Ibon etxea ekarteko eskatzeko, sinadurak batzen hasi diz. Hamen dakazue sinaduri botateko maixatzan 3an mahaixak nun egongo dizen:
Goxeko 10etatik aurrea
-Kamiñaxpin mahai 2, bat goxan eta besti Ibaiondon.
-Kamiñaldin, asentzoreko parin.
-Kalandixan, Arta Lekun (eskillara zabaletako parin).
-Iperkale eta Goiko Kale, Elixopin.
-Artabiden, antiguako ama parin.
-Madalena eta San Juan Txurrun, Idagako parin
**12xetatik aurrea hiru mahai gexa: alde zaharra, Alameda eta Itxas Aurre.
Ta maxatzan 1in be euerdixan sinadurak batzeko maxe eongo da Alamedan.
Gaur 54 egun bete dira Ibon Iparragirre Burgoa euskal preso politikoa berriro ere espetxeratu zutenetik. Berriro espetxeratu diogu, zeren eta Ibon 2010ean espetxeratu zuten lehen aldiz, eta gaixotasun larri bat pairatzen duelako, 2011an 100.2 artikulua aplikatu zioten eta ordundik bere etxean ari zen betetzen ezarria zuen zigorra erregimen leunduan.
Ibonek Hiesa dauka, C estadioan, hau da bere gaixotasuna sendaezina eta itzulezina da, eta horretaz gain burmuinean duen orban baten ondorioz ikusmen galera larria eta zenbait disfuntzio kognitibo pairatzen ditu. Ibonen osasun egoera zein larria zen jakitun, martxoaren 7an atxilotu eta Basauriko kartzelan espetxeratu zuten lehen momentutik Ibonen senide eta ingurukoen eta baita bere herrikideon artean ere kezka handia piztu zen, Ibon berriro espetxeratzeak bere osasun egoera are eta okerragoa bilakatzeko arriskua ekarriko zuelako eta 54 egun hauetan gure susmorik txarrenak bete baino ez dira egin:
54 egun hauetan Ibonen osasunak jasan duen kaltea 2010-2011 bitartean kartzelan egon zenean urte betean jasan zuenaren parekoa da.
Defentsak 400 baino goragotik 200etik behera jaitsi zaizkio
Asteroko zortzi dei telefonikoen kontua eramateko zailtasunak izan ditu; bi egunetan telefono txartela bera aldenduta eduki du
Tarteka errealitatearen nozioa galtzen du, gauza garrantzitsuak eta huskeriak ez ditu bereizten
Burmuinean duen orbanak ikusmena mugatzeaz gain, disfuntzio kognitibo latzak eragiten dizkio, baita pentsamenduaren nahasmena eta jokabidearen alterazioa ere.
HIESa dauka, C estadioan, hau da, sendaezina eta itzulezina da.
Bere osasunak izan duen beheranzko bilakaera azkar eta larriaz gain, Basauriko kartzelan zegoela bi jipoi ere jaso ditu, bata preso sozial batek emana eta bigarrena espetxeko funtzionarioek emana. Hori nahikoa ez eta, joan den astean, Basauriko kartzelatik Madril inguruan dagoen Navalcarneroko espetxera urrundu dute, bere etxekoengandik 400 km-tara eta baita bere osasun egoeraren jarraipena egiten dioten Basurtoko ospitaletik ere. Asteburuan Jose Luis Castrok zuzentzen duen Espetxe Zaintza auzitegiko bi ordezkari egon ziren Navalcarneroko kartzelan Ibonekin hitz egiten, eta itxura denez Castro bera izango da froga horien emaitzen arabera, Ibonen kartzela erregimena erabakiko duena. Atzo arratsaldean -apirilak 28- Madrileko Gregorio Marañon Ospitalean ingresatu zuten froga orokor berriak egiteko, eta hasiera batean aste osoa bertan emango zuela, eta bisitarako aukera izango zuela azaldu bazioten ere, gaur senide bat bisitara joan zaionean oztopoak jarri dizkiote Ibon ikusteko. Gaizkiulertua argitu eta Ibon ikustea lortu duenean oso urduri aurkitu du eta Ospitalean oso disgustura zegoela. Bestalde, egunean bertan berriro Navalcarnerora daramatela jakinarazi diote. Beraz ingresatuta barik, froga bat egin behar dioten bakoitzean kartzelatik atera eta sartu egin beharko dute, honek bere osasun fisiko eta animikoan eragiten dituen kalte nabarmenarekin. Kartzelan daraman aste bakoitzeko kilo bat galdu du.
Egoera guzti honek Ibonen eskubideen urraketa larri eta nabarmena suposatzen du, baita bere senide eta ingurukoena ere. Honen aurrean Iparra Galdu Baik plataformatik egoera guzti hau gogor salatzeaz gain, Ibonen eskubideen aldeko kanpaina indartu nahi dugu, ahalik eta herritar gehienen babesa lortu nahi dugu Ibonen giza eskubideak lehenbailehen bermatuak izan daitezen eta Ibon etxera bueltatzeko 100.2 artikulua aplikatzea, horrela bere gaixotasunak behar duen tratamendua izan dezan. Espetxean igarotzen duen egun bakoitzak Ibonen bizitza arrisku larrian jartzen bait du.
Horregatik herritarrei dei egiten diegu:
Hurrengo asteotan dendetan eta tabernetan aurkituko dituzuen orrietan sinatzera, Iboni 100.2 artikulua ahalik eta azkarren aplikatzeko eskatuz. Maiatzaren 3an eta 10ean auzoz-auzoko sinadura bilketa burutuko da, Ondarroako zazpi auzo ezberdinetan sinadura mahaiak jarriz.
Iganderoko kontzentrazioetan parte hartzera, Alamedan, 13:00tik aurrera. Datorren igandean esaterako “Ipar maitasun sarea”ri hasiera emango diogu. Ekimen iraunkor honetan, sare fisiko batzuk eskegiko ditugu Alamedan, eta bertan Iboni elkartasuna adierazteko ikur ezberdinak eskegitzea eskatuko zaie herritar eta kanpotarrei: giltz erraldoia, argazkiren bat, kamiseta… Bakoitzak nahi duena
Maiatzaren 17an Navalcarnerora Elkartasun Martxa. Izena emateko lekuak eta abar zehaztuko dira
Gaixo larriak etxera! giza eskubideak errespetatu!

