Espainia eta Frantziarekin hitz egiteko ordezkaritza izendatu du ETAk

Espainiako eta Frantziako gobernuekin elkarrizketa zuzenak abiatzeko ordezkaritza izendatu du ETAk, France Presse berri agentziari bidalitako agiri batean dioenez. ETAk gogoratu du iazko urrian Aieteko Konferentzian elkarrizketa eta akordioaren beharra nabarmendu zutela, ETAren eta gobernuen artean gatazkaren ondorioak gainditzeko, eta euskal eragileen artean bake egoera egonkor eta iraunkorra sortzen lagunduko duten akordioak erdiesteko. Konferentziatik hiru egunera jakinarazi zuen ETAk jarduera armatua behin betiko bukatu duela. ETAk uste du Aieteko Adierazpena bere osotasunean garatzeko baldintzak badaudela oraingo agirian eta gaineratu du bere deiari bi gobernuek luze gabe erantzun positiboa eman beharko lioketela.

NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak maiatzaren 4an zioen ETArekin harreman zuzena izan berri zuela eta hark esan ziola prest dagoela bi gobernuekin su-etenaren egiaztatze fasea atzean utzi eta behin betiko irtenbideak emateko fasera igarotzeko. Mezu hori zabaldu zuten egiaztatzaileek Bilbon, Euskal Herriko alderdi politiko eta gizarte eragileekin egindako bileretan.

ETA: Europako komunitateak eta Europako instituzioek zabaldutako prozesua babesteko eta sustatzeko erronka dute, Europako bihotzean dirauen gatazka historiko honi behin betiko konponbidea eman ahal izateko. Hori da ETAren nahia eta konpromisoa.