Etorkinak… ondarrutarron eredu

Gaur, bazkal ondoan, irakurri dut GAUR 8, Gararen asteburuetako eranskinean, “Bidaideak” dokumentalari buruzko erreportaia interesgarria. Erreportaiaren bidez Euskal Herrian bizi diren emakume etorkin ezberdinek bizi -sufritzen, hobeto esanda- duten bizimoduaren berri jaso dut. Baita hunkiturik jaso ere.

Bereziki bihotza ukitu didate Hondurasko Norma Figueroa, bi seme-alabaren ama den hitzek: “Nire amak 11 seme-alaba izan ditu eta orain nire seme biak ari da hazten; gustura egiten du, baina batzuetan gaizki sentitzen naiz”.

Hitz hauek gure artean bizi diren hainbat etorkinen portaera txalogarria burura ekarri didate.
Azken urteetan, Posta Etxera joan naizen guztietan aurkitu dut etorkinen bat -sarritan, bat baino behiago- bere dirutxoa bialtzen bere jaioterrian bizi diren etxekoei.

Ziur nago gure artean bizi diren etorkinek ez dutela dirutzarik irabazten. Hala ere bai ondo be ondo betetzen dutela euren kulturan gizonezkoei dagokien eginbeharra. Aipatutako erreportaian emakume etorkin batek dion bezala: “Gure kulturan gizonak betetzen du diru hornitzaile papera”.

Ondarrutar guztion partez zorionik eta eskerrik beroena ematen diguzuen ikasbide eredugarriagatik. Zuok, etorkinok ere, zuon etxekoak eta jaioterria ahaztu gabe, gaur eguneko gure Ondarroa egiten ari zarete. Zuok ere ondarrutar peto-petoak zarete.

Ondarroan, 2012ko otsailaren lauan