BilduOndarroa: aurtengo urtin balorazinoi

ondarroa

Joan da 2012. urtea. Hilabete oparoak izan dira, eta Bilduk proiektu asko atera ditu aurrera udalean. Arlo guztiak lantzen ahalegindu gara, nahiz eta batzuetan besteetan baino emaitza hobeak eduki. Lortu ditugun dirulaguntzek erakusten dute bide onetik goazela.

Gure helburu nagusia zerbitzu publikoak mantentzea izan da, eta lortu
dugu. Baina gauza gehiago ere egin ditugu. Herriko auzoak hobetzen ahalegindu gara (Iturribarri barritu dugu, parkeetako jolaslekuak konpondu ditugu…).

Aurrezteko pausoak ere eman ditugu (futbol zelaian bedar artifiziala
ipintzen ari gara, beste herrietako zelaiak ez alokatzeko; kaleko argietan
fluxua erregulatu eta gutxiago kontsumitzeko sistema ipini dugu; azpikontratatak berraztertu ditugu, udalarentzat gastu handia direlako eta lanpostu eskasagoak sortzen dituztelako…).

Espazio zaharrak egokitu eta berriak sortu ditugu (Etxelila Emakumeen topalekua, Guzur Etxean Sorkuntza Gunea…). Herrian euskaraz bizi ahal izateko, UEMAn sartu gara. Eta 2020ra bitarteko plan estrategikoa ere lantzen gabiltza.

Aurtengorako proiektuak
Iaz zabaldutako bidetik jarraitu nahi dugu aurten ere.
Auzoetan konponketak egiten jarraituko dugu, eta horretarako dirua laga
dugu aurrekontuetan. Diru publikoa aurrezten ere jarraitu nahi dugu, baina zerbitzu publikoak ukitu barik. Horretarako, beharrezkoak ez diren gastuak murrizten ari gara: telefono eta argindar kontratuak berraztertzen ari gara, eta argi kontsumoa txikitzen jarraituko dugu. Garapen ekonomikoa ere bultzatu nahi dugu. Aurten Alfa eraikina konponduko
dugu, gero bertan proiektuak martxan ipini ahal izateko. Aniztasun
batzordea ere martxan ipiniko dugu, herritarrak eta etorkinak elkarrekin
lanean ipintzeko. Ingurumenari ere bultzada emango diogu. Horretarako,
padura eta ibai-basoak berreskuratzen hasiko gara aurten.
Independentzia behar dugu!
Geure indar guztiekin ari gara lanean, baina bidean oztopo handiak topatzen ditugu. Traba horietako asko Madriletik datoz. Espainiak dekretu bidez agintzen du erreinuko hiriburutik, gure herrian zer nahi dugun galdetu barik. Dekretu horien aurrean guk ez daukagu burujabetzarik.
Madrilek agintzen digu gure herrietan zer egin behar dugun. Murrizketak
eta politika atzerakoiak agintzen dizkigu, euskal herritarrak kaltetzen eta
pobretzen dituzten politikak. Geure buruen jabe izatea derrigorrezkoa
dugu, etorkizun oparo bat eduki ahal izateko, eredu ekonomiko eta politikoa berriak bultzatzeko. Argi esan behar diogu Espainiari hemen bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herri bat dagoela!