Kafe kon letxi

turrune-iritzixe-peio

Errespetu handiz idaztera noa nere artikulotxu hau, eta ez nuke nahi inola ere inor minduta sentitzerik, ez da nire asmoa, baina egi borobilak dira.

Ni Ondarroan jaioa naiz, 72 urte ditut, beraz, hirugarren adineko kategorian sartuta nago. Neu barne, bost belaunaldi ezagutu izan ditut: nere aitona-amonak, gurasoak, neure ondorengoak eta bilobak, denak ondarrutarrak.

Gure aitona-amonen garaian ez zegoen telebistarik, irratirik euskaraz, ez egunkaririk, ezer ez…, dena gaztelaniaz entzuten baitzen. Gogoratzen naiz argi eta garbi nola euskaraz mintzatzen ziren, ondarrutar noski, nola aditzak josten zituzten, deklinabideak… inongo eskolan edo ikastolan ikasi barik, hau da: ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi barneratu eta ikasitako euskara.

Nik ez dakit gaurko gazteen eta hain gazte ez direnen ondarrutar berbeta edo idazteko era horri, euskara horri, eboluzioa edo erregresioa deitu. Nik gauza bat daukat argi, gure aitona-amonen euskara eta gaur egun Ondarroan egiten dena ez da gauza bera. Gaurkoak bezalaxe haiek ere ondarrutarrak. Utz dezagun teknologi eta aurkikuntza edo asmakizun berriek ekarri dizkigun hitz berriak, hori ez da kasua.

Ondarroan, euskararen erabilera biztanlearen %93,6koa omen da, garrantzitsuena egitea da, noski baietz, baina gero dator beste hau, nola egiten dugun. Zer entzun eta ikusi hura ikasi esaten da. Hemen ere kategoriak daude; saiatzen direnak egoki egiten, ondarrutar, edo oso trakets eta baldar egiten dituztenak. Arrotz hitzak asko dauzkagu gure artean eta betiko gelditzeko etorri direnak. Gu berbetan hasten garenean ahotik irten ahala bezala ezin da idatzi inola ere eta kritika zorrotza egiten diot horri. Horrela idatzita dagoen orririk ez zait gustatzen begiratzea ere, deseroso sentitzen naiz.

Gure aitona-amonen garaikoek, askok, irakurten eta idazten ere ez zekiten, baina bai euskaraz ongi mintzatzen, ondarrutar. Gaur ordea, hainbat eskola, ikastola eta ikasketa, aukera denak daukagunean, berbetan ari garenean, haiek egiten zuten baino okerrago egiten da. Ez dakit ezertarako balioko duen nere artikulo honek, baina, belaunaldiz belaunaldi errelebu berriak sortzen dira, eta gomendio bat egitea nahiko nuke; Zaindu eta egin ondarrutar, baina mesedez, egin ondo eta hobeto idatzi. Edozer gauza ezin da onartu.

Lehengo egunian, ospetsua izaten ari den ondarrutar futbolari bat entzun nuen Euskal Telebistan berbetan, prentsaurrean, uste dut euskaraz ari zela, ondarrutar, ba ez nion piperrik ere ulertu izan.

Gure aitona-amonen euskara, ondarrutar, eta gaur egiten denak baditu alde nabarmenik, zuria eta beltza diren bezalaxe. Hona hemen adibide batzuk: Lehen “lurrikara” zen hitza, orain ordea “terremotu”. Iragan bat adierazteko aditza erabiliz, alegia, “Ikusi zinduazen” esaten zen egoki, gaur ordea, “ikusi zatxuten”. Lehen “txaplata” esaten zen, orain “partxi”. “Maite zaitut”en ordez, “matxetzut”, “jo egin nau”en ordez, “jo ezta”, eta abar luzeak..

Lehengo egunian, taberna batean, zuritoa hartzen ari nintzela, hor hurbildu zitzaion ondarrutar emakume bat tarbenariari eta honela esan zion:

– Zu, kobrastaxun.
– Ze kobra bitzut?
– Kafe kon letxi. (Esan zion emakumeak)

Horrelaxe dira gauzak. Edaten ari nintzen garagardoa, ia ia sudur zulotatik atera zitzaidan.

Pello Aramaio Etxaburu
2013.eko Apirilak 1