Ondarruko historiazalik Plaiko Zubixan urteurrena ospatu dabe gaur, dantza, kanta eta bertso artin. Aldarrikapeneako tarteik be ezta faltan egon: zubixan egiturak ugarrak janda daz, eta konpontzeko eskatzeko sinadura bilketi hasi dabe. Erakusketi beste bi egun egongo da zabalik Erakusketa Aretun, eta bertan eukiko dozue sinatzeko aukeri. Behin, OHZk gaur irakurri daben testu eta argazkixak.
Plaiko Zubixak 85 urte bete ditu. Hamarkada hauetan gauza asko ikusi ditu bertatik pasatzen: Mende hasierako turistak, Gerra Zibileko soldaduak, ordaindu gabe pasatu nahi zuten haur bihurriak, hondartzaren aldeko manifestazioak… Bere ingurua aldatzen ere ikusi du: alamedaren konponketak, plai txikiaren desagerpena, Kalatrabaren zubi berria… Urteak joan eta urteak etorri, Ondarroa aldatzen joan da; baina plaiko zubixe beti hortxe egon da, denboraren joanari eusten. Ez du meritu makala, hainbeste urte zutik iraun du eta.
Baina denborak denoi eragiten digu, eta zubiak ere bere burdinak ugartzen eta egurrak zulatzen ikusi ditu. Horregatik poztu ginen hainbeste zubia konpondu behar zutela esan zutenean. Behingoz, gure herriko altxor ederrenetarikoak merezi zuen tratua jasoko zuen. Udalari ere idatzi genion, zorionak ematen. A zelako atsekabea hartu genuen, konturatu ginenean egurrak eta barandillak konpondu zizkiotela bakarrik! Barrutik ugartuta eta janda jarraitzen du zubiak, eta ez dakigu zenbat urte iraun ahalko duen horrela.
Plaiko zubixe monumentu berezi-berezia da. Munduan osoan gutxi dira modu honetako zubi birakariak. Beste herri batean edukiko balute, zubi hau beste edozer baino gehiago zainduko lukete. Guk, ondarrutarrok, jausten lagako ahal dugu halako monumentu ederra? Ondarroak eraikin eta txoko asko galdu ditu azken urteetan (Zaldubide, Kofradiako bolatokia, ontziolak…), beste asko be galtzekotan gaude (Veganeko Hotela…). Geure monumentu eta txokoak zaintzeko konpromezua hartu beharra daukagu, berandu baino lehen. Lan horretan denok inplikatu behar gara, bai herritarrok eta baita erakundeok ere.
Zorionak Plaiko Zubixe, eta zoixonak Ondarru! Ea beste 85 urte barru hemen batzeko aukera daukagun! Hala izan bedi!




