzean fokua gure gainean ezartzen da eta ordu batzuz ingurukoekin partekatzen dugun filme kolektiboko aktore nagusia izatera pasatzen gara. Baina laster etortzen da normaltasuna bueltan… Zorionez!!!

 Millesker Kemen.. eta.. ZOIXONAAAAAK!!