PNV eta Deia guzurretan dabizela salatu dau Ondarruko Bilduk

bildu.info/ondarroa

Badakigu hauteskunde kanpainan gaudela eta Ondarroako PNVk Bildurekin duen jarrera erasokorra are gehiago nabarmendu daitekeela egunotan. Gezurrak asmatu eta zabaltzeraino heltzea ordea, ez dakigu urduritasun kontua ala zer den, baina ez dugu onartuko.

Irailaren 20ko Deia eta El Correoren edizio digitaletan, Ondarroako Udalak udal langileei gabonetako paga gehiagarria ez ordaintzea erabaki duela argitaratu zen, Ondarroako PNVren adierazpen gisa. Irailaren 21ean, aldiz, Deiaren paperezko edizioan, berri berbera agetru zen, Laura Mintegik bezperan izandako ekitaldiko erreportaiaren aldamenean, oso nabarmendua. Baina oraingoan, Ondarroako jeltzaleen berbetan barik, erabakia (paga gehigarria ez ordaintzea) egintzat ematen zen Humberto Unzueta kazetariaren ahotan.

Baina zer da Ondarroako Bilduk egin duena? Ba aparteko diru-poltsa bat sortu du eta soldata gehigarria bertan laga du. Horrela, Madrilek soldaten boltsatik gabonetako dirusaria ordaintzen lagako ez balu be, boltsa berri horretatik ordainduko luke ordainsaria. Hain zuzen ere, diru mugimendu hau paga gehigarria ordaindu ahal izateko egin du Ondarroako Bilduk. Baina Ondarroako EAJk gezurra esan eta dena nahastu nahi izan du.

Behin behineko langileei hileroko soldatan gabonetako pagaren gehigarri proportzionala eman izan bagenio (Raxoiren dekretua medio), ziur gaude PNV izango zela lehenrngoa horren kontrako erreklamazioa aurkezten, orain arte egin duen bezala.

Ez da ahaztu behar Zapateroren 8/2010 dekretua (udal langileen %5eko soldata jeitsiera agintzen zuena), lehen unetik aplikatu zuela EAJk. Gainera, aurten udal brigadaren soldaten %10eko igoera salatu du PNVk, eta horren kontra erreklamazioa sartu du. Eta Lea Artibaiko Mankomunitatean lan konbenioaren negoziazio mahaia hautsi dute jeltzaleek, Bilduk eta langileen ordezkaritzak langileen soldatentzako proposatzen zutenak Madrildik agindutako dekretuek onartzen ez dutela argudiatuz.

Hortaz, nola liteke, egun batean ondarroako PNVk kale garbiketarako langileen soldata igoera kritikatzea eta, aldi berez, Bilduko udal gobernuak gabonetako ordainsariarekin hartu duen erabakia kritikatzea? Erabakia, ondarroako udala eta udal langileak kaltetuak ez izateko hartu dugu, baina PNVri ez dio axola gezurra esatea, Bildu erasotzeko balio badio.

Uste dugu Ondarroako eta nazio mailako PNV itsutu egiten direla Bilduren kontra ekitean. Badirudi ez direla konturatu gabonetako ordainsari dagokion erabakia, adibidez, udal batzak erabakiko duela eta ez udal gobernuak. Ondorioz, udalbatzak hartu behar badu erabaki hori eta udalbatza hori oraindik egin ez bada, gezurretan dabiltza.

Honen aurrean honakoa galdetu nahi diogu bai Ondarroako PNVri, bai Deiako kazetari Humberto Unzuetari, posible da zuzentzea eta egia bere osotasunean esatea?

Gertakaria oso larritzat jotzen dugu. Hauteskunde kanpainan edota kanpainatik kanpo Bilduren erabakiak kritikatzea zilegi da, ez ordea egin ez duenikpublikatzea. Eta larria da oso etekin alderdikoiak medio gezurrak zabaltzeraino heltzea.

Beraz, Deiari, gezurra zabaltzeko baliatu zen orrialde berberetan zuzenketa exijitzen diogu, horrela egin ezean artikulua sinatu zuen kazetariaren kontra salaketa jartzea aztertuko dugu.

Ondarroako Bildu, Ondarroan 2012ko irailean