
Iragan azaroaren 25ean PNV-k Sukarrietan ospatu zuen ekitaldi politikoaren berri irakurtzean, izki handiekin idatzita irakurri nuen: “Urkullu ensalza el Concierto como “continuación de la soberanía vasca” (Gara, 2012.11.26, 12. or.).
Gero, artikuluan zehar, zera : “(…) Urkullu remarcó que para ser una nación “no son precisas las fronteras, ni las físicas ni sobre todo mentales” y abogó por “exprimir al máximo las herramientas de autogobierno con las que contamos””.
Hitz horiek irakurtzean, berehala gogoratu zitzaidan, nola ez, Josune Aristondo anderearen ardurapean dagoen Bizkaiko Foru Aldundiko Hemerotekan 2012. urte honetako abuztuaren 7an gertatu zitzaidana. Sukarrietako ekitaldian, PNVko buruzagien artean baitzegoen, hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Diputatua den Josune Aristondo anderea bera ere.
Gaur, abenduaren bederatzian Berria egunkariak eskaintzen digun Joseba Egibar Gipuzkoako PNVko buruzagi eta legebiltzarkidearen elkarrizketan, eta Krisi Ekonomikoaren gaiaz ari dela, zera irakurri diot: “Ez dut uste ona denik garai hauetan instituzioak aurrekonturik gabe egotea. Koherente izango gara eta ez dugu ostopatuko beste instituzioek aurrekontuak izatea” (Berria, 2012.12.09, 8. or,).
Berehala gogoratu naiz, atzo bertan, entzun niola Joseba Egibar berari, eta Gipuzkoako 2013. urteko aurrekontuetaz ari zela, PNV-k ez zuela KOHERENTZIA GAiTIK oztopatuko aurrekontu horiek onartzea.
“PNVren koherentzia”z Joseba Egibarri irakurri eta entzundako hitz hauek Sukarrietako ekitaldiaren ostean irakurritakoek nire baitan orduan sortu zizkidaten gogoetak berpiztu eta lerro hauek idaztera bultzatu naute.
Azaldu dezan, beraz, iragan abuztuaren zazpian Bilbon gertatu zitzaidana.
Egun horretan Bizkaiko Foru Aldundiko Hemerotekara joan nintzen, aspaldiko egunkari bateko datuak eskuratzeko asmoz. Hemerotekan sartzean, nire NAN agiria eskatu zidan bertan zegoen emakumeak. Neronek berehala luzatu nion euskal NAN agiria. Ikusi bezain laster, “Hori ez! Bestea” esan zidan emakumeak.
Hura nire harridura! Nola ez nintzen harrituko, bada, Hemeroteka hura Bizkaiko Foru Aldundiak herritarroi eskaintzen digun zerbitzu bat baitugu. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Diputatua eta PNVko kide ezaguna den Josune Aristondo anderearen ardurapean dagoen zerbitzua, alegia.
Behin eta berriz saiatu nintzen adierazten erabaki hark ez zuela bururik ez ainkarik. Hemeroteka hura ez zegoela Madrileko agintarien ardurapean, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardurapean baizik. Eta Euskal Autogobernuari ezker, Bizkaiko Foru Aldundia nor zela bere erakunde baten bere erabakiak hartzeko, Madrileko Gobernuari bere erabakien kontu-arrazoirik eman gabe.
Nire aurrean neukan emakumeak tinko jarraitzen zuen bere jarreran, nire arrazoinamendu guztiei “Nik agindua bete besterik ez dot egiten” behin eta berriz erantzunaz.
Inozoa ni! Agindua betetzen ari zen langile bati nenbilen nire arrazoiak azaltzen. Parke eskatuz, luzatu nion nire ESPAINIAR DNI-a. Honela, ESPAINIAR DNI-a agertuz sartu nintzen BIZKAIKO FORU ALDUNDIKO HEMEROTEKAN, KULTURAKO DIPUTATUA ETA PNVko KIDEA DEN JOSUNE ARISTONDO ANDEREAREN AGINDUZ!
Gertaera honen aurrean, hona nire gogoeta-galderak.
Nolako aurpegia jarri ote zuen Josune Aristondo andereak PNV bere alderdiko lehendakariak eskatu zuenean “exprimir al máximo las herramientas del autogobierno con que contamos”?
Edo-eta, Josune Aristondo anderea bera ere ez ote da, PNVko beste kide asko bezala, “garai” bakoitzeko egoeraren arabera “koherentea” den PNVko beste kide bat?
Edo-eta, Josune Aristondo anderea bera ere ez ote da, PNVko beste kide asko bezala, garai bakoitzean Madrileko Gobernuan nagusitzen den haizearen arabera “koherentea” den PNVko beste kide bat, garai bateko PNV-n hain entzutetsua egin zen “Estar cómodos en España” dotrineari jarraituz?