BLOWING IN THE WIND

“Konponbide haizea dabil” adierazpenarekin azken bi urtetan emandako urrats bakoitzarekin moduan hautsak harrotu ditu ezker abertzaleak. Denek izan dute mintzagai, ohi moduan kritikatzeko izan bada ere. Euskal jendartearen haizeak brankaz jotzen ditu ordea. The wind that shakes … Garagarra?

Indarkeria eta zapalkuntza egoeratik bidezko bake iraunkorrera eramango gaituen trantsizioa egiteke dago oraindik Euskal Herrian”.  “ETAren erabakiak ez du bakea ekarri, ez du indarkeria guztien amaiera ekarri”. Hilabete honetan mugaren bi aldeetan jarraitu dute atxiloketek. Ondorioz torturak. Torturapean ateratako deklarazioetan oinarritutako espetxe eskaerak Asier, Ibon, Xeber, Urtza, Zunbeltz, Olaitz eta Igorrentzat. 117 urte denera. Zenbat urtez bizi daiteke pertsona bat, aske izatea baimentzen zaion aurretik? Zenbat aldiz biratu dezake gizonak burua, ez ikusiarena eginez?

Donostiako adierazpenarekin beste ekarpen bat egin da, trantsizioa oinarri politikoen baitan egin behar delako, ez norbaitek eskatu duelako ezta norbait pozteko ere. Norbere erantzunkizunetatik. Aieteko Adierazpenak markatutako bide orrian beste ekarpen bat da. Atentzioa ETAren biktimekiko izandako jarrerarekiko autokritikan jarri dute askok, adierazpenak dituen beste indarguneak estali nahian edo. PP eta PSOE modu erasokor eta bortitzean oldartu dira adierazpenaren kontra. Ez nahikotasunaren diskurtsoa da nahikoa ez dena. Ezker Abertzaleak beste urrats bat gehiago eman du besteek bat bera ere eman ez dutenean.

PNVk, orain arte bezala, euskal jendartearen sentimenduetatik baino PPeta PSOErengandik hurbilago kokatu du bere burua. Gernikako Akordioan, Bilboko manifestazioan, Donostiako adierazpenean aurkitzen ez duen lekua, Madrilen PP-PSOEren aldamenean aurkitu du.

Igandean ezker abertzaleak euskal herrian arma guztiak behin betirako indargabetzea eskatu du. Estatuak bereak ez dituela erabiliko esatea soilik, ez nahikoa izan arren, aurrerapausoa lizateke. Zergatik ez dute Egiaren Batzorderik nahi? Independientea eta nazioartekoa den batzordea, politikoki neutrala. Beldurra al diote egia osoa ezagutzeari? Zergatik uko egin Elkarrizketari eta denen artean adostutako Akordio Demokratikoari? Horiek dira Ezker Abertzalearen adierazpenaren edukiak. Erantzuna, lagun, haizean putz eginez dabil.