ARTIBAI EGOITZAREN AURREKO ZUHAIZTIA…, TXAKURREN KAKALEKU!

XX. gizaldiaren hasieran, 1900. urtean, “Alameda” delako Zuhaiztia landatu zen Ondarroako “Ensantxea”n. Zuhaizti horri, urteetan zehar, izen ezberdinak jarri izan zaizkio. Baina, “Alameran batuko gara” esan eta ondarroar guztiok bagenekien nora joan, inolako errakuntza eta zalantzarik gabe. Izan ere, “Alameri” izan da ondarroarrok urte askotan herrian ezagutu izan dugun zuhaizti bakarra.

Bai ondotxo zaindu ere “Alameda” hura!

1901. urtean beste 14 zuhaitz berri landatu ziren Alamedan, eta hauen kerizpean eserlekuak ere jarri ziren herritarren atsedenerako.

Eta urte berean, abenduaren 8an Ondarroako Udalak egin zuen bileran zuhaitzak inausteko langile bat bialtzeko Egileor perito agronomoari eskatzea erabaki zuen (OUOBAL 1894-1903, 455. or.)

Ondarroako Udalak 1907ko martxoaren 17an egin zuen bilerako agirian zera irakur daiteke: “Se acuerda también escribir a Eguileor para que si estamos a tiempo mande un oficial para la poda de los árboles de la Alameda y encargar dos sacos de abono para los mismos” (OUOBAL, 1906-1909, 83. or.).

1985. urtean, Artibai Egoitzaren eta Ondarroako Institutoaren artean landatu ziren zuhaitz batzuk. Urteak iragan eta zuhaizti hori egonleku eta pasialeku atsegina bihurtu zen, eserleku eta guzti.

Zuhaizti horren apaingarri, 1994. urtean kokatu zen bertan eskultore georgiar batek Ondarroako herriari oparitutako harrizko eskultura. Gaur egun ere eskultura horren aurrean honako oroitarri-eskaintza hau irakur daiteke: “ASKATASUN IZARRA. Djemal Bjalaya, eskultore georgiarrak Ondarroako herriarentzat egina. 1994.08.28”.

Opari horren fetxak badu esanahi berezia ondarroarrontzat. Frantziako Iraultzako soldaduek, duela berrehun urte, Ondarroa erre zutenekoa gogoratzen baitigu!

Zuhaziti hau, gaur egun, oso hurbil dagoen Artibai Egoitzako adineko pertsona askorentzat eguneroko atseden-toki eta pasialeku baketsua bilakatu da.

Baina… Zorigaiztoko baina!

Zuhaizti horretara egunero hurreratzen diren hainbeste ikasle eta pertsona adintsuekin batera, han agertzen dira txakurrak ere. Batzuek, euren zaintzailea alboan dutela. Gehienak, bakarrik, zaintzailerik gabe. Batzuek eta besteek eurak txisa eta kaka egiten dituzte zuhaitzen artean dagoen belardian.

Esker ona Zuhaizti horretan ibiltzen diren pertsona adintsuen partez zuoi, zuon txakurrek egiten dituzten kaka-mokordoak orritxo baten biltzen dituzuenoi. Banakak, zoritxarrez.

Baina, beste txakurren kaka-mokordoak han gelditzen dira. Zuhaiztiko belardia kaka-mokordoz beteta.

Honen lekuko duzue, ondorengo argazki sorta:

Argazki hauetan nabarmentzen den Zuhaiztiaren egoera zinez penagarria da. Are gehiago, pasiatzeko daukagun ibilidean bertan ere, txakurren kaka-mokordoak sahiesten ibili behar izaten dute persona adintsuek.

Eskerrak, udal zamar biltzailea tarteka agertzen den eta ibilbideko kaka-mokordoak eta Institutuko eta Arrantza Eskolako ikasleek lurrean botata uzten dituzten hondakinak biltzen dituen…

BAINA, ZAMARREROAK KAKA-MOKORDOAK ETA HONDAKINAK BILTZEA EZ DA HERRI AURRERATU BATI DAGOKION IRTENBIDEA. TXAKUR JABEEK, BAKOITZAK BERE TXAKURRAREN KAKA-MOKORDOAK BILTZEA, ETA INSTITUTO ETA ARRANTZA ESKOLAKO IKASLE GAZTEEK EUREN HONDAKINAK ZAMARONTZIETAN UZTEA… HAU DA ONDARROA MAITE IZATEA!.

ONDARROA MAITE BADUGU, ZAINDU DITZAGUN GURE ZUHAIZTIAK!

Ondarroan, 2012ko apirilaren 24an.

Argazkiak: Yolanda Eizagirre Urkiola “Txiki” eta Luken Otxoantesana Badiola.