Leire Beitia eta Iera Arantzamendi (Euskara zinegotzia eta euskara lan taldeko kidea)
Ondarroa UEMAn sartu da. Zer ekarriko dio horrek herriari?
Esan beharra dago 2000. urtean Ondarroako udala UEMAn sartu zela eta horren eraginez hainabat aurrerapauso emon ziren euskararen normalizazio bidean, bai herrian eta baita udalean bertan ere. Baina 2006an zuzenbidearen kontrako erabakia zela-eta epaitegiek UEMAtik kanpo utzi gintuzten. Geroztik, arazo hori konpontzeko UEMAko estutuak aldatu badira ere, Ondarroako Udala ez da berriro UEMAko kide egin, borondate faltagatik.
Guretzat euskararen normalizazioa lehentasuneko gaia da eta bide horretan UEMA erankunde garrantzitsua dela uste dugu. Ondarroan euskera izan da eta da etxeetan jaso eta trasmitzen den berba; admistrazioan ere horrela izan behar dela uste dugu. Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatuan euskaraz izan dadin urratsak emango ditugu.
Beste proiektu batzuk ere martxan ipini dituzue: irakurle kluba, euskara ikastaroak…
Bai. Gure helburua esparru guztietan euskaraz bizi ahal izatea da. Horretarako herritarrak euskaldunak izan behar direla uste dugu, eta hori horrela izan dadin etorri berrientzat euskara ikastaroak antolatu ditugu. Irakurle kluba euskararen erabilera eta trasmisioarekin lotzen dugu, batipat euskaraz egindako literatur lanak bultzatzeko.
Kontziente gara oraindik gune asko erdaldunak direla, eta gu geu izan behar garela euskera eta Euskal Herriko kultura trasmititu behar ditugunak.
Osterantzean, zein helburu dauzka batzordeak datozen hilabeteetarako?
Esan bezala, gure helburua euskararen normalizazioa da, udaleko lan eta zerbitzu hizkuntza euskara izatea. Bide horretan udaleko lanerako hizkuntz irizpideak finkatu ditugu, eta aurrerantzean euskararen ordenantzak aldatzea litzateke gure zeregina.
Bestetik urteetan eman ohi den Agustin Zubikarai saria gehiago herriratu nahian gabiltza, herri mailako beste lehiaketa bat antolatu asmoz ere bagabiltza, eta guztiak batuko dituen literatura astea antolatu nahi dugu. Abendurako herri hizkeraren inguruko jardunaldiak antolatzen ere bagabiltza.
![P1040138-300x225[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2012/08/p1040138-300x2251.jpg?w=636)