![fondo3[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2012/01/fondo31.jpg?w=636)
Deialdian esan bezala, gaurkoan Ezker Abertzaleak datorren igandean, hilak 29 Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegiri, eskainiko dion ekitaldia aurkeztu nahi du. Igandean, 11:30etatik aurrera Donostiako Victoria Eugenia antzokian burutuko den ekitaldiaren bitartez, Ezker Abertzaleak bere omena eta esker ona erakutsi nahi dio bere bizitzan zehar hainbeste merezimendu pilatu dituen abertzale handiari.
Izan ere, ekarpen erraldoia utzi digu Txillardegik alde askotatik begiratuta. Baina bereziki, bi izan dira bere borroka esparru nagusiak: aberria eta euskara, Txillardegi bera izan zelarik aberriaren funtsa hizkuntzan datzala defendituz bidea zabaldu zuena, ondotik hainbat belaunaldirentzat ikur bilakatuz.
Oparoa izan da, inondik ere, Txillardegiren politika eta kultura mailan buruturiko lan izugarriak utzi duen uzta, eta zalantzarik gabe bere lana funtsezkoa izan da Euskal Herriak, egun, bere etorkizunari zutik eta euskaraz erreparatu diezaion.
Matematikaria, filosofoa, politikaria, poeta, linguista, mistikoa, literatoa, Txillardegi asko aurki daitezke bidean, baina bere jarduna definitzeko klabeak hauexek: Maitatu, pentsatu eta ekin. Euskal Herria maitatu du; pentsalaria izan da, alor askotan bere ekarpenak utziz; eta ekintzailea, bere ideiak bururaino eramateko prest bizitza osoan zehar. Guztia, Euskal Herria euskalduna helburu hartuta.
Ekarpen zabal bezain aberats hori eskertu eta irudikatu nahi dugu datorren igandean “Agur eta ohore. Euskara, herriaren ondare” lelopean burutuko dugun ekitaldian.
Horretarako, kultur zein politika arloko lagun ezberdinek hartuko dute parte igandeko ekitaldian, bideoz zein musikaz lagundua izango dena. Musika arloan, Anje Duhalde, Erramun Martikorena, Oreka TX zein Eñaut Elorrietaren parte hartzea nabarmendu nahi dugu.
Txillardegiren ametsa zen abertzaleon arteko batasun eta elkarlana. Azken urteotan, pauso handiak eman dira norabide horretan. Zentzu horretan, Ezker Abertzalearen nahia da igandeko ekitaldia abertzaleon batasunaren ispilu izatea. Horretarako, deia luzatzen diogu herritar abertzale orori ekitaldian parte hartzeko, guztion artean Txillardegik merezi duen agurra eman diezaiogun.