Frantziako Lyon Corbas espetxean diren Urko Labaka donostiarrak eta Xabier Aranburu ondarrutarrak, “funtzionarioen jipoi gogorra” jasan zutela salatu du Etxeratek. Gertakariak urriaren 10ean gertatu ziren. Espetxeko euskal presoak haien eskubideak defendatzeagatik zigor ziegara eramaten zituztelarik pairatu zuten erasoa. “Ziegetatik zigor ziegetarako bidea oso luzea bazen ere, airean, arrastaka, ostikadak jasoz, burua eta belaunak eskaileren aurka joz eta oso modu bortitzean eraman zituzten. Ahotik odoletan, arropa puskatuta, biluztuta, eskumuturrak eta sorbalda urratuta iritsi ziren zigor ziegetara” jakinarazi du Etxeratek. Euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteak aldarrikatu du: “Horrelako egoerekin amaitu, eskubide urraketekin amaitu, eta aurrera egiteko garaia da. Giza eskubide guztiak errespetatuak izan arte”.
Lyon Corbasen euskal presoak haien eskubideen alde aspaldian lan egiten ari direla jakinarazi du Etxeratek. Irailan, espetxean egin zitzaketen aktibitateetan parte-hartzea galarazi zieten, baina, Lyon Corbasen diren hiru euskal preso politikoek, hau salatzeko konzentrazioak egitea deliberatu zuten. Patioan burutu zuten lehen elkarretaratzeak funtzionarioen artean “ezinegona sortu” zuela jakinarazi dute elkartetik. Hori dela eta, bigarren elkarretaratzea burutu zutelarik, funtzionario batek preso bat erasotzeko saiakera egin omen zuen; beste zaindari batek presoa babestu behar izan zuelarik.
Urriaren 9an, euskal presoek gertakari hauen inguruko epaiketa izan zuten eta zortzi egunez zigor ziegetan egoteko zigorra ezarri zieten. Bai zigor hau ezarri aurretik eta baita zigorra ezarri ondoren ere, hiru euskal presoek zuzendariarekin elkartzen entsaiatu zirela jakinarazi du euskal presoen senideen elkarteak. Hori dela eta, zigor ziegetara euren kasara joatearik uko egin zioten.
Erasoaren egune
Biharramunean, urriaren 10ean, goizeko 10:00etan, espetxeko arduradunak istiluen aurkako hainbat funtzionariorekin batera, Urko Labaka eta Xabier Aranbururen ziegetan sartu zirela azaldu dute Etxeratetik. “Ziegetatik zigor ziegetarako bidea oso luzea bazen ere, airean, arrastaka, ostikadak jasoz, burua eta belaunak eskaileren aurka joz eta oso modu bortitzean eraman zituzten. Ahotik odoletan, arropa puskatuta, biluztuta, eskumuturrak eta sorbalda urratuta iritsi ziren zigor ziegetara” azaldu dute senideek.
Jakinarazpenarekin batera egoeraren salaketa ere egin du Etxeratek: “Egoera honek bukatu behar du, onartezina da ehunka familiek sufritu behar dugun egoera. Horrelako albiste txar bat jasotzen dugun bakoitzean, mina, ezinegona, beldurra, antsietatea eta sufrimendua gailentzen dira gure artean. Beste hiritar guztiek dituzten eskubide berdinak ditugu, beraz, ez da inolaz ere onargarria espetxe politika krudel eta ez gizatiar honen ondorioak pairatzen jarraitzea”. Espetxe politika honek preso zein hurbilekoen eskubideak “urratzen” dituela salatu dute. Aldi berean aitzina segitu beharra ere aldarrikatu dute, garaia ere horretarako dela ere oroitaraziz
![xabi a[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2013/10/xabi-a1.jpg?w=636)