Badakit izenburu hau oso deigarria dela, baina, hemen esaten dena irakurri ondoren, bakoitzak emango dio komeni zaion dimentsioa. Dena den, iritzi bat da. Beti esan ohi da, gauza bat dela idatzita dagoena, eta bestea, ordea, esan nahi duena. Behin, “Argala” (ETAkidea) zenaren grabatutako kazeteko zinta bat entzun ondoren, azkenean honela zioen: “No hagáis caso a lo que digo, sino, a lo que quiero decir”. Zenbat aldiz ikusi izan ditugu Auzitegi Goreneko Magistratuak ere adostasunik barik interpretazioak medio kausa baten aurrean, legea eskuetan dutela, nahiz eta testua denentzako berdina izan.
2013ko Gudari Egunean, ETAk Euskal Herriari zuzendutako agirian, besteak beste, esaten du: “ ez dugu gure borroka ibilbideari uko egin”… Neri normala iduritzen zait hori esatea. Uko egite horren mamia, hala balitz, damutzea, belaunikatzea eta umiliatzea izango litzatekeelako eta norbaitzuek “tantoak” eskuratu, gero politikoki erabili ahal izateko. Memoria eta kontakizuna ere aipatzen dira. Nik ulerten dudan bezala, kontakizuna ez da izan behar errudunak seinalatzea, elkarri mokoka aritzea, eta nor atera den garaile edo galtzaile, joko hortan sartzea. Ez, inola ere ez. Nola ba? Egi osoa esanez, ezer eskutatu gabe, eta hemen gertatu den guztia eta nola gerta den kontatuz. Bakoitzak berea, modu gordinenean bizi izan duen tragedi osoa. Eta mesedez, bertsio ofizialik ez.
Benetako kontakizunaren bilduma egin ondoren, honek, Euskal Memoria Historikoa osatuko luke, hausnarketa sakon bat egiteko tresna izango litzatekelarik, bake biderako balioko lukeena, eta baita didaktikoki erabili ahal izateko hurrengo belaunaldietan… ETAk agirian dio baita ere, “…ariketa kolektiboa izan behar dela uste dugu, sufrimendu guztia aitortu eta nork bere ardurak onartze aldera…” Eta ondoren, milioiko galdera: Zergatik gertatu da eta nondik dator gatazka hau? Honi erantzuteko, aurreko beste historiaz jabetu beharko ginateke, eta berriro ere galdera… eta horrela historiz histori, galderaz galdera, eta hor legoke gaur egungo euskal gatazkaren zergatia konprenitzea. Beraz, atzetik hasita hariari tiratuz.
Euskal Herrian bizi garenok, independentzia eskubidea daukagu. Herri bat lur eremu batean bizitzen denean, ez dio bere lurra ematen datorren lehenari. Herri baten lurraldea bortxaz konkistatzea krimenik handiena da. Menpekotasuna beste barik onartzen badugu, abertzale garenok ez gara inoiz pozik biziko. Gatazka honetan inork ez du egi absolutorik eta agirian honela esaten da baita: “ETAk ez du inoiz bere ardura saihestu…” , beraz, horrek esan nahi du berari dagokion erantzukizuna hartzen duela. Eta besteek zer? Hor dago koska. Hemen gertatu den guztia ETAri eta ezker abertzaleari leporatzeak, hortik ez dator bakerik eta kontakizuna modu horretan egitea ustela litzateke, eta amaigabeko espiralean bueltaka eta bueltaka ari.
Agiriak jartzen du ere “…denbora luze eman dugu Estatuei eskua luzatzen, bakearen bidean sar zitezen…” Eskua luzatze horren erantzuna, orain arte behintzat, bilurrak (esposak) ipini eta kartzelaratzeko bidea izan da, errepresioa eta tortura.
Niretzat hauxe da benetako tragedia: Euskal Herriaren defentsan aritzeagatik zapaltzea. Hemen gatazkarik ez dagoela esatea. Hemen dagoen gauza bakarra terrorismoa dela esatea. Hemen gertatu den guztia ETAri eta ezker abertzaleari leporatzea. Euskal presoei zigorra luzatuz, mendeku egiten jarraitzea. Inori bere ardurak aitor ditzala eskatu, eta bereak eskutatzea. Beraiek nahi duten bakea inposatzea, frankismoan bezala (hau biolentzia da). Elkarrizketa nahiari bizkarra ematea. Euskal Herriaren hitza eta erabakia ukatzen duen eta sistema zapaltzaile honi eusten dion marko-juridiko-politikoan baliatzea eta onartzea. Elkar bizitza demokratikoa eta adiskidetze nahia aldarrikatu, eta irainez erantzutea. Oraindik ere, ezker abertzalearen inguruko mogimetuak “dena ETA da” tesi horrekin baliatzea eta abertzaleak kartzelaratzen jarraitzea. Adibidea gisa, aste honetan HERRIRAko 18 kide atxilotu dituzte. Beraz, prozesuari beldurra diote, ez ETAri, eta ondoren, gure bake nahiari egurra emanez erantzuten digute.
Hau dena ikusita, uste dut ez dagoela eroso bizitzerik geure herria libre ikusi arte, tentsioan bizi behar da, zer edo zer arriskuan ipini behar da. Geure duintasuna ez dago inoren menpean ipintzerik.
ETAk amaitutzat jo zuen jarduera armatua, hori oso pozgarria da. Eta itxaropena eta ilusioa ekarriko digun bide berri bati ekin dio, beraz, 2013ko Gudari Eguneko agiria irakurri ondoren eta nere aldetik hausnarketa sakon bat egin ondoren, hau diot: Eskerrik asko ETA.
