Aurten orain arte 50 emakume hil dituzte. Euren erru bakarra emakumeak izatea. Ez da kasualitatea, urtero urtero hainbeste emakume hiltzea. Indarkeria matxistaren alde basatiena.
Emakumeon zapalkuntzan oinarritzen den egiturazko indarkeria sexista. Egunerokotasunean eta edozein alorretan naturalizatuta eta barneratuta duguna. Askotan konturatu barik, gehienetan era finean ematen baita. Egun, pentsa ezina da adibidez, emakumeak gizonen ondasuna izatea Erdi Aroan bezala. Baina kontuz, formak aldatu badira ere oraindik emakumeon gorputzak patriarkatuaren menpe daude. Gogoratu abortua, 90-60-90, esklabutza sexuala,…
Ezinbestekoa da indarkeria matxista identifikatu eta antzemateko baliabideak eskuratzea, batez ere neska gazteek. Izan ere, askorek uste dute gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortu dugula. Eta horrek oztopatu egiten du matxismoaren aurrean kontzientzia hartu eta erantzutea.
Emakumeen aurkako indarkeria denon ardura da. Ez da arazo pribatua edo bikoteen arteko kontua. Adin, maila sozial eta herrialde guztietako emakumeek jasaten dute etxean, kalean, lanean, ikastetxean,…
Denon esku dago emakumeen aurkako jarrerak onartezinak direla erakustea. Beste aldera begiratu beharrean hain barneratuta ditugun mezu matxistak zalantzan jarri eta zuzentzea denoi dagokigu. Emakumeen aurkako indarkeria sorrarazten duten arrazoiak deuseztatzeko eta errespetuan eta berdintasunezko harremanak bultzatzeko.
Erakunde publikoei indarkeria matxistarekin amaitzeari lehentasuna eman eta behar diren baliabide guztiak ezartzea eskatzen diegu. Emakumeok autonomoki bizitzeko dugun eskubidea bermatuko duten neurriak hartzea, alegia.