
Euskal Herrian bizi garenok, independentzia eskubidea daukagu. Herri bat lur eremu batean bizitzen denean, ez dio bere lurra ematen datorren lehenari. Herri baten lurraldea bortxaz konkistatzea krimenik handiena da, beraz, Espainiak eta Frantziak lapurtu ziguten independentzia ez da inoiz preskribatuko, ezta egin zuten delitua ere.
Abertzale sentitzen garenok argi eta garbi eduki behar dugu, nondik gatozen, zer izan ginen (Europako nazio libre eta subirano bat), zer egin ziguten eta egun nola gauden. Beraz, independentzia geure herriak eta euskarak bizirik irauteko duen bide bakarra da. Ez dago erdi biderik. Eskubide historikoak aldarrikatzen dugunean, zer esan nahi du horrek?.. Independentzia eskubidea. Estatutoa edo autodeterminazioa eskatzean premiarik garrantzitsuena bigarren mailan ipintzen da, arazoa luzatuz.
Gure lurra defendatzeko eskubide osoa daukagu. Geure duintasuna eta etorkizuna dago jokoan. Beraz, herritarrok alderdiek baino haruntzago joan behar dugu. Alderdi eta organizazioetatik aparte desobedientziaren borroka nola egin pentsatu behar da eta berau garatu.
Independentzia” hitza, madarikatuzko hitza dirudi. Berau aldarrikatzen dugunean espainiarrek gu iraintzea “normala” iduritzen zait. Baina euskal alderdi abertzalea izan, eta egun, hitz horri beldurra izatea edo aipatu ere ez nahi izateak, dena adierazten du horrek. Agortuta dagoen egungo eredu autonomikoaren aldeko apustua egiten jarraitzeak, gaurko eredu sozio-ekonomiko bera onartzea, bi diskurtsotan beti aritzeak (urtean behingo subiranotasuna eta beste egun denak Madrilen gustokoak) ez gaitu gauden zulo beltz honetatik aterako.
Egun, gure herria, larrialdi egoeran dago: Langabezia, suntsipen handiko murrizketa ekonomikoak, gizarte ongizatearen desegite, pobrezia eta baliabide eskasian dauden familien ugaritze, terrorismo finantzarioa, hipoteken legea eta etxeen desjabetze bankuen alde, kapital ihesak, iruzur fiskalak, euskal preso eta iheslarien egoera, bakea nahi dugunoi jazarpen polizialez erantzutea….. Menpekotasunean bizi beharraren ondorioak dira hauek.
Dokumentu interesgarriak aurkitu ondoren, gogora ekarri nahi dut, 1935.eko azaroaren 28an, Madrileko Diputatuen Kongresuan izandako osoko bilkuran, (II. Errepublika garaian), Telesforo Monzon, José Antonio Agirre eta Manuel de Irujok esan zituzten hitzak gure herriaren (Euskadi) defentsan.
Donostiako Urumea frontoian (1935.11.24), EAJ-PNVek egin zuen mitinari buruz aritu ziren Madrileko Diputatuen Kongresuan. Hogeitazazpi dipatutu monarkikoek sinatutako idatzi-mozio antzeko bat erregistratu zuten, bertan eztabaidatu eta epaiketa bat izan zedin Urumeako hizlarien aurka nahiz eta diputatuen ganberak konpentziarik izan ez horretarako.
Idatziaren lehen zerrenda burua zen Jose Calvo Sotelok hartu zuen hitza. Espainiaren batasunaren apología sutsua egin ostean, errepublikano dipatuek ere txalotu egin zuten. Urumeako mitinean, jeltzaile hizlariek, (Diputatuak Madrilen) esandako hitzak ekar zituen gogora; subertsioa, separatismoa, irainak, Espainiari gorrotoa, e.a., zirela esanez, beraz, delitua: ….“Hay que seguir el camino de Cuba y Filipinas….” ..”Queremos una patria libre y soberana, la conquista de la libertad plena que necesita nuestro pueblo”….” y Euskadi es la patria de los vascos….
Erreplikarako txanda eman ziotenean, Telesforo Monzonek, hizlarien tribunatik, (labur bilduz) honela mintzatu zen: …”voy a ser sincero y muy respetuoso con sus señorías”… “porque es hora ya de que digamos aquí lo que decimos allá..” “..Señores Diputados, os asustáis porque nosotros hablamos de nación, de patria, de soberanía”… “Queremos estructurar una Constitución política para nuestro país”.. ..”Hay una parte de la historia de España donde nuestro pueblo era libre y soberano”… …“para poder entender, para poder solucionar los conflictos, lo primero que hace falta es no creer en prejuicios y enfrentarse cara a cara con los problemas y no perseguirnos”…
José Antonio Agirreri txanda heldu zitzaionean, honek honako hauek esan zituen: …“Soy nacionalista vasco, y por lo tanto proclamo la nacionalidad vasca. La nacionalidad vasca, Euskadi, con plena soberanía sobre sus propios destinos”… Manuel Irujok ere hitz berdintsuak erabili zituen….” No queremos más soberanía que la que se recibe de la Historia, la que nos dieron Nabarra, Bizkaia, Guipúzikoa y Araba…
Gaur egun, EAJ-PNVek inola ere ezin du diskurtso hau egin, ezker abertzaleari arrazoia ematea suposatuko lukeeleko neurri handi batean, ez dira ausartzen, eta bestalde, ordea, beste interes batzuei begira dagoelako. Beraien helburua Ajuria Enea berreskuratzea izan da eta iritsi dira. Polítiko profesionalen eskuetan jartzen bada gure etorkizuna, akabo. Zergatik? Dirua eta interes pertsonalak daudelako jokoan eta ez herria. Abertzaletasun erromantikoa ote zen ba EAJ-PNVren 1935ko Urumeako mitin hura?.. Ez, inola ere ez, benetan sentitzen zuena baizik. Gaur ordea, nere ustez, sentimentalismoa, erregionalismoa eta folklorea dira nagusi, menpekotasuna onartuz eroso bitzitzea eta herri borrokari bizkarra ematen jarraitzea. Gure herriak polítiko, ekonomiko, sozial eta kulturalki bizirik irauteko duen bide bakarra, independentzia eta sozialismoa da.
Hauteskundeak izaten diranetan, ustez gu instituzioetan ordezkatuko gaituztenei ematen diegu botoa. Egia esan, inoiz ez dut federik izan hortik ezer honik guretzako etor litekeenik egungo marko jurídiko politikoari erreparatzen badiogu. Hala eta guztiz ere konfrontazio demokratikorako eta herri klabean aritzeko baliagarria izan daiteke neurri mugatu batean, eta kito.
Euskal Herriak bizi duen larrialdi egoera honi buelta emateko herria altxatu behar da, errebelatu. Beraz, instituzioak eta alderdiak utzi aparte, eta herriaren presioa, masen-mugimentuak eta desobedientziari ekinez aldaketak etorriko dira. Etorkizunaren giltza herri antolaketak du. Gure helburua independentzia da, eta lortu bitartean, eskubide historiko hau inoiz ez da preskribatuko. Oztopoz betetako bidea izango da, badakigu, baina ez ezinezkoa, begiratu bestela azken urteotako Europako maparen aldaketa. Beraz, ¡Ekin eta jarrai¡
Pello Aramaio Etxaburu. (Preso ohia).