Audientzia nazionalera, preso baten kamiseta jazteagatik

Antxoa egunean lagunekin atera ginen parrandatxoa botatzera Ondarroan. 34ra heldu ginenean, pertsona batzuk euren artean liskarrean zebiltzan. Tartean sartu ginen eta giroa lasaitzea lortu genuen. Lanean zegoen kamareroak eskatuta, liskarrean zebiltzanetako bati autobus geltokira lagundu nion, beste herri batekoa zelako eta nahiko mozkortuta zegoelako.

Bidean Ertzaintzaren patruila bat agertu zen, ustez liskarra zela-eta 34ra zihoana. Gure ondoa gelditu eta soinean neraman kamiseta ikusi zuten: Eneko askatu ipintzen zuen, eta Eneko Etxaburu presoaren argazkia agertzen zen. Segituan, kamiseta hori kentzeko eskatu zidaten, eta identifikatzeko, oso modu txarrean. EHNA aurkeztu nien, eta eurei polikiroldegiko txartelik ez erakusteko esan zidaten, horri “gilipollas” eta halako insultoak gehituta. Euskaraz berba egiteko eskatu nienean bultza egin zidaten, eta popatik hartzera joateko esan. Eurei ere identifikatzeko eskatu nien, eta ez zeukatela zertan identifikatu erantzun zidaten. Bitartean, borrokan egin zuenari joaten utzi zioten, baina niri ez.

Kasualitatez neure aita agertu zen momentu horretan, eta berak ere azalpenak eskatu zizkien. Handik ospa egiteko esan zioten. Tentsioa gero eta handiagoa zen. Aitak identifikazioa eskatu eta hau apuntatzeko boligrafoa eskatu, eta ukatu egin zioten hari ere.

Tarte luzea eduki ninduten bertan, kamiseta kenduta. Denbora guztian intsultuak eta irainak botatzen zizkidaten. Orain, kamiseta hori eramatearren terrorismoa goratzea leporatu didate, eta denuntzia Audientzia Nazionalera bidali dute. Komisariara joan gara atestatua eskatzera, eta ez digute eman, prozesu judiziala hasita ei dago eta.

Guk ere salaketa sartu diegu ertzainei, ez identifikatzearren, euskaraz hitz egiteko eskatu eta insultatzearren eta euren botereaz abusatzearren.

Ez da ertzain horiek nire kontra egiten duten lehenengo aldia. Aurretik ere mehatxatu izan naute, eta lanera kotxean jarraitu. Dena herriko mobilizazioetan parte hartzearren. Horixe da jendea beldurtzeko euren teknika.

Halakoxe jende modua dago ertzaintzan, herritarrak iraindu eta euskara mespretxatzen duena. Hauen helburua ez da herria zaintzea, inposatutako legedi arrotzak herritarroi inposatzea baino!

Arkaitz Otxoantesana