Datorren otsailaren 5ean, Santa Ageda eguna dugu, eta 4an haren bezpera, eta ohiturak agintzen duen legez, euskaldunok lurra esnatzera aterako gara, egunak luzatu eta udabarria datorrela eskatzen, makilak astinduaz eta koplak kantatuaz.
Urtero legez, ondarrutar preso eta iheslarien senideak eta lagunak ere kalera aterako gara Santa Ageda bezperan, geu ere santaeskean eta urteroko koplekin, hemen azpian irakurriko dituzuenak. Halandabe, norbaitek KOPLA BERRIAK IDATZI NAHI BADITU bidali eindaigunbidi.blogspot.com-era edo Ein Daigun Bidi!ko lagunei eman, eta aurtengo “errepertorioan” sartuko ditugu. Eskerrik asko aldez aurretik.
Kantarien entsaioak ere datorren astean izango dira Txokoan, egun bitan eta iluntzean, eta kantuzale guztiok gonbidatuta zaudete gurekin etortzera.
Beraz, badakizue: hasi eztarriak eta makilak berotzen! EUP!
SANTA AGEDA BEZPERAKO KOPLAK • “EIN DAIGUN BIDI”
Santa Agedak sufritu zuen
Tortura eta kartzela
Esan liteke garai hartako
Egoeran gagozela
Etsaiak nola hil zuten bera
Fedea medio zela
Herri zahar honen fedea dugu
Agedarena bezela.
Bihotz barrengo karraxia zen
Agedaren abestia
Bere fedea azalduz beti
Nahiz odoletan bustia.
Herri zapaldu batek ez dakar
Kanta goxo ta eztia:
Aho batean eskatzen dugu
Gudarien AMNISTIA!
Izar gidari paregabeak
Zarete zeru beltzean
Nondik ta nora jo badakigu
Dizdira hori heltzean.
Nahiz espetxean gordeta eduki
Hor bakardade hotzean
Zuen irudi garbia dago
Herriaren bihotzean.
Demokrazia lortu ta gero
Ez ote goaz atzera?
Abertzaleak hartzen gaituzte
Kriminal arrunt antzera
Ohitura zahar hau dela medio
Kantuz gatoz eskatzera:
Errefuxiatu, deportatu eta
Preso guztiak ETXERA! (berriro)
