Esteban Muruetagoiena omentzeko eta torturaren aurka igandean Oiartzunen burutuko den ekitaldia aurkezteko agerraldia burutu du gaur Ezker Abertzaleak. Ekitaldia igandean izango da, apirilak 1, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, 12:30etan
Esteban Muruetagoiena medikua, ondarrutarra sortzez eta Oiartzungo bizilaguna, 1982ko martxoaren 16ean atxilotu zuen guardia zibilak. Martxoaren 25ean askatu zuten eta hiru egunetara hil egin zen, jasandako torturen ondorioz.
Esteban Muruetagoiena medikuaren atxiloketaren zergatia ez du inoiz argitu Estatu espainiarrak, baina arrazoietako bat argi dugu: bere mediku jardueratik indar polizial espainiarren polizia etxeetan atxilotuek jasaten zituzten torturak salatzeagatik.
Gaurko egunean, Ezker Abertzaleak salatu nahi du torturaren erabilpena ez dela ez antzinako gauza, ez polizi indarretako kide batzuk era isolatuan garatu duten jarduera.
Tortura euskal independentismoaren aurka era sistematikoan erabili den tresna bat izan da eta gaur egunean, zoritxarrez ere oraindik ere bada.
Azken hamarkadetan, milaka izan dira torturak salatu dituzten euskal herritarrak eta bost torturapean hildakoak: Joxe Arregi, Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro.
Azkeneko salaketak orain aste gutxi izan dira: Guardia Zibilak atxiloturiko Iñaki Igerategi eta Juani Otaño andoaindarrak.
Garai berri bat ireki da Euskal Herrian: konponbide urratsak eman dira eta gatazkaren behin betiko konponbiderako aukera ireki da
Horrela, Estatuek euren salbuespeneko lege eta politiken aldamio guztia eraisteari ekin behar diote. Tartean noski, tortura ahalbidetzen duen inkomunikazio aldia. Torturak behin betiko desagertu behar du. Errepresioak behin betiko eten behar du.
Konponbide prozesuan aurrera egiteko, ezinbestekoa da Estatuek blokeo eta errepresioa estrategia albo batera uztea. Salbuespenezko politikak alboratu eta konponbidearen eragile proaktibo bihurtu behar dute bi Estatuak.
