Gaur be ondarrutarrok atxiloketan kontra batu gaz. Horretaz gain, Gernikako Akordixu sinatuben herriko elkartik Alamedan prentsa aurreko einddabe, atxiloketak salatu eta Espainiko eta Frantziko estatuai Gernikako akordixu beteteko eskatzeko.
Bestetik, gaur jakin dou Xabi epailin aurretik pasa dabela Parisen.
Akordixun sinatzailik irakurri daben testu, hamen:
Lehenik eta behin frantsez eta espaniar estatuei, blokeo egoera hau luzatzen duten jarrerak alde batera uzteko eta ahalik eta azkarren elkarrizketaren bidea hartzeko exigitzen diegu. Elkarrizketa baita bakerako dugun bide bakarra.
ETA-k Gernikako Akordioan eskatzen zitzaiona bete du, behin betirako ekintza armatua alde batera utziz. Hala ere, frantziak eta espainiak entzungor egiten dute berriro ere. Bi estatuen jarrerak, oso larriak izateaz gain, euskal gizartearen gehiengoaren bake eta konponbide nahia zapuztu nahi dute.
Gure estez, gatazka eta errepresioari loturiko edonolako atxiloketa lekuz kanpo dago gaur egungo testuinguru politikoan, eta bake egoera bat eratzeko ibilbidearen aurka jotzen du bete betean. Are eta asaldagarriagoa suertatzen da inkomunikazio erregimena eta honek ahalbidetzen dituen torturak gertatzea; edozein testuinguru politikotan onartezina dena giza eskubideen ikuspegitik.
Horregatik eskatzen dugu:
-Atxilotuak berehala epailearengana eraman eta aske uztea.
-Inor gehiago ez atxilotzea, atxiloketak betirako amaitzea.
-Inkomunikazio erregimena derogatzea eta legislazio antiterrorista berezia eta urratzailea bertan behera uztea. Eta bitartean Torturaren Aurkako Taldearen protokoloak biltzen dituen torturak sahiesteko neurri guztiak ezartzea.
Azkenik hemen elkartu garen guztiok atxilotuen senide eta lagunei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu.


