Gaur eguerdixan Alamedan batu gaz Iparra etxea ekarteko eskatzeko.
Bestetik, Iparra galdu baik plataformakuk Ibonen azkanengoko barrixak zabaldu dotxuez:
IBON IPARRAGIRRE BURGOA, PRESO GAIXO LARRIA, HILABETE BASAURIKO KARTZELAN
Martxoaren 7an, Ertzantzak, Entzutegi Nazionalaren aginduari jarraituz, Ibon Iparragirre Burgoa, bere zigorra erregimen leunduan betetzen ari zen euskal preso politikoa, atxilotu eta Basauriko kartzelan sartu zuen.
2011ko urrian Basauriko kartzelako Tratamendu Juntak 100.2 artikulua aplikatu zion Iboni, bere osasun egoera larriaren ondorioz. Ibonek HIESa dauka, eta bere burmuineko ezkerreko lobuluan daukan orban baten ondorioz, ikusmenaren galera larria pairatzen du, beste zenbait disfuntzio kognitiboren artean. Etxe kartzelan egon den bi urte eta lau hilabeteetan bi epilepsia atake izan ditu, memoriaren, denboraren eta ubikazioaren galmenekin. Basurtoko Ospitaleko txosten medikuak egiaztatzen duenez, bere gaixotasuna C estadioan dago, hau da, sendaezina eta itzulezina da. Honez gain, etxe-kartzelan egon den bitartean Ibonek ezarri zizkioten baldintza guztiak bete dituela aipatu behar da.
Entzutegi Nazionalak emandako “bilatze eta atxilotze” aginduak, eskuduntzen inbasio argia suposatzen du, ez baitagokio berari presoaren erregimenaren aldaketa erabakitzea, kartzela bakoitzeko Tratamendu Juntari baizik. Zentzu horretan, Ibonek preso bezala daukan eskubideen urraketa larria burutu da, eta urraketa honek gainera, bere bizitza jartzen du arriskuan.
Azken bisitetan bere senideek nabaritu zutenez, ganoraz ez ikusteaz gain, oso urduri dago, presio psikologiko handia jasaten ari da eta disfuntzio kognitiboak jasaten hasi da. Martxoaren 30ean bere senideak bisitarik gabe gelditu ziren kartzelako funtzionarioen utzikeriaren erruz, eta apirilaren 6koan egiaztatu ahal izan zutenez, lehen urtebeteko epean garatu zitzaion makaltze prozesua, oraingoan hilabetean gauzatu zaio: Ibon ez da, dagozkion telefono deien kontrola eramateko gai, ezin du instantziarik xumeena bideratu, ez dauka pentsamenduen eta ekintzen jarraikortasuna mantentzeko ahalmenik, eta berarekin hitz egitean gai batetik bestera salto egiten du, garrantzitsuak eta garrantzi gabeko kontuen arteko bereizketarik egin gabe.
Plataformatik gure kezka larria plazaratu nahi dugu, eta Ibonen aldeko sentsibilizazio, elkartasun eta mobilizazio kanpainan parte hartzea eskatzen dizugu, norbanako legez edo talde/elkarte/erakunde legez bideratuko diren ekimenak bultzatuz.
