Konturatu orduko, bi urte egin ditugu Ondarroako udala gobernatzen. Bi urteotan hauteskunde programan agindutakoa betetzen ahalegindu gara, beti ere herritarrei entzunda. Uste dugu norabide egokian goazela, gauza batzuk lortu ditugula eta beste asko lortzeko dauzkagula.
Esan genuen udaleko ateak herritarrei zabalduko genizkiela. Eta horrelaxe egin dugu. Batzordeak zabalik daude herritarrentzat eta herriko taldeentzat. Auzoetako batzarrak ere sarritan egin ditugu. Batzar horietan eztabaidatu ditugu azken bi urteetan herrian egin diren gauza gehienak. Batzutan adostasun gehiagorekin, beste batzutan eztabaida gogorrekin. Baina uste dugu garrantzitsua dela batzordeetan gauzak argi esan eta herritarrekin eztabaitzea. Bide hori lantzen jarraituko dugu, eta herritarrek batzarretan parte hartzea nahi dugu, proposamenak egiteko, esku bat botatzeko, kritikak egiteko eta alternatibak eskaintzeko.
Berdintasuna landuko genuela esan genuen, eta Etxelila zabaldu dugu, urteetan herriko emakume talde askoren aldarrikapena izan dena. Eta ez gara damutzen, bizitasun handia hartu duelako espazio horrek, eta berdintasunaren alde lan egiteko tresna egokia dela erakusten ari delako.
Ondarroa ekologiko baten alde lan egingo genuela ere esan genuen, eta horretan ari gara. Konposta egiteko guneak ipintzen ari gara, zamar gitxiago sortzeko. Ibaiondoko erreka bazterretan basoa landatzen ari gara, boluntarioen laguntzarekin. Eta argi gutxiago kontsumitzeko erreguladoreak ere ipini ditugu kaleko argietan.
Herriko ekonomia indartzeko pausoak emoten be bagabiz. Alfa eraikina konpondu dugu, eta laster martxan ipintzea nahiko genuke. Plaza berduran ere konponketak egin ditugu, bertan lan egiten dutenek baldintza hobeagoak edukitzeko. Ondarroa 2020 garapenerako plana ere landu dugu.
Alperriko gastuak txikitzen ari gara, beti be printzipioei eutsita. Subkontratazioak eten ditugu toki askotan: brigadan, zaharren egoitzan… horren ordez lanpostu publikoak sortu ditugu, eta orain geuk egiten dugu lehen enpresa pribatuek egiten zuten lana. Ondorioak argiak dira: zerbitzu hobeagoa ari gara ematen, lanpostu duinagoak ari gara sortzen eta gainera merkeago atera zaigu. Kuadeaketa ekonomiko ona ari gara egiten, eta horren ondorioz superabitarekin amaitu dugu iazko urtea.
Herriko tasa eta prezio publikoak progresiboak bihurtu ditugu. Polikiroldegian, adibidez, bakoitzak irabazten duenaren arabera ordaitzen du. Justuagoa dela iruditzen zaigu.
Herriko kultura bultzatzeko pausoak ere ematen ari gara. Guzur Etxea sorkuntza gune bihurtzen ari gara. Herriko artxibo historikoa digitalizatzen be bagabiz, herrira ekarri ahal izateko. Eta kirolean be lanean ari gara: multikirola bultzatzen ari gara, kirol udalekuen bitartez, adibidez. Futbol zelaian bedar artifiziala be ipini dugu. Dirulaguntzen araudia ere aldatu dugu, herriko taldeen laguntzagaz.
Auzoetara hurbilduko ginela esan genuen, eta Iturribarriko pasabidea konpondu genuen. Astillerura gasa ere eroan dugu. Eta Alde Zaharrean trafikoa txikitzeko neurriak hartu ditugu, kanpoko autoak sartzeko mugak ipinita.
Euskaraz lan egingo genuela esan genuen, eta horretarako UEMAn sartu gara. Gainera, udalaren komunikazio guztiak euskaraz egiten ditugu. Udalbarriak hau da horren adibidea.
Gauza gehiago ere aipatu ahal ditugu: Gaztelekuan konponketak egin ditugu. Herribus berria ipini dugu, ezinduentzako egokitua. Umeen jolaslekuak konpondu ditugu…
Eta esandakoa betetzen ari ginen bitartean, aurreko legegintzaldietatik etorri zaizkigun arazoei ere aurre egin behar izan diegu: Zaldubideko etxeetan txarto egindakoa konpondu genuen, jendea bertara bizitzera joan ahal izateko. Ibaiondoko aparkalekuetan dauden irregulartasunak ere konpondu nahian gabiltza, zerbitzua ahalik eta arinen martxan ipintzeko. Alleriko obra ilegalen ondorioei ere aurre egiten ari gara, eta udala oraindik faktura handiak ari da ordaintzen proiektuaren diseinuagatik eta abokatuengatik.
Bide onean goaz, baina egia da oraindik gauza asko dauzkagula egiteko. Ez da erraza izango, urteroko aurrekontuak gero eta txikiagoak direlako. Dena dela, lehentasunak ondo markatzen baditugu, joango gara pausoak ematen. Batzutan txikiagoak, besteetan handiagoak. Helburuak behintzat argi dauzkagu: zerbitzu sozialak mantentzea, herria eta auzoak bizirik edukitzea eta Ondarroa parte hartzaile eta solidarioa eraikitzea.
