Ondarroa Zero Zamar taldik bixaldu doskun idatzixe: http://ondarroazerozamar.wordpress.com/2014/01/17/arranondo-aldizkaria-hondakinak-eta-zamarrak/
Urtarrileko Arranondo aldizkarian Edurne Urrestik hondakinei eta zamarrei buruz idatzitako artikulu bat irakurri dugu. Asko poztu gara, herrian zamarren arazoari buruz berbetan hasi garelako. Hainbeste urtean ahaztuta eduki dugu arazo potolo hau, eta gainez egin digu!
Urrestik bere artikuluan esaten dituen gauza batzuk eztabaidatu nahiko genituzke, eta horregatik bidali dugu idatzi hau Arranondora.
Urrestik dio Donostian ez dutela atez atekoa ipini, etxe aurrean potoak lagatzea itsusia delako.
Gure ustez Donostian gaur egun daukaten sistema da itsusi eta zikinena. Adibidez, hango Alde Zaharretik buelta bat ematen baduzue, konturatuko zarete kale guztiak zamar boltsaz beteta egoten direla, kontenedoreak gainezka. Eta Bilbora joaten bazarete, bardin. Emon buelta bat Bilboko Alde Zaharretik iluntze baten, eta ikusiko duzue.
Baina ez daukagu apartera joan beharrik. Ondarroan bertan ere panorama eskasak ikusten ditugu eguna joan eta eguna etorri. Plaza Musikako kontenedorak gainezka, Musika Eskola eta Zubi Zahar artean espaloiak boltsaz eta kajaz beteta, Artalekua trastez beteta…
Baina zamarrena ez da arazo estetiko bat bakarrik. Arazo askoz be handiagoa da. Ondarroan hondakinen %25a birziklatzen da bakarrik. Beste zamar guztia erretzera bidaltzen da Alonsotegira. Errauskailuan edo inzineradoran birziklagarriak diren produktuak erretzen ditugu, eta errauts toxikoak sortzen ditugu. Gero errauts horiek Euskal Herritik kanpora bidaltzen ditugu, zabortegietara. Geuk nahi ez ditugun zamarrak beste herri batzuetara bidaltzen ditugu.











