Iragan hurbileko eta gaurko Euskal Herriko historia labur bilduz egitera joango bagina, balantzea eginez, hainbat datuz baliatutakoa izango litzateke. Ekonomian bezalaxe, bi kotzeptu berberak jarriko nituzke, hau da: hartzekodunak eta zordunak, eta antzekotasunean jarraituz, sosen (diruak) ordez, barkamenak.
ETAk behin betiko iharduera armatua amaitutzat iragarri zuenetik, bakea ekarriko digun prozesua aldarrikatzen ari gara: bizikidetza, errespetua, justizia, eskubideak, memoria historikoa, kontakizuna…
Duela berrogeita hamar bat urte, euskarazko egutegi baten irakurri nuena gelditu zitzaidan buruko burmuinean betiko sartuta eta honela zioen: “Bakea ez da gerra edo indarkeriarik eza, benetako bakea justizia da. Justizirik ez badago ez dago bakerik”. Jakintsu askoren artean inor ba ote dago neri justizia zer den esplikatuko lidakenik?… Eza zer den badakit, oso argi daukat, ba nik oraindik bakerik ez dut ezagutu.
Herri honetan, “bakezaleak” diren horiek, exijentzia guztiak norabide bakarrean jartzen dituzte beti, garai bateko “zuek pekatariok” etortzen zait burura, hemen gertatu izan den guztia ETAri eta ezker abertzaleari leporatuz.
Kausa baten ondorenak sortutako gatazkan bizi gara, eta emaitzak hauek: hainbat hildako nahiz bateko eta besteko, milaka atxiloketa, espetxeratu, torturatu eta torturapean erailak, iheslariak, espetxe politika hiltzailea, ilegalizazioak, egunkarien itxierak… dena “ETA da” tesian baliatuz. Bizitzen ari garan gatazka politiko honetan ETAk badu bere erantzukizuna, baina estatuak are gehiago oraindik, berak egin dituen mota guztietako giza eskubideen urraketak, delituak izanarren, zigorgabetasunean eginak izan direlako, beraz, estatua bera da gaizkilea. Hor daukagu erakusgarri argi bat justiziarik ezarena. Zerbitzari publikoak direnek torturatu izan gaituzte, magistratuek eta epaileek albora begiratzen zuten bitartean eta forentzeek begiak itxi. Nork nori eskatu behar dio barke? Nortzuk dira barkapena hartzekodunak eta zordunak? Eta nortzuk biktimak?
Hainbat lege eta dekreto eta justiziarik bape. Frankismoko garai beltzak etortzen zaizkit burura. Zer aldatu da? … Ezer gutxi. Errepresiorako egindako legeekin ez dago justiziarik egiterik. Fiskalek, magistratuek eta epaileek kriterio politikoekin eta ez juridikoekin baliatu izan dira auzipetuek kartzelaratzeko, eta horrela diraute, ustelduta dagoen justizia deitzen dioten horrekin. Zer da justiziarik eza? Amai gabeko mendekua. Hor daukagu indarrean, Parot doktrina, euskal preso politikoen sakabanaketa, oso gaizorik daudenak kartzelan edukitzea, eta hitz batean esanda, bake prozesua oztopatzea eta atxiloketak egiten jarraitzea.
Euskal gatazka honetan, ETA dela arazo bakarra esateak, abertzaleen artean ere metamorfosi ideologikoa ekarri du, ba auzi honek bostehun urte daramatza. Meliton Manzanas eta Carrero Blanco “zirkulaziotik” kentzeak, abertzale denak ospatu zuten, EAJ-PNVek ere bai. Hauek ere heriotzak izan ziren. Etxerik etxe eta aterik ate ibiltzen ginanean euskal erakunde armatuarentzat dirua biltzen, jeltzale askok borondatezko ekarpenak egiten zituzten, asko enpresariak ere izaten baitziren. Gazte armatu haiek heroiak ziren eta Franco hil geroztik terroristak. Urteetan borrokatutako helburuak hor diraute. Norentzat?
Jaime Balmesek (Espainia: Apaiza eta filosofoa 1810-1848) idatzitakoa datorkit burura: “Herri bati autonomia eskaintzen zaionean subiranotasun faltsua ari zaio ematen”. Euskal gatazkaren zergatia, eskubide historikoen ukapena da, independentzia eskubidea. EAJ-PNVrentzat autonomi estatutoa izan da benetako askatasuna eta “The end”.
Espainiako gobernuek, behin eta berriz esan izan dute, demokrazian, ideia guztiak direla defendagarriak, independentzia ere bai. Hemen dago iruzurra. Nola defenda daiteke ideia hori, gero beraien legediak hura gauzatu ahal izateko, hala nahiko balitz, ate guztiak ixten baditu?… Kataluniako parlamentuak subiranotasuna aldarrikatu zuen, hau da: ideia edo asmo bat gerora begira. Ba Espaniako gobernuak helegitea aurkeztu du Epaitegi Konstituzionalean ideia horren aurka. Dirudienez pentsatzea ere galerazita dago. Euskal Herrian, ordea, bake biderako egoera ezin hobean gaudenean, oraindik ere politika egiteagatik torturatu eta kartzelaratu egiten gaituzte.
Lotsagarria iduritzen zait jeltzaleen jarrera atxiloketen aurrean, PPkoak bezalaxe mintzatzen dira. Gaur, Ondarroan, ertzainek, Urtza Alkorta atxilotuta eraman dute kartzelara. Mundu guztiak ikusi izan du nola izan diren gertakizunak. Beltzez mozorrotutako “herri zainak” diren horiek, herritarrak jipoitzen eta iraintzen. Neri lotsa emango lidake alogera horrela irabazi behar izateak. Diruaren truke edozer gauza egiteko prest daudenak mertzenarioak dira, eta are okerrago oraindik, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esanetara egoteak. Bake prozesura barik, gerra prozesura eraman nahi gaituzte.
Euskal preso politikoei buruz, jeltzaleak, birgizarteratze formula aipatzen ari dira behin eta berriz gobernu espainiarra bezala: Biktimei barkamena eskatzea, damutzea, kalteak egin izana aitortzea, bere izaerari uko egitea, eta agian, bere lagunen bat salatzea. Estatuko gaizkileak izan direnentzat, hauek birgizarteratzeko egon al da formularik? Non daude kartzelan egon beharko luketen estatuko gaizkile horiek? Kalean lasai asko. Hauxe da bada, daukagun demokrazia, justizia eta hipokresiaren balantzea.
Biktimek, denek, errespetua eta aintzatespena merezi dute, eta gatazka honetan, gehienok izan gintezke barkamena hartzekodunak eta barkapenaren zordunak. Logika erabiliz, auzi historiko honek elkarrizketa eta negoziazio orokorra eskatzen du eta ez banakako soluzioak eta inor belaunikaraztea.
Gure balantze historikoa tragediaz betetakoa izan da, bostehun urtez menperatuak baina ez garaituak.
Pello Aramaio Etxaburu (Preso Ohia)
