Herritxar talde batek(94 lagunek) aurkeztutako sinadurai erantzunde, gaur udalak espainiar errepublikako banderi ipini dau plazan. 83 urte bete diz gaur II. errepubliki aldarrikatu zanetik. Behian dakazue udalak zabaldu daben mezu. Merezi dau irakurtik!
Herritar talde batek aurkeztutako eskaerari erantzunez, Ondarroako Udalak Espainiako II. Errepublikako bandera ipiniko du apirilaren 14an, errepublika hura aldarrikatu zen egunean.
Errepublika haren inguruan gauza asko eztabaidatu ditzakegu. Batez ere, euskaldunon eskubideak berandu eta mugatuta onartu zituela aipatu beharko genuke.
Baina ezin dugu ukatu urte haietan espainiar estatuan aurrerapen sozial handiak eman zirela: hezkuntzan, lan eskubideetan, kultur eta erlijio aniztasunean… Balio haietako askorekin bat egiten dugu gaur egun ere.
Frankismoak eten egin zuen esperientzia hura, altxamendu militar faxistak eten ere. Errepublika hura eta Euskal Estatutua defendatu zuten gure herriko abertzale, ezkertiar eta errepublikar asko zigortu edo hil egin zituzten Francoren aldekoek. Saturraranen ehunka ume eta emakume hil zituzten, eta gaur da eguna han hildako askoren gorputzak non dauden ez dakiguna.
Trantsizioak frankismoa zigorrik gabe laga zuen. Diktadurako urte haietan lortutako pribilejioak mantendu egin zituzten elite ekonomiko, politiko, militar eta erlijiosoek.
Baina zorionez, espainiar estatuan jende askok ez zuen onartu trantsizio hura. II. Errepublikako balore eta ikurrekin bat egin zuen, eta haustura demokratikoa aldarrikatu zuen. Urte hauetan guztietan, errepublika zale horiek behin baino gehiagotan babestu dituzte euskaldunon aldarrikapenak. Errepublikaren aldeko manifestu guztietan argi eta garbi azaltzen dute espainiar estatuko nazioek autodeterminaziorako eskubidea daukatela.
Beraz, herri honen eskubideak aitortzen dituzten milaka espainiar errepublikazaleen omenez, balio aurrerakoi eta demokratikoen alde hil ziren gudari eta boluntarioen izenean eta Saturraranen hil zituzten ume eta emakume guztiengatik, gaur bandera errepublikarra eskegiko dugu Musika Plazan. Herrien arteko elkartasunaren, aurrerapen sozialaren eta autodeterminazioaren alde!
