Lea Artibai, ahaztutako eskualdea

ondarroa

Udal baten zeregin garrantzitsu bat bere herritarren interesak beste erakunde batzuen aurrean defendatzea da. Adibidez, Foru Aldundiaren aurrean. Bilduk ahalegin hori egin du Ondarroako Udalean lanean hasi zenetik. Baina erantzunak ez dira beti guk nahi modukoak izan.
Foru Aldundiak Lea Artibai eskualdea ahaztuta dauka. Hemen dauzkazue horren erakusle batzuk:

Durangoko autopistarako sarrera
Gerediagan autopistara sarrera berria egin behar zutela eta poztu egin ginen ondarrutar asko. Aldundiak Lea Artibain bizi eta lan egiteko erraztasunak emango zituela itxaropenez pozik. Eta bai zera! Gerediagako sarrera berria erabiltzea doan da Durangora doanarentzako, baina Bilbora 0.83 euro gehiago ordaindu behar dira (Iurreta- Bilbo 2,10, eta Gerediaga- Bilbo 2,93). Galdakaon hasi eta Muskizera autopista erabilera doakoa bada, zergatik ez da berdin gertatzen Gerediagako tarte horretan?
Honen aurrean Bildu udal taldeak mozioa aurkeztu zuen udalean, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatuz Bilbora bidean Gerediagatik Iurretara dagoen tartea debalde izatea. Eta sorpresa, proposamenaren aurrean EAJ udal taldeak kontra bozkatu zuen! Argudioa, kilometroaren prezioa bera dela autopista osoan. Harritzekoa benetan argudioa.
Onartu zen mozioa eta BFAri aurkeztu zitzaion proposamena, eta harek entzungor egin eta ordainsariak mantendu ditu.

Bizkaibusean hobekuntza gehiago nahi ditugu
Foru Aldundia Bizkaibus zerbitzua berritzera doa. Aukera hori aprobetxatuta, Ondarroako Udalak eskariak egin zizkion Aldundiari.
Eskari guztiek ezezko erantzuna jaso dute.
Ondarroatik Bilbora egunean lau edo bost zuzeneko zerbitzu eskatu genituen. Ez dugu erantzunik jaso. Lea Artibai eskualdetik Leioako Campusera autobus zerbitzua eskatu genuen. Ezezkoa erantzun digute, ikasleek Durangotik Leioara joaten den autobusa hartu ahal dutela eta.
Baina Aldundikoek ez dakite Ondarroatik Durangora doan autobusa sarritan berandu ailegatzen dela, eta Campusera doan autobusa joanda egoten dela. Autobus hori minutu batzuk beranduago irtetzea ere eskatu genuen, baina ez dugu erantzunik jaso… eta horrelaxe bota dituzte atzera guk egindako eskari guztiak.

Txori Errekan zebrabidea eta ispilua behar dituzte
Txori Errekakoen eskari historikoa da zebrabide bat egitea auzoan. Udalak eskatu dio Aldundiari zebrabide hori egiteko, baina ezezkoa erantzun dio:
espaloiak ez direla zabalak esan du. Ez hori bakarrik, trafikoa ikusteko udalak ipinitako ispiluak ere kentzeko exijitu du Foru Aldundiak, eta udalari isuna ipiniko dio.

Hiru adibide ekarri ditugu hona, baina beste hainbeste ere ekarri ahal ditugu (Markina-Ondarroa errepidea ez barritzea adibidez). Eguneko Zentroaren zabaltzea ere hor daukagu zalantzan, ikusiko dugu zelan
erantzuten duen Aldundiak. Baina uste dugu argi geratu dela hasieran esan duguna, Foru Aldundiak ahaztuta daukala gure eskualdea.
bildu.info/ondarroa