IBON IPARRAGIRREK BASAURIN PRESO JARRAITZEN DU
Honez gero jakingo duzuenez martxoaren 7an Ertzantzak, etxe-kartzela erregimenean zegoen Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko gaixo larria atxilotu, eta Basauriko espetxean sartu zuen. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak, Ibonen eta Asier Badiola preso politiko ondarroarraren aurkako epaia berretsi zuen astelehenean, eta Entzutegi Nazionalak “bilatze eta atxilotze agindua” eman zion Ertzantzari. Astelehenetik aurrera, Ibonen aurkako eraso berri honen inguruan, astelehenetik aurrera informazio zehatzago emateko moduan izango bagara ere, “Iparra Galdu Baik” plataformatik hauxe aurreratu dezakegu:
-
Ibonek bi urte eta lau hilabete daramatza etxe-kartzela erregimenean: egunean lau ordu izan ezik (10:00-14:00) gainontzekoak etxe barruan igaro behar ditu. Honez gain, bere mugimenduak kontrolatzeko pultsera telematiko bat dauka jarrita, GPS batekin, uneoro non dagoen adierazten duena. Hau gutxi balitz, ostegunero joan behar izaten da Basauriko espetxera, etxe kartzela erregimenari dagozkion tramiteak sinatzera (bezperan egon zen). Zentzu honetan, zer helburu dauka jada preso eta guztiz kontrolatuta dagoen pertsona baten aurkako “bilatze eta atxilotze” agindua emateak?
-
Ibonen osasun egoera oso larria da. Etxe-kartzela egoeran dagoen bi urte eta lau hilabeteotan bi atake epileptiko izan ditu, eta Basurton ingresatuta egon da horien ondorioz. Atake horietan konortea galtzeaz gain, memoria eta denbora eta espazioaren nozioak galdu zituen une batzuetan. Burmuinean duen orbanaren ondorioz ikusmen handia galdu du, eta betaurrekoekin hobeto badabil ere, arazoak bere horretan dirau. Basurtoko Ospitalera joaten da aldiro, eta txosten medikuek bere osasun egoera larria dela egiaztatzen dute. Txosten hauek guztiak Basauriko kartzelako arduradunen eskuetan daude.
-
Ibonek Basaurin igaro zuen lehen gauean ez zuen lorik egin. Zapatu goizean ohetik jaiki eta gutxira zerbait hartzeko makurtzerakoan, bere ziegako kantoiren bat jo, bekokian izugarrizko kolpea hartu eta hiru puntu eman behar izan zizkioten bekokian. Eguerdian bere bikoteak bisitatzeko aukera izan zuen, eta Ibonek gertatutakoa adierazi zion. Bosgarren moduluan dago, preso sozial batekin ziega berean. Egunean zazpi ordutan zehar ziegatik kanpo ibiltzeko aukera dauka eta Aitzol Gogorza euskal preso politikoarekin egoteko aukera eduki du. Honek ere gaixotasun larri eta sendaezina pairatzen du.
-
Jaiki Hadiko iturriek familiari aditzera eman diotenez Ibonen kartzela-erregimena zehaztea ez dago Entzutegi Nazionalaren eskuetan, “Instituciones Penitencias”en eskuetan baizik. Astelehenean abokatuak Basauriko espetxera joango dira Ibon etxe-kartzela erregimenera itzultzea eskatzera. Basauriko zuzendaritzaren aldetik ez bada egoera bere onera eramateko borondaterik atzematen, mobilizazio kanpaina orokorrari hasiera emango diogu.
-
Ibonentzat, bere etxea, bere kartzela den neurri berean, bere osasun fisiko eta emozionala berreskuratzeko aterbea izan da. Hortxe igaro ditu ordu luzeak Izadi bere alabatxoarekin, lau urte t’erdikoa. Hortxe eduki du ganoraz elikatzeko aukera, eta tarteka balkoira eguzki izpiak gozatu eta aire garbia arnasteko aukera. Hortxe igaro ditu baita ere, arratsalde luzeak, bakar-bakarrik, baina gutxienez senide eta lagunekin telefonoz komunikatuta, edozein emerjentzirako. Ingurugiro horrek ahalbidetu dio, 2011ko urrian heriotzaren atarira eraman zuen krisialdi larria gainditzea. Horregatik ezinbestekoa da Ibon lehenbailehen etxera ekartzea. HIESa jasaten duten gaixoen kasuan, berrerorialdiak tragikoak izaten dira gehienetan.
HIESA + KARTZELA = HERIOTZA ZIGORRA
PRESO GAIXO LARRIAK ETXERA
