Borrokaldi horren 75. urteurrena handiki ospatzen eta gogoratzen ari da egun hauetan Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herritan.
Ondarroako herriak ere badu zergatik gogoratu 1937ko martxoaren 5eko arratsalde hura.
Arratsalde horretan, hain zuzen, Eusko Itsas Gudarosteko “Nabarra bou” armatua, “txikiak handiari aurre eginaz”, “Canarias” Espainiako guda-ontziaren kanoikaden ondorioz betirako hondoratu zen Kantauri itsasoan.
Bertan galdu ziren gudarien artean baziren bi ondarroar ere.
Bata, Jose Aramaio Markuerkiaga. Segundo Arkotxa Solabarrieta, bestea.
Jose Aramaio Markuerkiagak timonel postua betetzen zuen. EAJ-ELA bere joera pokitikoa. 37 urte zituen hil zenean.
Bere heriotzako orduan, bere alboan aurkitzen zen Jabier Olabeaga “Nabarra”ko 2. ofizialak honela gogoratuko zuen Jose Aramaio Markuerkiagaren heriotza:
“Aproximadamente a las dos horas de iniciado el combate, estábamos el timonel y yo en el puente cuando en uno de los disparos del Canarias, entraron trozos de metralla por la puerta de babor que estaba abierta. Uno de éllos alcanzó de lleno en la espalda al timonel Jose Aramaio, haciéndole un gran boquete. Murió en el acto” (C. Blasco Olaetxea, “Dialogos de Guerra – Euskadi 1936”, 63. or.)
Geroago, eta Blasco Olaetxearen galderari erantzunez, zera adiearaziko zuen: “… Otra situación que me ha dejado un hondo recuerdo fué ver caer muerto al timonel, Jose Aramayo, con el que estuve durante todo el combate en el puente (Ibidem, 63. or.)
Segundo Arkotxa Solabarrieta, aldiz, 33 urte zituela hil zen, “Nabarra” guda-ontziaren kubiertan bertan, antza, “Canarias” guda-ontziak jaurtitako obus batek jota. Koipeztatzaile (engrasadore) lanak betetzen zituen. ELA sindikatua bere joera politikoa.
Bi ondarroar hauek Eusko Itsas Gudarosteko itsas-ontzi baten ikustean, batek baino gehiagok muzturra okertu duzue, sinesgogor keinua eginaz.
Egia da Ondarroako herria indar frankisten menpe zegoela 1936ko urriaren laua geroztik. Ondarroa zan Bizkaiko herri bakarra Francoren menpe zegoena.
Baina 1936ko irailaren azken egunetan, indar militar frankistak hurbiltzerakoan, Ondarroako arrantza-ontzien ihesaldi masiboa gertatu zen, dispertsio zabal eta mingarriari hasiera emanaz. Ondarroan zeuden 71 bapore eta motorretatik 12 soilik geratu ziren herrian. Gaineranzko 59 arrantza-ontziek -handienak eta indartsuenak- herritik alde egin zuten. Herritarrrez mukuru, alde egin ere!
Iparraldean babesa aurkitu zuten 12 arrantza-ontziak izan ezik, beste denak Bizkaiko beste portuetara sakabanatu ziren. Gehienak Plentzian eta Santurtzin bildu ziren.
Ihesaldi hura gertatu eta egun gutxira, Eusko Jaurlaritza sortu zen Jose Antonio Agirre lehendakari zela. 1936ko urriaren 15ean, Jose Antonio Agirrek Itsas Saila sortu zuen Defentsa Departamendu edo Sailaren baitan. Eta berehala deia egin zuen Eusko Itsas Gudarosteko itsas-ontzietarako bolondresak eskatuz.
BERROGEI ETA HAMABI ONDARROAR ARRANTZALE BOLONDERS AUKEZTU ZIREN. Denok 1936ko ihesaldian Ondarroatik alde egin zutenak. Hurrengo hilabeteetan borrokatuko zuten Euskadiko Gudontzidiko gerra-ontzi ezberdinetan.
Jaun Pardo San Gilen “Euzkadiko Gudontzidia. La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-39)” liburuan agertzen dira ondarroar gudari bolondres haien izenak.
Agur eta ohore zuoi, duela 75 urte “Nabarra”n bizia eman zenuten Jose Aramaio Markuerkiaga eta Segundo Arkotxa Solabarrieta ondarroar gudarioi!
Ondarroan, 2012ko martxoaren bostean
(Patxi Etxaburu Ajarristak ere sinatu du artikulu hau)
